Bertsoak

Aspertzeko betarik ez, Gipuzkoan eta Bizkaian, taldekako txapelketei esker

Bertso menu oparo eta dibertigarria izango dute zaleek Gipuzkoan eta Bizkaian datozen hilotan. Izan ere, martxan dira Gipuzkoako Herriarteko txapelketa eta Bizkaiko Taldekakoa. Txapelketak izanagatik, parte hartzea izango dute oinarri biek ala biek, baita ondo pasatzea ere. Gipuzkoako Herriartekoaren kasuan, 267 lagunek hartuko dute parte, 38 taldetan banatuta. Hainbat kanporaketaren ostean, maiatzaren 27an egingo dute finala, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Bizkaiko Taldekakoaren finala, ostera, ekainaren 3an jokatuko da. Alabaina, bizkaitarrean ere, lehia baino garrantzitsuagoa izango da txapelketa jai giroan eta modu informalean gauzatzea. Horrela, oinarrian eragin nahi dute, Bizkaiko bertso-eskolak eta eskualdeak indartzeko. Txapelketa baten zein bestearen informazioa www.bertsozale.eus gunean eskuratu ahal da.