Astronomia

asteroide

Javier Gorosabel astrofisikariaren izena jarri diote asteroide bati

IAU Nazioarteko Astronomia Batasunak onartu ostean, Javier Gorosabel astrofisikariaren (Eibar, 1969 – Donostia, 2015) izena hartu du 1990 KB1 asteroideak. Iruñeko Planetariumak eta Espainiako Astronomia Elkarteak proposatu zuten izena, Gorosabelen zientzia eta dibulgazio lana aitortzeko. Horrenbestez, Javiergorosabel izena izango du asteroideak (IAUren irizpideen arabera, hitz bakarreko izenak ipini behar dira, eta horregatik batu dituzte izena eta lehen abizena).  Andaluziako Astrofisika Institutuko ikertzailea zen Gorosabel. Gamma izpien leherketak ikertzen zituen, eta itzal handiko ikertzailea zen nazioartean. 2015ean, beste zenbait planeta izendatzeko lehiaketa bat tarteko, asteroide baten izena erabakitzeko aukera eskaini zien IAUk Iruñeko Planetariumari eta Espainiako Astronomia Elkarteari. Gorosabelen omenez, astrofisikariaren izena proposatu zuen Iruñeko Planetariumak. Javiergorosabel ez da izen berria jaso duen asteroide bakarra, beste 16 asteroideren izenak ere onartu baititu IAUk. Horiek ere nazioarteko beste hainbeste elkarte, museo, planetarium edo taldek proposatu dituzte. Gorosabelen izena daraman asteroidea Eleanor Francis Helin astrofisikoak aurkitu zuen 1990ean, eta 1990 KB1 izena eduki du, behin-behinean, orain artean. 7 bat kilometro neurtzen du, eta 3,47 urte behar ditu eguzkiari bira emateko.