Unibertsitatea

montrealEz dago Montreal baino hiri hoberik ikaslea izateko

Unibertsitate ikasketak egiten ari edota hastekotan bazarete, Kanadako Montreal hiria duzue aukerako helmuga. Horixe dio, behin-tzat, QS (Quacquarelli Symonds) enpresa britainiarrak. Nazioarteko ikasketei eta hezkuntzari loturiko gaiak lantzen ditu QSk, eta, besteak beste, sailkapenak ere egiten ditu, adibidez, Ikasleentzako Hiririk Onenen zerrenda. Sailkapen horretan, 2017an, Montreal ageri da lehen postuan. Ondoren datoz, hurrenkera honetan, Paris, Londres, Seul, Melbourne, Berlin, Tokio, Boston, Munich eta Vancouver. Iaz, Parisek bete zuen lehen tokia. Baina hiri garestia izateak, eta joan den urtean zenbait eraso terrorista jasan izanak, bigarren postura eraman dute. Hain zuzen, hiriotako segurtasun maila da QSk zerrenda osatzeko erabiltzen duen irizpideetako bat. Horrekin batera, aintzat hartzen ditu unibertsitateen kalitatea, ikasleentzako azpiegiturak, eskuragarritasuna, unibertsitateen nazioarteko izaera, tolerantzia maila edota kutsadura. Hori bai, zerrendan ez da edozein hiri sartzen. Bertan agertzeko, zenbait baldintza bete behar dira: hiriek 250.000 biztanletik gora izatea eta hiriak gutxienez bi unibertsitateren egoitza izatea. Unibertsitate horiek, gainera, QSk osatzen dituen beste zerrenden parte izan behar dute derrigor.