Bertsolaritza

Hasi da Nafarroako 43. Bertsolari Txapelketa, inoizko parte hartzerik handienarekin

nafarroaTafallan, Auritzen eta Lakuntzan final-laurden bana jokatuta, dagoeneko abian da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Inoiz baino bertsolari gehiago ari dira parte hartzen 43. aldi honetan: osotara, 35; 2015ean baino bi gehiago. Bederatzik lehen aldia dute txapelketan eta, abenduan, kanporaketa saio bat jokatu zuten; lau sailkatu ziren orain martxan den faserako. Falta diren bost final-laurdenen eta hiru finalaurrekoren ostean, zortzi onenak izango dira finalean. Apirilaren 8an jokatuko da finala, Korrika Iruñean amaitu bezperan, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Nafarroako Bertsozale Elkarteak nabarmendu duenez, aurtengo txapelketak hainbat helburu izango ditu: batetik, zaletasuna dagoen tokietan bertsolaritza sustatzea, eta hain zaletasun handia ez dagoen inguruetan ezagutaraztea; bestetik, Nafarroako bertsolariak motibatzea eta ezagutzera ematea, eta, horrekin batera, bertsolaritzaren alde lanean ari diren guztiak elkartzea; eta, azkenik, bertsolaritzak Nafarroan duen prestigioa handitzea eta kultur jarduera gisa gizarte osoari ezagutaraztea, bai euskaldunei, bai erdaldunei. Txapelketak emandakoak nahiz hari buruzkoak ezagutzeko www.bertsozale.eus eta www.bertsoa.eus webguneetara jo daiteke. ETB1eko Hitzetik Hortzera telebista saioak, halaber, jarraipen berezia egingo dio.