Euskalgintza

eheArrasaten egingo dute Euskaraz Bizi Eguna, martxoaren 18an

Euskal Herrian Euskaraz taldeak zortzigarren urtez antolatu du Euskaraz Bizi Eguna. Aurten Arrasaten izango da, martxoaren 18an. Aurreko urteetan bezala, euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna izango da. Euskararen alde “egotetik” harago, “egiteko prest gaudela” adierazteko eguna. Nolanahi ere, EHEk jakinarazi duenez, aurtengoa “testuinguru berezian” egingo da. Berreuskalduntze prozesuak “egun bizi duen moteltzeak”, batetik, eta “mundu mailan zein Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketek”, bestetik, EHEn “bete-betean” eragin dutela eta, gogoeta lana egin du taldeak azken hiletan. Hausnarketa horrek emandakoak azalduko dira Arrasaten. Hala, VIII. Euskaraz Bizi Eguna “euskararen alde gaudela argi eta ozen esatetik harago, euskaraz bizitzera goazela erakusteko eguna izango dugu”. Horretarako, egitarau zabala izango dute egun osoan, 10:30ean txupinazoa bota ostean: umeentzako jolasak, artisauen azoka, bertsolariak, kontzertuak, trikitilariak, dantzariak, herri bazkaria, elektrotxaranga, Euskaraz bizitzera goaz izeneko ekitaldia... Egitarau zehatza www.euskalherrianeuskaraz.org gunean topa daiteke.