Garraioa

droneBidaiariak garraiatzeko dronea prest dute Dubain

Taxi hegalariak ikusi ahal izango dira aurki Dubaiko (Arabiar Emirerri Batuak) zeruetan. Ustez, eta hiriko agintariek esan dutena betez gero, aurtengo ekainean. Orduan hasiko dira lanean, mundu osoan lehenengoz, gidaririk gabeko droneak. Hala jakinarazi du BBC kateak. eHang 184 izena dute gailuek, eta Txinako enpresa batek sortu ditu. Taxi hegalariok bidaiari bakarra hartu ahal izango dute, betiere 100 kilo baino gutxiago pisatuz gero. Bidaiariak berak aukeratuko du helmuga pantaila ukigarri baten bitartez. Gehienez ere 50 kilometroko bidaiak izango dira, eta ez dute ordu erdi baino gehiago iraungo. Dubaikoa ez da mota honetako tramankulu bakarra. Beste enpresa asko ere ari dira antzeko teknologia aztertzen eta garatzen. Haatik, Dubaikoa izango da gizakiak garraiatzen hasiko den lehena. Dubaiko agintariek diotenez, dagoeneko egin dute makina bat probazko hegaldi, hala Dubain, nola AEBetan. Normala denez, segurtasuna da kezka iturri nagusia: gidaririk gabeko drone bat hartu aurretik nork ez luke birritan pentsatuko?