Udaberria heldu zaio Errigora kanpainari

errigoraErrigorak udaberriko kanpainari ekin dio. Hala, martxoaren 1etik 14ra bitarteko epea dugu  Nafarroako hegoaldeko uzta eskutik eskura jasotzeko. Datorrena inoizko oparo eta berritzaileena da. Izan ere, aurtengo kanpainan eskaintzen diren produktu guztiak (olioa, orburuak, potxak, barazki-menestra, pikillo piperrak, tomate frijitua eta kremak) era konbentzionalean ez ezik, ekologikoan ere eskuratu ahal izango dira. Hain eskaintza zabala egin ahal izateko, ekoizle gehiagorengana jo behar izan dute eta, ondorioz, kanpaina honetan hamabost etxek hartuko dute parte.
Olioari dagokionez, lehen aldiz lau oliba motarekin  egindako olioak eskainiko dira. Horretarako, bost litroko lau bidoiz osatutako lotea dago: bi bidoi konbentzionalak izango dira (pikual eta enpeltre olibekin egindako olioak) eta beste bi ekologikoak (arbekina eta arroniz barietateekin egindako olioak).
Kontserba loteak, berriz, kutxa berde eta laranjetan banatuko dira: lehenengoetan, kontserba lote ekologikoak; eta bigarrenetan,  kontserba lote konbentzionalak.
Bestalde, aurten lehendabizikoz, Errigoraren udaberriko kanpaina bat eta bakarra izanen da. Alegia, olioa eta kontserbak batera eskatu beharko dira (esan bezala, martxoaren 1etik 14ra), baina banaketa zein ordainketa, beste urteetan bezala, bi txandatan egingo da: olioarena, martxoaren 29tik apirilaren 1era bitartean; eta kontserbena, ekainaren 1etik 7ra.