Eszeptizismoaren poltronan ematen dugu bizitzaren % 90

beñatBeñat Muguruza, musikaria eta irakaslea

Pecozza United taldeko (pekotz edo bekorotz hitzak abere handien kaka esan nahi du) gitarrista da Muguruza (Irun, 1987), Xabier Burgaña bateria-jotzailearekin eta Lander Bidaurre abeslariarekin batera. Punk “irreberentea” egiten dute, abesti labur, umoretsu, kritiko eta probokatzaileen bidez egurra ezker-eskuin emanda. 2015ean Homonimoa (Petruska Records) diskoa atera ostean, iaz Eszeptizismoaren poltronatik (autoedizioa) ondu zuten. Ingeles Filologian lizentziatua eta Hezkuntza Eleanitzean doktore da. Etxepare Institutuaren irakurletza programaren baitan, Parisen irakurle da egun.

Pecozza United: punka egin, punkaz paso egiten duzuela esanez.
Igual halaxe esan izan dut elkarrizketa batzuetan, eta gero taldekideek kargu hartu didate. Gaur egungo punka irudikatzean, nigandik urrun sumatzen dut. Ez naiz batere identifikatuta sentitzen, adibidez, ez dakit nongo gaztetxean antola dezaketen punk gauarekin. Hor ikusten dudanak ez du inongo antzik ez formetan, ez edukian, ez mezuan, ez ezertan ere, guk egiten edo bilatzen dugunarekin. Baina ez dugu paso egiten. Esaterako, La Polla ikaragarri gustatzen zaigu hiruroi. Pixka bat desmarkatzeko adierazpena da, agian guk gaizki adierazia eta kazetariek testuingurutik kanpo jarria.
Nolakoa da eszeptizismoaren poltrona?
Lagun batek, Edurnek, gure betiko hizketa gogaikarriekin hasten ginenean, nazka ematen genuela esaten zigun, beti hitz egiten genuelako eszeptizismoaren poltronatik. Halako grazia egin zigun, geure egin genuela. Ez dakit den guk geure buruari barre egitea, edo autokritika... Azkenean, jarrera miserablea da bizitzaren aurrean; hori horrela da. Ez dut uste jarrera horren apologia egiten dugunik, baina hortxe ematen dugu bizitzaren % 90.
Umorerik eta kritikarik gabe, Pecozzarik ez?
Ez, ez. Bueno, ez dakit, horrelaxe bizi gara gu. Kritika, autokritika asko eta umorea. Nire ustez, gure burua barregarri uzten duten anekdotak ditugu gustukoen. Zenbat eta irrigarriago utzi, orduan eta grazia handiagoa egiten digu. Helburu horrekin jaio zen Pecozza, eta umorerik ez badago...
Bitxia da: Irungoak izanik, Alardeari ez diozue abestirik egin.
Ez dugu asmatzen ikuspuntuarekin. Lehenengo diskotik daukagu egiteke, eta behin baino gehiagotan esan digute. Gustura egingo genuke, hirurok irundarrak eta parekidearen aldekoak izanda, baina ez dugu asmatzen nondik heldu.
Zuen buruari mugarik jartzen al diozue?
Dudarik gabe, bai. Gure artean, gainera, hainbat joera daude, eta bati abesteko moduko zerbait iruditzen zaiona, agian besteari onartezina iruditzen zaio. Autozentsura ezarri behar diogu gure buruari, bestela... Elkarri botatzen dizkiogun astakeriekin konparatuta, hitzak oso alaiak dira.
Musikan aritzean, pisua al du Muguruza abizenak?
Ez dut uste, edo pentsatu nahi dut ezetz. Guk ez dugu asko ustiatu. Bromak egin ditugu, baina saiatzen naiz ez dadin gehiegi nabaritu. Tira, igual etorkizunerako badaukagu karta hori gordeta; nik zer dakit, inora ez goazela ikusten badugu, agian Fermini kolaborazio bat eska diezaiokegu... Beti izaten dugu halako ideiaren bat. Baina, printzipioz, saiatuko gara gure aldetik egiten. Bestela, familiak ezagutzen du Pecozza.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Egun horretan egiteko gauza asko ditudala jakiteak.
Eta tristatu? Eguraldi txarrak.
Zerk eragiten dizu barrea? Umore kabroiak.
Eta negarra? Oso gutxitan egiten dut.
Zerk haserrearazten zaitu? Ikusten ditudan gauzen % 90ek.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Harakina.
Eta orain zer ez zenuke izan nahi? Adibidez, tabernaria. Txosnetan lan egiten dudanean, pentsatzen dut sekulako meritua dutela.
Bizio bat: Janaria, oro har.
Kantu bat: Bob Dylanen Tangled Up in Blue.
Talde bat: The Beatles.
Kontzertu bat: Jackson Browne Kursaalen, 2003an.

Eñaut Mitxelena