Asmatu eta egin!

Korrika asmatzeko eta bultzatzeko ekimena izan zuten lagunak omendu(ko) ditu 20. Korrikak. Karrera osoan  izango ditugu gogoan, baina lekukoa eskuz esku pasatzen hasi aurretik ere jaso zuten 400 Korrikazale ingururen txalo zaparrada beroa, pasa den hilean Irungo Ficoban ospatutako ekitaldian. Sortzaileen meritua ez zen makala izan. Bejondeiela! Alabaina, zoro haiek ezagutzen ez zituzten beste lagun askoren lana ere ez zen nolanahikoa izan, mahai baten inguruan amestutako egitasmo hura gauzatu egin behar baitzen. Horretan ibili ziren garai hartan osatzen ari zen AEKren gau eskoletako kideak, irakasle eta ikasleak, inguruan zituzten herritar askoren laguntzaz, ia zertan ari ziren jakin barik. Orduan ez zekiten oso ondo zer izango zen, nola egingo zen, lehenengo Korrika hura, baina ziur ez zutela inoiz imajinatu etorkizunean zer izatera iritsiko zen.

elosegi

“Jendeak zirrara bereziz bizi du Korrika, eta hori lehen ediziotik izan da horrela”

Oso gaztetatik hasi zen euskalduntze eta alfabetatze arloan Joxan Elosegi itzultzaile eta idazlea (Irun, 1955). 70eko hamarraldian Euskaltzaindiak Gipuzkoan zuen alfabetatze sailera bilduta, gau eskoletan lehenik eta, behin AEK sortu zenean, Irungo AEKn irakasle. Hala, Korrikaren hastapenak bertatik bertara ezagutu zituen.
Hasi eta berehala, testuinguruaren garrantzia nabarmendu du Elosegik. Francoren diktaduratik atera berritan, garai nahasiak ziren ordukoak, alor guztietan: politikan, gizartean, kulturan... Euskalduntzean ere, halatsu. AEK sortu berria zen, gau eskoletan soilik gauez aritzetik euskaltegietan egun argiz jardutera igaro berriak ziren, HABE sortzear... “Euskaltegi kontzeptua ere, pixka bat lehenagoztik sortu bazen ere, orduan ari zen zabaltzen” dio. “Aldaketa garai handia izan zen, eta giro horretan, giro nahasi horretan, izan zen lehenengo Korrika”.
Lehen Korrikaren inguruko xehetasun askorik ez du oroitzen Elosegik. “Ideia Bilbo aldetik etorri zen. Halakoak planteatzeko ausardia horrek bizkaitarra edo bilbotarra izan behar du, gipuzkoarra baino”. Garai haietan Bizkaitik iristen ziren planteamendu asko “errezeloz” hartzen zituztela aitortu arren, Korrikarekin zalantzarik ez du: “Bete-betean asmatu zuten”.
Oroimenaren ganduan, baina, badira gogoan dituen kontuak. Antolakuntzari dagokionez, esaterako, “hasieran, denok egin behar genuen dena. Korrika arduraduna eta halakoak ondorengo edizioetan sendotu dira. Noski, hasieran ere izango ziren arduradun batzuk, baina, batez ere, nazio mailan. Hemen, ahal zena egiten zen:  antolatu, kilometroen ardura hartu...”. Ahal zutena, baina aski zorrotz: “Orduan askoz ere zorrotzago jokatzen genuen; garai hartan, parte hartzeagatik ere eskatu egiten zen”.
Azken batean, AEKrentzat dirua biltzea zen, eta da, Korrikaren helburu nagusietako bat. “Planteamendua horrela egin zen, eta, bide batez, jendeak ere jakin behar du dirua behar dela, eta diru horrekin egiten direla hainbat gauza. Beharrezkoa da”. Lehen aldi hartan bildutako zenbatekoaz ideiarik ez du Elosegik: “Sekulako dirutzak ez ziren bilduko, ziur, baina zerbait bai”.
Izan ere, Irunen, erantzun, jendeak erantzun zuen. Batik bat “estamentu batzuek. Eskolen munduan, noski, ikastolek. Eta Irunen ikastola esatea ez da zernahi: une hartan, dagoeneko izango ziren 1.000 ikasle, eta ikastolak haurrak eta gurasoak dakartza”. Horiekin batera, “jende euskaltzalea, giro politikoko beste batzuk, eta abar ”. Finean, “betiko jendeak erantzun egin zuen”.
Xehetasunetan jori ibili ez arren, anekdotaren bat edo beste ere oroitzen du Elosegik. Bereziki, “beti” gogoratuko duen bat, Iparraldean banatu beharreko Korrika materialarekin zerikusia duena. Korrika iritsi bezperan heldu zitzaien materiala Irunera. “Kontua da Iparraldekoa bidali zutela euskaraz eta espainolez. Espainolezkoak ez zuen balio, noski. Bilbotik bidali zutenak ez ziren konturatu, edo igual prestatu bai, baina bidaltzeaz ahaztu edo... auskalo! Iparraldeko Korrika arduraduna Koldo Ameztoi zela uste dut; hari esan genion esaldia frantsesera itzultzeko. Esaldi hura hartu eta Hondarribiko inprenta txiki batera joan ginen. Gau hartan bertan, 3.000 tira edo inprimatu genituen. Biharamunean hartu eta Iparraldera!”.
Mugako herria izanik, mugak garrantzi eta presentzia handia izan du Irunen. Elosegik nabarmendu duenez, “muga sinbolikoa da. Hasiera hartan ez naiz gogoratzen nola zeharkatu zen. Jakina, arazoak izango ziren”. Halere, “ondorengoak urte gogorragoak izan ziren. Nik uste hasiera hartan despistatuak zebiltzala. 80ko hamarkadan, giroa desberdina zen. Nik uste haiek ere, hau da, UCDko gobernua eta, ez zekitela zertan ari ziren. Gero gogortu ziren gauzak, izugarri”.
Arazoak arazo, ilusioak ilusio, lehen ediziotik izan zuen harrera paregabea Korrikak. “Jendearentzat  gertakizun aparta da Korrika, eta lehenengo edizio hura ere halakoxea izan zen. Izugarria, onartu beharra dago”. Osagaiak jakinak dira: euskalduntze eta alfabetatzearen aldeko aldarria eta diru bilketa uztartzen dituen ekimena, korrika egiteagatik ordaindu beharrekoa, eta, “batez ere, helburu baten alde”. Hori bai, Elosegiren aburuz, “gaur egun, Korrika, euskalduntze eta alfabetatzea baino, euskara da. Korrika oso zabala da, eta badu zentzu berezi hori, batez ere euskararik gabeko eremuetan. Korrika egiten dugu oraindik sekulako arazo bat dagoelako. Euskararen aldeko sentimendua da, gehienbat”.
Hori guztiori, gainera, Euskal Herri osoan barrena egiten da. Horren garrantzia azpimarratu du: “Oinarrian, Euskal Herria dago; ez toki edo herri bakarra. Pasatu egiten da Korrika, eta toki askotan sekulako gertakaria da”. Arrazoi horien guztien eraginez, “Korrika berezia da. Jendeak zirrara bereziz bizi du, hunkitu egiten da, eta hori lehen ediziotik izan zen horrela. Korrikak hori du. Zentzu horretan, izugarria da”.

testi1

“Korrika pasatzen ikustean, ‘hau da dena?’ pentsatu nuen”

Agurtza Zubikarai (Ondarroa, 1962) alfabetatze taldeko ikaslea zen AEKn 1go Korrika egin zenean. Dioenez, orduko ikasle guztiek lagundu zuten herrian Korrika antolatzen, “zer zen jakin barik”.

Irakasleek esan omen zieten AEK txarto zebilela eta dirua behar zela, baina “Euskal Herri osora zabalduko zen euskararen aldeko ekitaldi bat” ere egin nahi zela. Hala hasi ziren lanean: “Kalean kartelak jartzean jendeak ‘zer da hori?’ galdetzen zigunean, guk erantzuten genuen ‘euskararen aldeko arin-arinka karrera’. Ez genekien besterik”. Guztira, ez ziren lagun asko: “Hamar bat, irakasle eta ikasleen artean”.
Orduan, AEK-k ez zuen euskaltegirik Ondarroan, “ikastetxe publikoak utzitako geletan izaten ziren eskolak. Udalak edo kofradiak, ez dut ondo gogoratzen, lagatako lokal bat ireki genuen, eta materiala eta lekuko eramaileen zerrenda genituen han. Jendeak dirua ematen zuen, norbaitek kilometroa erosi eta lekukoa eraman zezan”. Harrezkero, Korrika guzti-guztietan egon da lokala Ondarroan: “Jendeak, ordutik, hartua du bertan dirua emateko ohitura, kilometroak erosten laguntzeko”.
Zubikaraik oso ondo gogoratzen du 1.go Korrika Ondarroan: “Bariku iluntze bat zen. Ni Korrikaren lokalean nengoen beharrean eta ikusi nuen jende pilo bat etortzen, herria asko inplikatu baitzen. Hantxe ikusi nituen pasatzen lekukoa eta jendea, eta pentsatu nuen ‘hau da dena?’. Tristura moduko bat… kar-kar! Ez dakit zer espero nuen”. Zubikaraik gogoratzen du aurreneko Korriketan megafonia zeraman autoak ez zuela Korrika kantaren zinta jartzeko aparailurik, eta haren faltan “geuk kantatzen genuen megafoniatik, kar-kar!”.
2. Korrika iristean, Zubikarai jada ez zen AEK-ko ikaslea, baina, aurrekoaren esperientzia zuenez, berriro lagundu zuen antolatzen: “Eta berriro ere, pasatzen ikusi eta kito! Beti tokatu izan zait denda paretik igarotzen ikustea”. Berez, korrika gutxi egindakoa omen da Zubikarai: “Duela Korrika bi, Itsasok (euskaltegiko beste irakasle bat) AEKn 25 urte betetzen zituela-eta, erabaki genuen euskaltegiak erosten duen kilometroan hark eramatea lekukoa. Bestela, ikasleen artean zozkatzen dugu nork eraman. Bada, Itsasok, aurretik ezer esan barik, berarekin batera eramanarazi zidan. Zatitxo bat izan zen, baina, ustekabean izanda, hunkigarria izan zen niretzat”.
3. Korrikatik aurrera, Zubikarai irakasle ibili da antolaketan, ardura eta lan gehiagorekin. Korrikarako egin beharreko lan guztien artean, Korrika Lagun da gutxien gustatzen zaiona: “Halere, zortea dugu, azken Korriketan herriko jendeak egin izan duelako”. Alabaina, pozarren ibiltzen da Korrika Txikiaren aurretik autoan: “Beti egiten dugu aurreko domeka goizean, Korrika ‘handiaren’ moduan. Parte hartzen dute ikastetxeek, umeekin lanean dabiltzan elkarteek, gurasoek… herri osoak. Neu joaten naiz aurretik autoarekin, ernegatuta ere bai batzuetan, umeak azkarregi joan eta gainera etortzen direlako. Lasterketa bat dela pentsatzen dute batzuek, kar-kar!”. Plazan amaitu eta ekitalditxo bat eta jolasak egiten dira, gozokiak banatzearekin batera. Egun hori ere aprobetxatzen dute diru bilketa egiteko.
Korrika lana, emozioa, urduritasuna… “hori guztia” da Zubikarairentzat: ”Momentu batzuetan, gainkarga da, baina zorte handia dugu, jendeak asko laguntzen digulako. Haserreak ere izaten ditugu, berehala pasatzen diren horietakoak, gehienetan urduritasunak eragindakoak. Emozioa ere sumatzen dugu, batzuetan ateratzen zait malko bat edo beste”. Igaro ostean, berriz, frustrazio moduko bat sentitzen omen du: “Neure buruari galdetzen diot non den jende hori guztia Korrika arteko urte bietan. Euskararen aldeko beste zerbait antolatu, Korrikarekin zerikusirik ez duena, eta geu bakarrik egoten gara, ezin jendea mugitu”. Korrikaren magia berezia izango da...

testi2

“Soldadutzak galarazi zidan lehenengo Korrika bizitzea”

Josu Aldama (Amurrio, 1959) 1979ko udazkenean hasi zen euskara eskolak ematen, herriko gau eskolan. Hortaz, bazebilen AEKn 1.go Korrikak Euskal Herria zeharkatu zuenean, baina ezin izan zuen bizi, soldadutzak harrapatu zuelako.

Gaur egun, Aldama Gorbeialdeko AEK-ko irakaslea eta koordinatzailea da, baina 1977an hasi zen euskara ikasten, jaioterrian. Handik bi urtera, irakasle hasi zen gau eskolan, baina hurrengo ikasturtean soldadutzara joan behar izan zuen, “eta ez nintzen Korrikaz enteratu, beste mundu batean sartuta nengoelako”.
1.go Korrikaren sorrera diru premiak eragin bazuen ere, Aldamak ez du behar horren oroitzapenik: “Kobratu, ez genuen kobratzen, baina zer edo zer ematen ziguten”. Amurrion bi apaiz hasi ziren euskara eskolak ematen, baina “laster hasi zen sumatzen koordinatu beharra, Basaurin bazegoelako gau eskola indartsuago bat”. 1981eko urrian itzuli zen Aldama AEKra, gaur arte. Hortaz, lehenengoa ez, baina gainontzeko Korrika guztiak ezagutu ditu: “Enpresa ikasketak amaitu nituenean, oso momentu bereziak bizi izan genituen. Alfabetatze-euskalduntze prozesua abiada hartzen hasita, AEK gorpuzten ari zen Araban. Ilusio handia genuen eta giro horrek eraman egin ninduen. Oso azkar gertatu zen guztia. Ez nuen pentsatu ere egin ikasketekin lotutako lanik bilatzea”.
2. Korrikak bete-betean harrapatu zuen Aldama, 1982ko maiatzean: “Oso gogoan dut nola heldu zen Donostiara lau orduko atzerapenarekin, baina ez horrenbeste lekuko barruan joan zen Rikardo Arregiren gutunaren ingurukoak. Arduradunek izango zuten horren berri, baina orduan ez genuen funtzionatzen gaur egun bezain modu parte-hartzailean, eta ez dut gogoratzen. Orduan, ‘Korrika antolatu behar da’ esaten zuten gau eskolan, eta lanean jartzen ginen berehala. Artean, ez ziren existitzen Korrika Laguntzailea edota Korrika Kulturala, baina Korrika Lagun egiten genuen dirua biltzeko, koordinatzaileak saltzen zituen kilometroak...”. Korrika eskualdera iritsitakoan ere, askotan tokatu izan zaio aurretik autoarekin joatea, beti lekukoa zaintzen, baina ukitu gabe, “lehenengo edizioetan, behintzat”. Geroago izan zuen lekukoa hartzeko ohorea, Bertso Eskolarekin 7. Korrikan edota alaba txikia lepoan zuela, 10.ean.
Korrika “iraultza” da Aldamarentzat: “Irakasleontzako lan gehiago, ilusio handiagoa, ardura, kezka... baina Korrika egunak hurbildu ahala, jendea ere hurbiltzen zaigu. Dena etortzen da bere onera, eta ondo ateratzen da. Beti dago jendea inguruan, laguntzeko prest”.
Anekdota asko gertatu zaizkie Korrikan bertan edo antolatzen zebiltzan bitartean, batzuk Guardia Zibilarekin: errepidean kilometroak margotzen ari zirela, dena utzi eta alde egin beharra; edota txistorrada batean bildutako diruarekin zihoazela, kontrol batean gelditu eta diru hura nondik atera zuten azaldu arteko onik ez... “Korrikaren ibilbidea ez da beti lasaia izan, hainbat oztopo egon dira, baina beti gainditu izan dira; Korrika aurrera atera da beti”. Murgian eduki omen zuten hiruzpalau Korrikatan bazter batetik atera eta lekukoa ukitzera joaten zen morroi bat: “Jada ez da azaltzen, uste dut hil egin zela. Hasieran, izutu egin ginen, baina gero bagenekien ez zuela besterik nahi. Oso une hunkigarria izan zen, era berean, adineko emakume bat ikusi nuenean bide bazterrean, Fullaondon. Nahi zuen, baina ezin, eta, besotik heldu eta ‘goazen!’ esanda, hamar bat metro egin zituen. Haren emozio aurpegia!”.
Korrika bat antolatzeak dakartzan lan guztien artean Korrika Laguntzailea da gutxien gustatzen zaiona Aldamari, diru eskea. Alabaina, Korrika Kulturala oso gustukoa du: “Gaur egun, nahiko modu errazean egiten da, eta herriari ematen digunaren zati bat itzultzen diogu”.
20. Korrika Ubidea atzean utzi eta apirilaren 7ko goizaldean sartuko da Gorbeialdera. Ordurako dena izango dute prest eskualdean.