Zer irizten diozu Duintasunaren Kolunbarioa egin izanari?

ikamika

Memoria historikoa berreskuratzeko xedez, Duintasunaren Kolunbarioa inauguratu zuten, iragan urtarrilean, Elgoibarko Olaso hilerrian. Gerra Zibilean hildako 27 pertsonaren gorpuzkiak jaso dituzte bertan. Gerran hobi komunetan laga zituzten 27 lagunen gorpuzkiak, gehienak ezezagunak. Elgoibarren ez ezik, Arrasaten, Andoainen, Azkoitian, Elgetan, Gaubean, Legution, Lemoan, Mañarian, Mutrikun, Zaldibian eta Zigoitian ere hildako pertsonenak dira. Euskal erakunde askotako eta alderdi politiko guztietako ordezkariak bildu ziren inaugurazioan, baita hildakoen senitartekoak eta memoria historikoaren berreskuratze lanean ari diren elkarteetakoak ere. Gerra Zibilean hildako eta ondorengo hamarkadetan ahantzarazitakoen memoria argitara ateratzeko beste urrats bat izan da Duintasunaren Kolunbarioa zabaltzea, eta, izenak dioen bezala, urte luzez ahanzturara kondenaturikoei atseden hartzeko leku duina eskainiko die. Zer iruditzen zaizu ekimena? Elgoibarko AEK euskaltegiko gaueko B2 mailako taldea

1. Jose Ramon
Nire ustez, Kolunbarioa Elgoibarko hilerrian ondo dago: alde batetik, lekua dagoelako; bestetik, lekurik egokiena iruditzen zaidalako.
2. Ainara
Urrats garrantzitsua da gure gizartearentzat. Leku duina laga nahi dute euskal erakunde askotako eta alderdi guztietako ordezkariek, baita hildakoen senitartekoek eta memoria historikoa berreskuratzen ari direnek ere. 
3. Jose E.
Berandu heldu arren, zor bat kitatu da merezi zuten lekuan ehortzita; askatasunaren alde bizia eman zutenei omenaldia eta aitortza publikoa eginda, eta EGIA jasota, ez faxisten egia.  
4. Alessandra              
Oso ekimen garrantzitsua iruditzen zait; izan ere, gure arbasoen oroimenari balioa eman behar diogu, jakintsuagoak izan gaitezen eta iraganeko akatsetatik ikas dezagun.  
5. Rosa          
Garrantzitsuena da oroimena berreskuratzeko elkarte guztien eta alderdi politiko eta historiko guztien adostasuna lortu izana hau egiteko. Justizia egiteko berandu bada ere, biktimentzako omenaldia eta aitortza izan da.
6. Luis
36ko gerran Euskadin desagerturiko 8.000 lagunekin zorretan geundenez, aitortzarako pauso txiki bat izan da, duintasuna lortzeko bidean. Gainera, denon adostasunarekin.
7. Jose M.
Ondo iruditzen zait, nahiz eta berandu izan; hau bezalako gehiago egin behar dira memoria historikoa berreskuratzeko.