Ikastola bat Araba biren artean

argantzon

Haizearen kontra ibili da Argantzon Ikastola, azken hamalau urteetan, Arabaren bihotzean bizi diren haurrei euskarazko eredua eskaintzeko. Trebiñuri inposatutako muga administratiboak arazo larriak ekarri dizkio ikastola txiki honi. Traba ekonomikoari aurre egiteko, bi hanka izango ditu aurrerantzean ikastolak: bata Argantzunen eta bestea Erriberabeitian. Estitxu Ugarte.

Araba ofizialera salto egin behar izan du Argantzon Ikastolak, inposatutako muga administratiboak tarteko. “Proiektuak aurrera egiteko, ezinbestekoa dugu finantzaketa bermatzea” azaldu du Saioa Urizar irakasleak eta zuzendaritza taldeko kideak. Hala, irailetik aurrera, Argantzunetik bost kilometrora mugituko dira, Manzanos herrira (Erriberabeitia), Lehen Hezkuntzako zentroa zabaltzeko. Argantzunen, Haur Hezkuntza eskaintzen jarraituko dute.
“Ez dugu nahi Trebiñutik atera -nabarmendu du Urizarrek, atsekabez-, baina oso zaila da hemen segitzea eta lan egitea; 14 urte hauetan, finantzaketa oso zaila dela ikusi dugu, eta oztopo pilo bat dagoela”. Ofizialki Gaztela-Leonen egonik, Argantzon Ikastolak ez du ituna lortzeko aukerarik, eta, gainera, Burgosko Gobernuak espresuki onartutako lege batek Eusko Jaurlaritzarekin egin litezkeen itunak galarazten ditu.
Udalak laguntza ematen digu, baita ere elkarteek eta familiek” dio Urizarrek, eta lehen urteetan urtero 60.000 euro inguruko diru-laguntza jasotzen zuen Trebiñuko ikastolak Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Udalaren bitartez. Alta, pixkanaka murriztu egin da diru-laguntzaren kopurua. Egoera ekonomikoa hain bihurtu da zaila, ezen azken hiletan soldata jaso gabe ibili baitira ikastolako irakasleak, harik eta Jaurlaritzaren eta Arabako Aldundiaren diru-partidak askatu diren arte.
Traba ekonomiko horiek guztiak ikusirik, proiektuari jarraipena emateko eta finantzaketa egonkortzeko, Lehen Hezkuntza Araba ofizialean kokatzeko erabakia hartu dute. “Guretzat dena da Araba, baina beste batzuentzat ez. Berez, logikoena litzateke Lehen Hezkuntza Argantzunen eskaintzea; muga administratiboak tarteko, baina, ezinezkoa da. Arabara salto eginda, diru iturriak egonkortzea espero dugu; dirua errazago bidera dezaten nahi dugu” azaldu digu Urizarrek.
Antza, Manzanos herri txikiko alkateak eta bizilagunek oso begi onez ikusi dute Argantzon Ikastolaren asmoa, eta laguntzeko prest agertu dira. Are gehiago, ikastola-eraikin berria egiten duten bitartean (bi urte inguru, aurreikuspenen arabera), Manzanoseko gizarte-etxean emango dituzte eskolak.
Eusko Jaurlaritzaren aldetik orain artekoa baino laguntza handiagoa espero dute, eta, horrela,Trebiñuko haurrei euskarazko eredua bermatu ahal izatea.
Trebiñun euskarazko eredua bermatu
Ikastolen Elkarteak eta Argantzungo Udalak jarri zuten martxan Argantzon Ikastola, 2003. urtean, Trebiñuko haurrei euskarazko eredua eskaintzeko helburuarekin. “Lan handi-handia egin zuten -gogoratu du Urizarrek-, etxez etxe joanda, telefonoz deitzen... inguruko herrietako jendeak zer nahi zuen jakiteko, eskaera zegoen ala ez argitzeko; azkenean, baiezkoa atera zen, eta ateak 11 umerekin ireki ziren”. Egun, berrogei bat ume ditu ikastolak: Argantzungoak, Trebiñuko Konderriko herrietakoak, Erriberabeitikoak eta Gasteizkoak. Estutasun ekonomikoen ondorioz, ez dute garraiorik ikastolaraino, beraz, gurasoek eramaten dituzte umeak autoz. “Aztertzen ari gara umeak ekartzeko autobusa jartzea, baina oso garestia da, eta oraingoz ezin diogu aurre egin”.
"Herri batean gaude eta herriaren parte gara"
Ikastola txikia denez eta nekazaritza eremu batean dagoenez, ezaugarri bereziak ditu Trebiñuko ikastolak. “Herri batean egonik, zuzeneko harremana dugu naturarekin, gure jolastokia zelai handi bat da, eta, gainera, ez da gurea bakarrik, baizik eta herri osoarena. Hortaz, ez gaude isolatuta, eta lotura handia dugu herriarekin, askotan ateratzen baikara bertara: baratzeak edota animaliak ikustera, botikara, dendara, plazara edo errekara. Azken finean, hau komunitate bat da, eta garrantzitsua iruditzen zaigu umeak horretaz jabetzea, hau da, ez doaz ikastolara eta kito: herri batean gaude eta herriaren parte gara, eta hori egunero ikus dezaten ahalegintzen gara”
Talde murriztuak, banako arreta eta adin nahasketa dira Argantzon Ikastolaren beste ezaugarrietako batzuk. Trebiñuko taldeak oso txikiak dira, irakasle bakoitzak zortzi haur izaten ditu gehienez. Horrela, gai dira banako arreta emateko, aukera baitute haur bakoitzari “une intimoak eskaintzeko, haren erritmoak errespetatzeko”. Halaber, adin nahasketa dago; izan ere, zuzendaritza taldearen ustez, horrek aukera ematen die haurrei norbere burua non dagoen ikusteko: “Txikientzat  izugarria da, handiek zer egiten duten ikusita gauza bera egin nahi izaten dutelako; elkarreragin handia dago, elkarri laguntzen diote”.
Matrikulazio kanpainari begira, ahalegin handia egin dute ikastolako arduradunek, Argantzunen bertan zenbait batzar antolatuta,  baita Manzanosen eta Gasteizen ere. Dena dela, argitu dutenez, umeak edozein unetan matrikula daitezke Argantzon Ikastolan. Interesa dutenek honela jar daitezke harremanetan ikastolarekin: 945 37 31 85 telefono zenbakira deituta, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikora idatzita edo bertara joanda.