Ordiziako azokan, perie

ordizia

Azokak bostehun urte baino gehiago izanagatik, duela gutxi iritsi ziren aurreneko kuiak, zerbak eta ziazerbak Ordiziara. Lehenago, perian, kalabazak, azelgak eta espinakak -hurrenez hurren-  saldu izan dituzte inguruetako ekoizleek. Nolanahi ere, izenak izen eta aldaketak aldaketa, gaur-gaurkoz baserritarron hizkerak belarriak gozatzen dizkigu Goierriko herri honetako plazan. Izan ere, ahoz aho dabil euskara, bizi. Maider del Olmo.

Gaur egun, Ordiziako azoka izenez da ezaguna. Hala ere, beti ez da horrela izan; lehen,  Ordiziako perie esaten zitzaion,  eta horren aurretik Billaprankako perie. Hala, izen ugarirekin batera, izana ere askotarikoa du asteazkeneroko hitzorduak. Perie hitza latineko feria-tik dator. Oraindik ere, halaxe deitzen diote helduenek, baita astero plazara hurreratzen diren hainbat saltzailek ere.
 Beko-etxe baserriko Anttoni Murgiondo (Gabiria, 1947) da horietako bat. 30 urte inguru daramatza azokan. Gabiriarrak barazki sorta oparoa du salgai bere postuan, eta hizkuntza goxoa ahoan, gozagarria, hurbiltzen zaion ororentzat. Kontaketa patxadaz egiten du, hitzak ondo ebakita: “Garai batetik hona, gauzak dezente aldatu dira. Lehen, salmenta errazagoa zen, ez baitzegoen hainbeste barazki; aza mota bakarra zegoen, eta kito, baina egun hiru barietate ditugu”.  Barazkiengatik ez ezik, frutengatik ere merezi du aipamena Murgiondok; Gabiriako errezil-sagarrengatik, hain zuzen ere: gaziak dira, eta, gehienetan kolore berde-horixka duten arren, ilun edo arre samarrak ere izan litezke, itxuraz nahiko zapalak, eta azal gogorrekoak, gainera. Beko-etxeko sagarrak sonatuak dira; iaz, saria eskuratu zuten Gabiriako errezil-sagarraren lehiaketan, azaroan egiten den horretan. Halere, hura ez zen lehen aldia izan.
Murgiondo ohituta dago azokaz azoka ibiltzen. Oro har, ondo moldatzen da, bai azokan entzun daitezkeen beste euskalkiekin, bai batuarekin. Ibilian-ibilian, euskarazko hitz berri batzuk ere ikasi ditu azken urteotan, esaterako, kuia eta kuiatxo: “Hementxe ikasi ditut hitzok. Guk beti esan izan dugu kalabaza eta kalabazina. Egun batean, bati kuia entzun eta horrelaxe jakin nuen zer zen”. Oso gutxi omen dira, edonola ere, izen hori darabiltenak; gazteak, gehienak.   
Gazteen artean gazteenetarikoa da, Ordiziako plazan, Joseba Baez (Donostia, 1982) gaztagilea.  Idiazabalgo Arimasagasti Berri baserrian egiten du gazta ekologikoa behi-esnearekin. Ekoizpen modu horrekin -ekologikoa, alegia-, “lehengo zaporea” berreskuratu nahi du, behi-gazta jateko ohitura indartzearekin batera, kalitatezko jakia eginda. 2012. urtetik ari da zeregin horretan. 
Donostiarra izan arren, nahiko gertukoa du Ordiziako azoka. Gainera, ez da  familiako saltzaile bakarra. Amonari hartu dio lekukoa; izan ere, garai batean, hura aritzen zen saltzaile herri horretan bertan. Egun, baina, Joseba bilobak artatzen ditu bezeroak. Gustuko du jendearekin berriketan aritzea, eta, esan digunez, gozatu egiten du postura gerturatzen zaizkion helduekin euskaraz hitz egiten, ikasten jarraitzeko aukera ematen baitio. Zeren eta hizkuntzarekikoa ez baita  inoiz bukatzen, bada beti zer ikasia.
Ahozkotasunari buruz
Duela urte batzuk, euskara irakasle aritu zen AEKn, Astigarragan. Azokan euskararen egoeraz galdetuta, iritzi argia azaldu du: oro har, ahozkotasuna galtzen ari da. Entzun besterik ez dago helduenen ahozko jarduna eta gazteena. Askoz ere aberatsagoa da adinean aurrera joandakoena, Baezen esanetan, eta beste gauza batek ere kezkatzen du: “Goierriko gazteek ez dute ondo egiten hika, eta zuka ere badute zer hobetu”.
Horretan bat dator Arantxa Zurutuza (Arama, 1961) Goiko Etxeberriko baserritarra: “Behin baino gehiagotan eskatu izan didate, esaterako, erdi kilo, kilo erdi esan beharrean. Gazteak izaten dira gehienak”. Hizkuntzaren zuzentasunaz harago, nolanahi ere, batzuen ahalegina kontuan hartzeko modukoa da, sarri, oso gutxi jakinda ere, euskaraz egiten baitiote Zurutuzari. Berak azaldu duenez, akats batzuk gorabehera, barneraturik balute bezala, azokan daudelarik, euskaraz egin behar dutela.
Axun Etxeberria (Gaztelu, 1957) saltzaileari, berriz,  kilo erdi ez, libra bat eskatzen diote oraindik ere tarteka bezero helduenek. Hala eta guztiz ere, antzinako pisu unitatea (libra) galtzear dagoela esan du Etxeberriak, egun kilo erdi esaten baita. Usurburu baserriko gaztak, lekaleak eta barazkiak ditu salgai bere postuan.
Inoiz etorri izan zaio burura, azokan euskara ikasleak entzunda -nahiko bisita ohikoa izaten da-, berak gaztelaniaz “indioek bezala” hitz egiten zuenekoa; artean, hitz gutxi batzuk eta esaldi solteak besterik ez zekien, eskolan ikasitakoa. Haatik, gerora ez du aparteko zailtasunik izan, azokan, gaztelaniaz jarduteko, nahiz eta erosoago eta arinago aritu euskaraz. Etxeberriaren hitzetan, “nire euskara nahasketa hutsa da. Amarena gustatu izan zait betidanik, Anoetakoa, oso hizkera gozoa baita.  Gaztelun jaio nintzen eta orain Zaldibian bizi naiz; azkenean, ez bata eta ez bestea. Hiru euskaren nahasketa da nirea”.
Aipatu baserritar guztiek euskara dute ama-hizkuntza. Ez, ordea, Aldaba Zaharreko Salba Cuadrado (Ordizia, 1958) saltzaileak. Helduaroan ikasi zuen hizkuntza Zeraingo baserri batean. Hara lanera joan eta beste erremediorik ez zuela izan esan du, etxekoek euskaraz egiten baitzioten. Bere euskarari “erdipurdikoairizten dio; horrenbestez, errazagoa egiten zaio zenbaitetan gaztelaniara jotzea: “Asko kostatzen da ohiturak aldatzea. Erosle batzuk aspaldiko ezagunak ditut, eta horiekin gaztelaniaz egiten dut. Hori bai, azokan ezagutu ditudan bezero batzuekin, hasieratik, euskaraz egin izan dut, eta halaxe eutsi diot. Orain, euskaldun horiei, ezin diet gaztelaniaz egin, ez zait ateratzen”. Jakin badaki leku ezin hobean dagoela mintzapraktika egiteko, eta aukera hori ez du alferrik galtzen.  Euskara bere kabuz ikasteko, irratia eta liburuak baliatzen ditu. Literatura oso gogokoa du, bai eta, esaterako, Euskadi Irratiko Lizardiren baratza irratsaioa ere, baina pena txiki bat du bihotzean: “Egunez aldatu dute saioa eta orain ezin izaten dut entzun, ordu horretan baserriko lanetan aritzen naizelako”.

Euskara ikasleen plaza
Azokan, ohikoak dira euskara ikasleak. Mintzapraktika egiteko asmoz, goiz-pasa hurbiltzen dira Goierrira; maiz, barnetegietatik. Adunako AEKren udako familia barnetegiko gurasoek eta haurrek, esate baterako, txangoa egiten dute Ordiziara. Hartara, herria ezagutzeaz gain, ikasleek euskaraz hitz egiteko aukera izaten dute baserritarrekin. Argazkikoak Goiztiri AEK euskaltegiko B1 mailako Beasaingo taldeko ikasleak dira; otsailaren hasieran, erreportaje honetarako datu eta informazio bilketan jardun  ziren.

Joana Gaztelakoaren bultzada

Martxoa zen orduan ere. 1511. urteko neguko azken hila. Zorigaiztoko gertaera batek herritarren egunerokoa irauli zuen urte hartan; izan ere, sute batek herria kiskali zuen, eta hainbat hildako utzi zituen. Egoera hain zen larria, ezen hondamendiak Gaztelako erreginaren beraren arreta erakarri zuen. Herriaren biziraupena ziurtatzearren, Joana Gaztelakoak baimena eman zion orduko Villafrancari asteazkenero zergarik gabeko azoka egiteko, horrela herria berreraiki ahal izateko. Ordutik, urtez urte, gero eta sona handiagoa eskuratu zuen azokak Ordizian.
Trenaren etorrerak, 1864. urtean, bultzada handia eman zion azokari, bisitarien kopurua areagotu egin baitzen. Salerosketak ugaritu egin ziren, jakina. Urte batzuk geroago eraiki zuten, 1925ean, hormigoizko estaldura duen plaza.