Historiaurrera itzulia Karakaten

dolmen

Gipuzkoan dago Karakate mendia, Soraluze eta Elgoibar artean. Muneta edo Kortazar izenez ere ezaguna da, eta 749 metroko altuera du. Igotzen den lekutik igotzen dela, aldapa handia gainditu beharra dago tontorrera iristeko; hala ere, badago modua autoz erraz heltzeko, asfaltozko errepidea baitago haraino, gailurreko antenak direla eta. Behetik oinez igota zein autoa mendi-gainean utzita, oso ibilaldi polita dago Irukurutzetaraino: ordubete inguruko zeharkaldia zelai berde eta bertako zuhaitz artean. Horrez gain, aukera paregabea eskaintzen du historiaurreko aztarna artean murgildu eta arbasoen trikuharri, tumulu, eta zutarria bisitatzeko; izan ere, gaur egun hemezortzi monumentu megalitiko daude toki honetan. Mikel Arrillaga Bereziartua.

Hala ere, oraindik gehiago ager daitezke, Aranzadi Zientzia Elkartea ikerketa lan handia egiten ari baita Karakate mendian. Indusketa ugari egin dituzte, duela ehun urte inguru Jose Miguel Barandiaranek, Telesforo Aranzadik eta Iñaki Egurenek hasitako bideari jarraiki. Haiek itxuragatik bakarrik monumentu izendatuak aztertu eta benetan hala diren adierazten dute.
Arribiribiletako zutarria
Horren lekuko da Arribiribilletako zutarria. Hasieran, Barandiaranek zulo txiki bat egin zuen hura zer zen jakiteko; lurrean botata zegoen harritzarra ez zen bertakoa, beste leku batetik ekarria baizik. Garai hartako ikertzaileek, induskatu ondoren, mugarria zela pentsatu zuten, ikatza eta teilak aurkitu zituztelako (orduan halaxe adierazten omen zuten). Orain dela hamahiru urte, aldiz, beste batzuek hilarria zela esan zuten, baina Aranzadikoek berehala baztertu zituzten hipotesi horiek. Manu Ceberio arkeologo donostiarraren arabera, “izatekotan, zutarria zela pentsatu genuen, duela 3.000 urte ingurukoa. Indusketa txiki bat eginda baieztatu genuen, eta hura sartzeko zuloa aurkitu genuen”. Jakin zuten, ordenagailuan egindako eskaneatze bidez, zutarriaren oinarria justu-justu sartzen zela zulo hartan. Horregatik erabaki zuten zutik jartzea, eta hantxe dago Irukurutzeta gainetik hurbil. Zeberioren esanetan, lurraz jabetzeko izaten ziren: “Paleolito garaian, ehiztariak ziren, nomadak, baina Neolitoan toki batean ezarri eta nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi ziren. Ez ziren lur pribatuak, baina taldeak zera esaten zien besteei: ‘hauxe gure lur eremua da, gure abereak hemen daude eta guk lantzen dugu’. Zutarriak hori markatzen zuen”.
Gizaburuako trikuharria
Irukurutzetatik Karakate ingurura bueltatuta, tontorretik nahiko hurbil dago Gizaburua. Duela gutxi, Neolito garaiko eta Brontze Aroko aztarnak aurkitu dituzte han, duela 6.000 eta 3.000 urtekoak, hurrenez hurren. Tumulua aurkitu zuten eta, induskatu ondoren, konturatu ziren trikuharria babesten zuela, Neolitokoa, gero Brontze Aroan berrerabilia. Manuk dioenez, “trikuharri baten kamera azaldu zen, eta ez genuen espero. Pixkanaka, harriak kendu genituen eta inguruan materialak agertu ziren: giza hezurrak eta zeramika, besteak beste, oso garrantzitsuak garaiko gizartea ezagutzeko”. Zeramika pusketa horiek osatuz, ontzia ia osorik berreraikitzea lortu dute. Gainera, gezi puntak eta suharriak ere aurkitu dituzte, “harri horrekin egiten zituzten ehizarako labanak”.
Trikuharria inguratzen zuten harlauzak desagertu egin ziren arren, kamerak bertan jarraitzen du, eta hildakoaren zenbait hezurrek ere bai. Manuren arabera, nahiko deseginda dago hura babesten duen tumulua ere, “jendeak harri pilak ikusi eta txabolak eta harresiak egiteko erabiltzen ditu”. Nolanahi ere, informazio ugari ari dira ateratzen bertatik. Horrela jakin dute, adibidez, Neolitoan hilobiak kolektiboak zirela, gaur egungo panteoien parekoak: “Ez zituzten hogei pertsona batera lurperatzen. Norbait hiltzen zenean, barruko hezurrak mugitu egiten zituzten, hezurrak baztertu eta harlauza bat jartzen zuten, bereizteko. Brontze Aroan, berriz, hilobiak indibidualak ziren; horrek ematen du Historian zehar gizartean izandako aldaketen berri”.
Zantzu ugari
Lehen esan bezala, nekazariak eta abeltzainak ziren orduko biztanleak; aztarnategietan garaiko tresna asko agertu dira. “Harrizko igitaiak, harrizko aizkorak… Kanpoan daudenak desegin egiten dira; kobazuloetakoak, ordea, oso egoera onean daude”. Dena den, harrapaketa ugari egin direla dio Ceberiok: “Pikatxoia eta pala hartuta joaten zen jendea trikuharriak zulatzera, altxorren bila”. Antza denez, ez zuten ezer aurkitzen, baina zulatu eta zulatu jarraitzen zuten, “ematen zuen apustua egin zutela nor beherago iritsi”. Gaur egun, sentsibilitate handiagoa dago Manu Ceberioren ustez; izan ere, “jendea konturatu da ez duela ezertarako balio zeramika zati bat etxera eramateak”. Aranzadikoentzat, ostera, sekulako garrantzia du, zati  bakoitzak zantzu ugari ematen dielako: aztertuko dute zer buztin motarekin eginda dagoen, nondik ekarri den… edo jakin dezakete, esate baterako, haren barruko harria Aiako Harrian baino ez dagoela. Horrela jabetzen dira handik ekarria dela, eta ondoriozta dezakete, lurra lantzeaz gain, soberakinak saldu edo trukatu egiten zituztela. “Neolito garaian ez ziren nomadak, baina gauzak lortzeko edo trukatzeko mugitu egin behar ziren, merkataritzaren hastapenak ziren. Garai hartan, pixkanaka-pixkanaka lortzen zituzten beren beharrak asetzeko tresnak”.
Ikertu eta ikertu ari da, beraz, Aranzadi; emaitzak ez dira beti baieztatzekoak izaten, ordea. Gizaburuan bertan, aipatu berriaren ondoan, harri formazio batzuek sekulako trikuharri itxura zuten. Hala ere, indusketa txiki batek garbi utzi zuen ez zirela ezer, bertako harkaitzak zirela, alegia. Manuk dioenez, ur azpiko sumendia izan zen Karakate, eta, laba lehortzean, harri mota hori azaldu zen. “Berehala jakin genuen harkaitz hori naturala zela, eta ez inolako hilobia”.
Datorren urtean jarraituko dute indusketekin, oraindik aztertzeko asko baitago inguruan. “Gizaburuako hezurrak erreta daude eta, gure ustez, Brontze Arokoak dira; hortaz, espero dugu azpian Neolitokoak aurkitzea. Garai hartakoak hurbil daude,  eta garbi dugu aurkituko ditugula”.  Dena den, indusketa profesionalak izango dira, ez duela ehun urte inguru egiten zirenak bezalakoak. Orduan, “pikotxa eta palarekin lurra kentzen zuten, materiala gorde eta aurrera, dena gelditzen zen irekita. Gaur egun, konpondu egiten da. Ahalegina egiten da dena zegoen bezala uzteko”. Gainera, Barandiaran eta enparauak begira egoten omen ziren, aginduak emanez, inguruko baserritarrak lanean ari ziren bitartean. “Gaur egun, ez da egiten horrela”.

Zer da trikuharria?
Hilarria edo trikuharria: lur emate kolektiboa. Zutikako hainbat losak tapaki lanak egiten dituen beste bat dute gainean, hilobi kamera osatuta. Hilobia tumuluak edo harri piloak estaltzen du. Tumuluak eta hilarriak monumentu bakarra osatzen dute, baina azkenaren izena hartzen dute.