“ELA eta LAB batera borrokatu behar dira murrizketen aurka”

etxaide

Ainhoa Etxaide

Ainhoa Etxaide (Hondarribia, 1972) LAB sindikatuko idazkari nagusia da. Zuzenbidean lizentziatua, 1995ean sartu zen sindikatuan eta, zuzendaritzan 12 urtez egon ondoren, 2008an izendatu zuten ardura nagusirako. Maiatzaren amaierako kongresuan utziko du kargua. M.Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Bederatzi urtean, izan duzu astia egin nahi zenuen guztia egiteko?
Egia esan, krisiak gidoia goitik behera aldatzera behartu gintuen. Bagenituen hainbat asmo eta proiektu buruan, baina horiek tiraderan sartu eta krisiari erantzun behar izan diogu. Atzera begiratzen dudanean, halere, krisiari emandako erantzun horretan buruan genituen proiektuak eta ikuspuntuak antzematen ditut. Nabaritu da belaunaldi berri batek antolatu duela erantzuna, beste modu batean, ikuspegi luzeagoaz. Egin nahi nuena egin dudan? Bada, kasu askotan ez. Gustatuko zitzaidan beste gauza batzuk egin ahal izatea eta aukera gehiago edukitzea egitasmo batzuk aurrera ateratzeko, ez behartuta, baizik eta geuk sortuta.
XXI. mendeko lehen krisi sakonenean tokatu zaizu idazkaritza, ETAk ere epealdi horretan utzi ditu armak... Bertigorik sentitu duzu inoiz?
Bai, askotan. Lehen uste nuen erabakiak hartzeko ausardia behar zela, baina orain badakit okertzeko eskubidea eta aukera eduki behar direla. Horrek ematen du bertigoa gainditzeko modua. Egon dira erabaki gogorrak, badaezpadako sarerik gabe egindako apustuak... eta askotan ibili behar izan dugu itsu-itsuan, bidea aurkitzen, inork espero ez zuen eta guztiontzat ezezaguna zen egoera zelako. Espero genuen krisia noizbait gertatzea, lehertu egin behar zuen, baina inork ez zuen espero halako arrapaladarik, ezta halako bortizkeriaz kudeatuko zutenik ere. Ez genuen gidoirik egoera horretarako, eta ez genuen pentsatzen borroka armatuaren bukaera eta ezker abertzalearen estrategia aldaketa sekulako krisi ekonomikoaren erdian izango zirenik.
Eta ekainetik aurrera, zer?
Lehenengo, oporrak hartu, eta gero semeari zor diodan arreta eskaini uda honetan. Hirugarrena, bidean geratu diren egitasmo batzuk berreskuratu, adibidez, arreta handiagoa jarri sindikaturen estrategia feminista birkokatzeari. Tira, baditut proiektuak, baina bigarren maila batean egongo naiz, gidoia neuk idazteko aukerarekin. Zuzendaritzatik gertu, baina eskatzen didatenaren arabera. Haiek esango dute nire paperak nolakoa izan behar duen, eta, laguntza behar badute, hementxe egongo naiz. Hurrengo kapitulua idatzi behar da LABen eta euskal sindikalgintzan. Espero dugu horrekin laguntzea Euskal Herriak behar duen hurrengo kapitulu horretan.
Erraz barneratuko duzu pertsona publikoa izateari uztea?
Uste dut gauza askoren falta nabarituko dudala, baina komunikabideen aurreko bizitza ez da izango horietako bat. Egia da batzuetan kostatu egiten dela beste paper batean jartzea. Zama kentzea ona da, baina gerta daiteke gurasoek seme-alabek etxetik alde egiten dutenean sentitzen duten hutsunearen modukoa antzematea ere. Halere, proiektuak baditudanez, ez naiz ezerezean eta noraezean geldituko. Espero dut proiektu horiekin asetzea. Horrez gain, beste gogo bat ere: herriko dinamikara bueltatzea, esaterako, auzoko jai elkartean parte hartzea, auzoko batzarretara joatea...
Zer botako duzu faltan?
Esate baterako, Euskal Herri osotik ibiltzeko aukera, jendea ezagutzekoa, gatazkak zuzenean bizi eta protagonistekin hitz egitekoa... Langileen munduko errealitate gehien-gehienak hedabideetatik kanpo daude, eta parada gutxi izaten da bertatik bertara ezagutzeko, nor bere munduan bizi delako, inguruan gauzak gertatzen direla jakin arren. Idazkari nagusia izanda, berriz, aukera izan dut batekin hitz egiteko, bestea ezagutzeko, honi eta hari entzuteko... Nire ustez, hartu ditudan erabaki batzuetan asmatu izan dut asko gustatzen zaidalako entzutea eta ikastea. Horretarako guztirako, hemendik aurrera, aukera gutxiago edukiko dut. Noizean behin agertuko naiz, aukera ematen badidate, baina harreman asko egiten dira ardura honetan, eta hori aldatu egingo da.
Nahita bilatu du LABek zure ordezkoa, Garbiñe Aranburu emakumea izatea?
LABek baldintzak sortu ditu hori benetako aukera izan dadin. Exekutibo parekidea edukita, parekidetasuna bilatzeko orduan zenbakiei begiratzen diegu askotan, baina zenbaki horien atzean funtzio zehatz batzuk egoten dira. Guk nahi izan dugu funtzio nagusietan gizonak eta emakumeak egotea, beraz, aukera sortu egin da. Gainera, banuen interesa erakusteko nirea ez dela salbuespena edo egoera isolatua izan. Hortaz, badauka garrantzia emakumea izateak. Erreleboa oso naturala izan da: hura arduratu da ekintza sindikalaz, jarduera sindikalaren gidoiaren protagonistetako bat izan da, patronalak ezagutzen du, erakundeek ezagutzen dute, hedabideak ari dira pixkanaka ezagutzen eta sindikatuan ezaguna da... Ez zegoen programatuta Ainhoaren ondorengoak emakumea izan behar zuenik, baina, baldintzak sortzen ez badira, ezinezkoa izango da.
Emango diozu aholkuren bat kargua uztean?
Esan diodan bakarra izan da bere sostengu eta babes nagusia sindikatuaren barruan egongo dela, kideen artean, alegia. Lan handia edukitzen dugu bulegoan: egon behar duzu, pentsatu behar duzu, lasaitasuna behar duzu... baina nik, bederen, asko ikasi dut ordezkariekin, eskualdez eskualde, egoitzaz egoitza... ibilita. Bestalde, ez digute eskatzen beti asmatzeko, baina bai erabakiak hartzeko, ekimena hartzeko gaitasuna edukitzeko. Erabakiak hartzerakoan, beldurrak babesak eraikitzen dituzunean gainditzen dira.
Sentitu duzu karguan zerbait demostratu beharra emakumea izateagatik?
Sentitu dut idazkari nagusi emakume batekiko jarrerak, tratua... ezberdinak direla. Sentitu dut ez egotea integratuta nazioarteko esparruetan, eta norbaitek gauza bat niri begira esatea, baina gauza garrantzitsuak esan behar dituenean nire ondoko Jabi Garnikari begiratzea.
Eta sindikatu barruan?
Agian gutxiago, baina aldaketa guztiek izaten dute erresistentzia, eta, ordezkatu behar dena Rafa Diez bada, are gehiago. LABen ere baditugu gainditu beharreko jarrera matxistak, baina baita horiek ahal den neurrian baztertzeko mekanismoak ere. Halere, niri aurpegiratu izan didate ea zer ibilbide dudan idazkari nagusia izateko, ez badut sekula fabrika bat zapaldu. Emakumeok ez ditugu fabrikak ezagutzen, baina garbiketako langilea izan naiz; beraz, prekarietatea zuzen-zuzenean ezagutzen dut. Bestalde, nik LABen bazterkeriarik sentitu ez izanak ez du esan nahi beste emakume batzuek sentitu ez dutenik, egia baita autoritatea eta boterea emakumeengan ere nabaritzen dela.
Kristalezko sabaia, soldata txikiagoak, amatasun baja eskasak... pairatzen ditu emakumeak lanean. Non jarri behar da indarra datozen urteotan?  
Soldatak, prestazioak eta lanaldia dira emakumeen prekarietateari aurre egiteko borrokak. Soldata oso txikien ondorioz baldintza materialik ezean, ezin da ahalduntze prozesuan aurrera egin. Lanaldia ere sekulako prekarietate mekanismoa da. Adibidez, garbiketak, egunean bost orduko lanaldia izanda, egun osoko jarduna eskatzen du, lanaren antolaketa beste gauza batzuei begira egiten delako. Prestazioak ere kontuan izan behar dira, etxeko eta zaintza lanetan jarduteak eskubide iturri izan behar baitu. Beraz, bitarteko materialetan asko dugu borrokatzeko, baina, horrekin batera, emakumeei antolatzeko modu berriak eskaintzeak lehentasuna izan behar du, hortxe jarri behar dugu burua. Gure sindikatuan, emakumeak eta gizonezkoak parekideak gara, baina gizonezkoentzat pentsatutako eta antolatutako sindikatua gara: emakumeak sartzen direnean ikusten dugu sindikatuaren funtzionamendua eta egiturak txiki geratzen zaizkigula.
Emakumea, alaba, ama, langilea, sindikalista... zara. Zer ordenatan?
Denbora antolatzerakoan, sindikalista, ama, bikotekidea eta alaba. Ordena berri bat eraikitzeko, bikotekidea, ama, sindikalista, alaba... hortxe-hortxe. Neure burua definitzean esaten dut emakume langilea naizela eta, harro nagoenez, langile izaten jarraitu nahi dudala; horretarako behar ditut langilearen eskubideak. Ez dut estatusa aldatu nahi, naizena izanez bizi nahi dut. Hori izan da gakoa niretzat, hortik hasi nintzen antolatzen eta konpromisoak hartzen. Dena den, sindikatuaren egoitzatik kanpo galdetzen badidazu, ama naiz, ama izan nahi dut.
Ardura handiko lana duen ama zara. Sindikalista izanda, errazagoa da bi arlo horiek bateratzea?
Erraza ez da izan. Ahalegin handia egin dugu, sindikatuan, emakumeak sartzeko bateragarritasunaren eztabaidan; baditugu mekanismoak bizitza pertsonala eta lana bateragarriak izateko, baina gehiegitan nagusitu izan zait sindikalista izaera. Onartu behar dut, halaber, kontrakoaren aurka nagoela, hots, ama ona izateko dena utzi behar izatearen kontra. Guk umearen zaintzarako sare bat antolatu genuen, bai nik, bai bikotekideak militatzen jarraitu ahal izateko. Aukerak badaude, antolakundeei eskatu behar diegu horiek ziurtatzea. Horrez gain, burutik kendu behar dugu ama izateko eredu bakarra dela umearekin ordu guzti-guztiak pasatzea eta haren bizitza goitik behera kontrolatzea.
Mende bateko borroka kostatu zitzaien langileei azken urteotan galdutako eskubide asko lortzea. Beste mende bat beharko da horiek berreskuratzeko?
Gauzak nola dauden ikusita, denbora asko beharko da, baina, gaurko joerak iraultzen ez baditugu, ez da denbora kontua izango: ez ditugu berreskuratuko, kapitalismoak ez dizkigulako itzuliko. Espero dut Euskal Herrian bidea aurkitzea beharko dugun denbora hori ahalik eta laburrena izan dadin. Premia bakarra ez da eraldaketa prozesu bat hastea, hori azkartzea baizik, urgentzia egoeran gaudelako. Prozesuak presa barik egin behar dira, bai, baina egoera berriak sortzeko bideak azkartu egin behar dira, eta horrek, agian, erabakiak aldatzera eramango gaitu.
Ez dira garai onak sindikalismorako: jendarte indibidualista, mobilizazio falta... Aldatu egin behar da sindikalgintza?
Sindikalismoa ulertzeko eta egiteko modua aldatu egin behar da, baina kontua ez da bakarrik langileen eta sindikatuen artean aldentzea egon den ala ez. Azken zortzi urtean, inoiz ikusi gabeko eraso politiko eta ideologikoa egon da sindikatuen aurka. Langileak babesteko emanda genituen urratsak atzera bota dizkigute. Txikitu egin gaituzte ideologikoki eta politikoki. Tratatu gaituzte gertatu denari buelta emateko aukera edukiko bagenu bezala, eta guk ez geneukan horrelakorik, patronalari eman zaiolako egin behar zena erabakitzeko boterea. Sindikalismoa egiten jarraitu ahal izateko, ondo aztertu behar da zer ari den gertatzen. Guk, birpentsatze prozesua martxan jarri genuenean, aitortu genuen bagenituela hutsuneak eta hutsegiteak. Garrantzitsuena da gero eta langile gehiago dagoela ertzetan, eta gu erdian zegoenari begira antolatzen ari ginen agenda, jarduera eta jokabidea. Halere, ez da hori arazo bakarra: ongizate estatua deuseztatu dutenean eta kapitalismoa inolako mugarik gabe garatzen ari direnean, gu oztopoa gara. Beraz, erabaki dute gu paretik kentzea. Herri honetan ez zaio garrantzirik ematen ari ELA eta LAB legez kanpo uzteko eskatu izanari, edota ELA eta LABen gehiengoa zapaltzeko akordio politikoa egin izanari. Nola ulertzen da patronalak hain normal esatea gobernuari ezin dela politika fiskala aldatu? Normaltasun osoz onartzen zaio patronalari lan erreforma gehiago eskatzea! Datu guztiek esaten dutenean, enplegua eduki arren, gero eta langile txiro gehiago daudela! Hegemonia da patronalak daukan ahalmena nahi duena esateko eta gobernuei bere politikak inposatzeko. Hori da boterea edukitzea! Hori bai, boterea eman egin diote; beraz, erantzukizuna dagoen lekuan dago.
Negoziazio kolektiboa iraganeko kontu bihurtuko da?
Bai, baldin eta negoziazio prozesua mahai baten bueltan egindako elkarrizketa bada, langileok gure baldintzak hobetzeko xedez. Une honetan, gehiago gaude negoziatzeko ahalmena eta aukera berreskura-tzeko borrokatu beharrean, negoziazio mahai baten bueltan patronalarekin akordioak egiteko unean baino.
Sindikatuek eskatu dute
DSBE % 8 igotzeko, baina “hainbeste” irabazita agian langabeek ez ei dute lanik bilatuko...
Hori esan duena DSBErekin bi hilabetez bizitzen jarriko nuke. Jendearen bizi proiektua ez da horri esker bizitzea, ezin delako. Gemma Zabaletaren garaian, jaitsi egin zuten... Argudioa lotsagarria da: ‘Lan merkatua oso prekarioa da; lan eskaintzak, oso kaskarrak. Ondorioz, derrigortu ezean, langileak ez du lanik onartuko. Beraz, hobe da biluzik egotea, ezer gabe. Bestela merkatu honek ez du funtzionatuko’. Hori patronalak esatea, tira, baina gobernuaren ahotan... hortxe dago egoeraren funtsa. Gizartea antolatzeko, edo jartzen dugu merkatua erdian, eta behar duen eta eskatzen duen guztia ematen diogu, edo jartzen ditugu pertsonak erdian eta hau guztia berrantolatzen dugu. Gobernuarentzat, ordea, merkatua dago erdian, eta merkatuak eskatzen badu jendea kale gorrian uzteko, inolako babesik gabe, bada...
Behin eta berriz dio Jaurlaritzak ez dela murrizketarik izango. Sinesgarria da?
Ez! DSBEn dagoeneko egon da murrizketa. Legea oso argia da: gutxieneko soldataren parean joan behar du. Gutxieneko soldata igo egin da, baina DSBE ez dute behar beste igoko. Murrizketa da, halaber, babes premia egonik, estaldura gero eta txikiagoa izatea. Dagoeneko bagaude etengabeko eta mugarik gabeko murrizketa fasean. Argudiatzen dute aurreko urtean baino diru gehiago jarri dutela, baina aurreko urtean premia txikiagoa zen. Iruzur politiko nagusia izan da esan zutela beharrezkoak zirela erreformak une hura gainditzeko, baina joera bat finkatu dute, erreforma politikoa egin dute aberastasunaren banaketa gero eta ankerragoa izan dadin. Oso adierazgarria da gutxien eta gehien dutenen arteko aldea Euskal Herrian Espainiako estatuan baino gehiago eta arinago handitzea. Jakina egongo direla murrizketak! Diru gutxiago dagoelako eta hori delako egin dituzten erreformen helburua eta inposatzen duten joera.
Europako Batasuneko estatu kide guztietan hazkunde ekonomikoa izango omen da aurten, lehenengo aldiz krisia hasi zenetik. Berri ona da?
Ez, hazkunde ekonomiko hori ez delako herrira iristen. Europako Batasunean, pobrezia zabaltzen ari da, prekaritatean oinarritutako eredu baten alde egin dutelako. Hazkunde ekonomikoa ez da berez ona, hazkunde ekonomiko mugagabea ez da bateragarria munduaren bilakaerarekin. Gainera, ez bada herrira iristen laguntzen, soldaten edota zerbitzuen bidez, ez bada emakumeengana iristen etxeko langileek eskubiderik gabe jarraitzen dutelako, guri bost hazkunde ekonomikoa. Are gehiago, hazkunde honen kontra gaude, honen atzean dagoen garapen ereduaren aurka, ez direlako herrien ongizatea garatzen ari.  
Prekarietateari aurre egiteko, ez al da hobe LAB eta ELA batera joatea?
Bai! Oso argi dauzkat bi gauza: batetik, murrizketak egongo direla, eta, bestetik, ELA eta LAB batera borrokatu behar direla murrizketa horien aurka. Horixe da gure asmoa datorren kongresuaren testuinguruan. Hiru erronka genituen: lehenengoa, sindikalismoa ulertzeko eta egiteko bestelako bidea aurkitzea; bigarrena, hautu politiko batzuk egitea, euskal langileek behar duten burujabetza prozesua azkartzeko; eta hirugarrena, ELAren eta LABen arteko elkarlana posible egingo duen lerro sindikala finkatzea. Horretan gaude, eta lortuko dugula erakusten duten lehen zantzuak ikusten ari gara.

 KOLKOTIK

Abesti bat? No somos nada, La Polla Recordsena.
Sindikalista ez bazina, zer? Mugimendu feministan antolatuta egongo nintzateke. Nire amak dionez, bazterrak izorratzeko aukera ematen didan edozein lekutan, kar-kar!
Zer eramango duzu etxera bulegoko mahaitik? Bulegoa neure bihurtzeko eraman nituen argazkiak eta gutxi gehiago, motxila batean sartuko dira.
Arduraren lekukoa pasatzear zaude, Korrikarena ere pasatuko duzu? Bai, aurten azken Korrika disfrutatuko dut idazkari nagusi moduan, baina gero Garbiñeri tokatuko zaio.
Zergatik ikasi euskara? Nortasun bat ematen dizulako, norbait izatea, altxor bat mundu globalizatu honetan. Zenbat eta ezberdinago izan, zenbat eta ezaugarri propio gehiago eduki, hobe. Euskarak bakarrik ematen digu aukera hori euskaldunoi. Gainera, pribilegio bat da Europako hizkuntza zaharrenaren jabe izatea, eta kanpora joandakoan inork ez zaitu sekula ulertuko! Batzuetan oso erosoa da hori.
Sindikalista izateko beharrezkoa da bekozko iluna jartzea? Niri aurpegia ilundu egiten zait eman behar ditudan agerraldietan. Ezin dut langabeziaz, prekarietateaz, zapalkuntzaz... irribarre batekin hitz egin. Ez zait ateratzen.
Errezetaren bat frustrazio egun bati aurre egiteko? Askotan, telefonoa hartu eta beste irakurketa bat nork egingo dizun asmatzea. Eta ez itotzea. Zerbait lortu ez badut, egoerari buelta emateko zer egin pentsatzea.
Larunbat gauerako planik onena? Eguneko plan baten ondoren nekatuta, Aner semea ohera lehenbailehen joatea, kar-kar!
Zer izan nahi zenuen txikitan? Idazlea uste dut. Nituen burutazio guztiak idazten jakitea.
Zer ez duzu izan nahi orain? Aldaketara moldatzeko gaitasunik ez daukan ernegatua.
Erretiratzen zarenerako amets bat? Nahi dudana egiteko askea izatea. Garaiari egokitutako militantzia eta konpromiso bizimodua.
Zer irakurri nahiko zenuke biharko egunkarian? Burujabetzaren prozesua bultzatzeko greba orokorra deitu dugula ELAk eta LABek.
Zer osagai behar ditu maiatzaren leheneko mitin on batek? Laburra, argia eta jendea urtebeteko perspektiban erronka batzuei begira jartzeko modukoa. Jendeak ikusi behar du erronkak urtero berritzen ditugula, neurri batean,  aurreko urtekoak bete ditugulako.
Film bat? Filmak gustatzen zaizkit, baina ez naiz zinemara joaten, klaustrofobia ematen didate leku itxi eta ilunek.
Liburu bat? Berriro irakurri dut Angela Davisena duela gutxi.
Zerk ematen dizu beldurra? Jendearen espektatibei erantzuten ez jakiteak.
Zerk eragiten dizu negar? Umeak beldur aurpegiz ikusteak, injustiziak finean.
Eta barre? Umore beltzak.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan? Jogurtak, eta garagardo pare bat.
Bi hitzetan, nolakoa da Ainhoa Etxaide? Lotsatia eta zorrotza.