Loraldiak udaberria aurreratuko du Bilbon

loraldia

Udaberriaren atarian, hogeita hamar ikuskizun inguru, bi ekoizpen propio eta 150 artista ekarriko ditu Bilbora Loraldia jaialdiaren 3. edizioak. Tartean Teatroaren Ez dok hiru. Euskal musikaren benetako istorioa lanarekin hasiko da jaialdia, martxoaren 7an, eta apirilaren 8an amaituko da, Mikel Urdangarinen Margolaria disko berriaren aurkezpenarekin. Ekitaldiak Bilboko hainbat gunetan izango dira: Arriaga eta Campos antzokiak, Pabellón 6, Cafe Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa... Besteren artean, jaialdiak beren-beregi ekoitzitako bi lan aurkeztuko dituzte: lau eszena zuzendariren beste horrenbeste antzerki pieza batzen dituen Strip-tease eta Peter Seeger AEBetako abeslariaren omenez osaturiko Eutsiko diogu Pete! The Seeger Basque Sessions ikuskizuna, Lou Topet taldea eta beste hainbat musikari batuko dituena. Dantza, antzerkia, literatura, musika eta zinema, ia hilabete osoz eskaintza arrunt zabala izanen du Loraldiak. Egitarau zehatza ikusgai dago jada www.loraldia.eus webgunean.


laburbiraXIV. LABURBIRAK euskarazko 8 film labur ikusteko aukera eskainiko du Euskal Herriko 32 herritan, martxoaren 3tik apirilaren 7ra arte. Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du Laburbira, euskarazko lanak eta haien egileak ezagutarazteko xedearekin. Urteon, Euskal Herriko makina bat herritan ez ezik, New Yorken, Parisen, Londresen eta Valentzian ere eskainiko ditu emanaldiak. Honako hauek dira aurtengo ediziorako aukeratu dituzten zortzi lanak: Oier Fuentesen Azken saskia; Ageda kopla taldearen Beti bezperako koplak; Alejandro Diaz Castañoren Ihesa; Kepa Sojoren Hileta; UDA Films taldearen 280º; Ibon Iza Totorikaren Elemakarrak; Eki Pagoagaren Jalgi; eta 2016ko Euspot euskarazko spot lehiaketaren orain arteko bost edizioetan aurkezturiko spotik onenak. Egitarau osoa topagunea.eus gunean dago ikusgai.

LABURREAN

URTARRILAREN hondarretik abian dira Azkoitiko Matadeiko VIII. Antzerki Jardunaldixek. Maiatzaren 26ra bitarte, zer ikusia izango da. Martxoaren 12an Maite Guevararen ¡Ahora! ikusi ahal izango da. Gainontzeko lanak ez bezala, gaztelaniaz izango da. Hilaren 26an, Londreseko 2Theatre taldeak Boris & Ingrid antzezlana eskainiko du, euskara eta ingelesa tartekatuta. Apirilaren 30ean, umeentzako Ilargi arrantza eskainiko du Banakike txotxongilo taldeak. Maiatzaren 14an, Beheko Larraine taldearen Atte hil aurretik izango da ikusgai. Azkenik, Ixiar Rozasen eta Maite Arroitajauregi Mursegoren Plastika lanarekin amaituko dira jardunaldiak, maiatzaren 26an.


dferiaMARTXOAREN 6tik 9ra egingo da XXIII. Dferia Donostiako Arte Eszenikoen Azoka. Guztira, bertako eta nazioarteko 29 konpainiaren 30 ikuskizun eskainiko dituzte; horietatik zazpi, estreinaldi orokorrak.  Programaturiko lanen erdiak antzerki lanak izango dira, eta gainontzeko gehienak dantzarekin lotuak, baina zirkoak eta diziplina anitzeko lanek ere izango dute tokia. Bestalde, sortzaile eta programatzaileen elkargunea izateko xedeari lotuta jardunak ere izango dira. www.dferia.eus/2017/ gunean jaso daiteke azokari buruzko informazio guztia.