Moonlight

moon

Zuzendaria: Barry Jenkins. Gidoia: Barry Jenkins (Tarrel McCraney idazlearen liburu batean oinarrituta). Aktoreak: Trevante Rhodes, Naomie Harris, Mahershala Ali, Ashton Sanders. AEB, 2016.

Istorioa: Miamiko aldirietan bizi da Chiron gazte beltza, droga eta pobrezia nagusi diren auzo txiroan. Ama drogazalea du, eskolan jazarri egiten dute... inguru latz horretan, bere burua topatu nahian dabil Chiron. Homosexuala izateak, gainera, are gehiago zailduko dizkio gauzak.
Sariak: Harrera bikaina izan du Jenkinsen bigarren lanak. Lerrook leitzen dituzuenerako, esaterako, Oscar sari batzuen jabe izan daiteke filma, zortzi kategoriatan jaso baititu izendapenak. Besteren artean, film eta zuzendari onenarenak. Oscarretatik at ere izendapen eta sari parrasta jaso du.
Onena: Chironek bere identitatea aurkitu eta marrazteko egindako ibilia erakusten du filmak, protagonistaren haurtzaroari, nerabezaroari eta gaztaroari erreparatuta. Bide gogorra, baina modu neurtu eta neurritsuan erakutsia, aparteko zaratarik gabe. Irudi (tarteka) ederrekin, isiltasun une esanguratsuekin, sentiberatasunez, begiraden eta keinuen adierazkortasunean oinarrituta, Jenkinsen lanak badaki ikuslea hunkitzen, sentimenduen azaleko geruzatik harago joanda, gainera.
EƱaut Mitxelena