Lekuek festibala, denetarik Gernikan

limboos

Laugarren edizioa beteko du Gernikako Lekuek Festibalak martxoaren 11tik 19ra bitartean. Musika estilo ezberdinak entzun, dantzatu, ikasi eta bizitzeko aukera zabala izango da aurtengoan ere, azken emaitza “merkatuaren logiketatik kanpo dagoen festibal txikia, askotarikoa, eklektikoa eta horizontala” izango delarik, antolatzaileen esanetan. Horren erakusle dozena bat lekutan izango direla kontzertuak. Batetik, kultur guneetan: Astra, Iparragirre Rock Elkartea, Trinkete Antitxokoa eta Lizeo Antzokia. Bestetik, hainbat tabernatan: Arima, Aterpe, Irrintzi, Lagun-Etxea, Ospa, Zaplast, Zeppelin, Zuhaitzpe, Arrano Kultur-Etxea, Musutruk eta Revolution. Taldeen artean ere, estilo aniztasuna  nagusi: Guadalupe Plata, Ruper Ordorika, Luma, Capsula, Kepa Junkera, Solea Morente, Nick Moss, The Limboos, The Kinki Coo Coo’s, Sumision City Blues, Cabezafuego, Descarga Libre, Guda Dantza, Inoren Ero Ni... Sarrerak eta informazio gehiago www.gernikakolekuek.com webgunean.


berriozarBERRIOZAR lana argitaratu du Bonberenea Txarangak, Tolosako inauterietako musikaren birziklapena, jai hori ezagutzen duenari hasieran arrotza gerta dakiokeen ikuspuntutik sortua. Bonberenearen 20. urteurrena ospatzeko egindako diskoa lau abestiz osaturiko bilduma da, bi formatutan kaleratua: CDan eta 10” biniloan. Bonberenea Txarangak 2005ean atera zuen lehen lana, eta orduz geroztik beste hiru plazaratu ditu. Nahiz eta txaranga batek kaleko konnotazioa izan, kaleak alaitzea baitu helburu kalean geratzen den musikaz, Bonberenea Txarangak beti izan du kanon hori hautsi eta ezberdina izateko grina. Hala, kalean entzuten diren betiko abestiak nahikoak ez zirela iritzita, bere abestiak konposatzeari ekin zion. Berriozar da ekimen horren bosgarren emaitza.

 

 

 

willisTABULA RASA
Willis Drummond
Tabula Rasa Records, 2016

Taldearen bosgarren lan hau pare bat urteko geldialdiaren ostean dator. Taldeko kideak, haatik, ez dira geratu, beste hainbat proiektutan ibili izan baitira bitartean. Orain, hainbat berrikuntzarekin itzuli dira: alde batetik, Joseba B. Lenoir-en gitarra finkatu egin da taldean; beste alde batetik, lehenengo aldiz aritu dira ekoizle batekin (Burke Reid) lanean, eta horrek zerbait berria aurkitu izanaren sentsazioa utzi die; eta, azkenik, beti osatu dutenez banda independentea, logikari jarraitu eta beren zigilua sortu dute lanak kaleratzeko. Iñigo Irazokiren Berako Atala estudioan grabatu da lana.

korrontziKORRONTZI BENEFIC
Korrontzi
Baga-Biga, 2016

Proiektu honetarako, Korron-tzik elkarlanean jardun du TDH-Gizakien Lurra fundazioarekin eta Aitzina-AEFAT elkartearekin (biek laguntzen diete ume eriei). Hala, lan hau ez da musika soila, sustengu ekonomikoa emango baitzaie elkarte horien bidez gaixo dauden mundu osoko umeei. Emaiogu bostekoa abestiaren musika eta letra Agus Barandiaranek eta Xabier Zabalak egin dituzte. Hainbat lagunek hartu dute parte: Xabier Berasaluze Leturia, LM Moreno Pirata, Pirritx eta Porrotx, Donostiako Ekintza ikastolako Txiki abesbatza... Ume horiek marraztutako postalak ere biltzen dira lan honetan.