Zarata ederra da

KILKERINDUSTRIAL SUNBATH
Killerkume
Hainbat zigilu, 2016

Aurreko bi lanei oraindik zuku guztia atera barik geundela iritsi zaigu Bilbo inguruko bikote honen hirugarren lana: binilozko disko dotorea, esparru alternatiboan azken bolada honetan ohikoa den bezala, hainbat diskoetxeren artean kaleratua. Musika instrumentala egiten du Killerkumek, latza, zaratatsua eta astuna. Baina, hori irakurrita, norbaitek errazkerietara lerrotutako lana espero badu, oker egongo da guztiz. Musika zaratatsu eta astunaren esparruan bete-betean egon arren, Killerkumeren konposizioak bihurriak dira, irudimentsuak, erritmo aldaketez beteak, eta, noise eta hardcore izateari utzi gabe, free jazzera hurbiltzen dira behin baino gehiagotan. Abesti luzeak dira (Ebakuntza gela da laburrena, bi minutu eta erdikoa, baina gehienek hamar minutu inguru irauten dute), eta horrek inprobisaziorako eta doinu askeetarako lekua uzten die Killerkume osatzen duten bi musikariei.

Gotzon Hermosilla