Eskafandra bildumak lanean jarraitzen du

eskafandra

Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea lanarekin batera aurkeztu zen pasa den Durangoko Azokan Eskafandra bilduma. Pentsalari feministen obra nagusiak euskarara ekartzeko asmoz sortu dute euskal kulturako zazpi emakumek: Eider Rodriguez, Idurre Eskisabel, Anari Alberdi, Amagoia Gurrutxaga, Ainara Lasa, Maialen Lujanbio eta Lorea Agirre. Hala, pentsamendu feministak azken 200 urteotan emandako obra esanguratsuenak euskaraz kaleratuko dituzte Jakin Fundazioak eta Elkar argitaletxeak. Angela Davisen liburuak (Danele Sarriugartek itzulia) izandako harrera onaren ostean, datorren hilean plazaratuko da bildumako bigarrena: Virginie Despentes-en King Kong teoria, Itziar Diaz de Ultzurrunek itzulia. Feminismo liberal edo azalekoaren aldean, aldarrikapen erradikalagoa dakar testu bortitz eta indartsu honek. Saiakera eta autobiografia uztartzen ditu, itsustasunetik idatzia izan da eta hainbat gai polemiko jorratzen ditu, hala nola, bortxaketa, prostituzioa edo pornografia.


 

akademia111 AKADEMIAK amaitu du 2016an euskal literaturak utzitako uzta zabaleko sei libururik gogokoenak hautatzeko egindako lehenengo bozketa txanda (81 kidek eman dute botoa). Hortaz, bigarren botoa emateko orduan, ondoko obren artean aukeratu beharko dute Akademiako kideek: 33 ezkil (Miren Gorrotxategi), Alsina (Xabier Mendiguren), Begoñaren itzalpean (Jose Inazio Basterretxea), Elkarrekin esnatzeko ordua (Kirmen Uribe), Elur bustia (Pello Lizarralde) edota Txistu eta biok (Juan Luis Zabala). Bigarren txandan liburu horietakoren batek botoen % 40 jasoko balu, 111 Akademiak huraxe izendatuko luke zuzenean 2016ko saridun. Bestela, bi bozkatuenak finalera igaroko dira, eta apirilaren azkenean jakingo dugu zein liburuk lortzen duen 2016ko 111 Akademiaren Saria.

 

 

herioHERIOREN MANDATARIA
Joseba Lozano
Erein, 2016

Oscar Miller idazle ospetsu eta hipokondriakoak Marco Berling medikua kontratatu du, baina Marcok amesgaiztoak izaten ditu sarri: lagun batzuekin biltzen da “ehizarako”, baina animaliak hiltzeaz aspertzen direnean, ausaz aukeratutako pertsonak hiltzen hasiko dira. Gutxien espero duenean, ordea, amesgaiztoetako pertsonaiak bizitza errealean agertuko zaizkio. Hilketak,  suspensea, misterioa, beldurra… guztiak nahasian ametsaren eta errealitatearen arteko muga lausoan.

 

maiteMAITE DITUT MAITE
Ismael Manterola Ispizua
Edo!, 2017

Egileak XX. mendeko Euskal Herriko artearen transmisioa aztertu eta horri buruz idatzi du, iragan mendeko artearen transmisioan izandako bihurguneei begira:  modernitatearen eta tradizioaren arteko harremana, etika eta estetikaren arteko loturak, eta artearen sistemak jokatutako papera ditu aztergai. Lan eskerga eta beharrezko honi esker, abiapuntu bat bada orain, tresna bat Euskal Herriko artearen lanbro artean nork bere bideak topatzeko, nork bere bazter kutunak.