Airearen isla

airearenMikel Hernandez Abaitua
Elkar, 2016

Airearen isla eleberria zenbait atal berezituz osatua dago, nolabait. Irakurleak topatuko ditu, nagusiki, ekintzaren narrazioa, gogoeta eta deskribapena. Badaude hainbat afera: maitasunezkoa bata, ogibidearekin loturikoa bestea. Badaude deskribapen ugari: artelanena, Euskal Herriko eta Europako zenbait hirirena (Venezia, Frankfurt, kasu), txirrindularitzarekin lotutako kontuen gainekoa…
Bai, gure protagonista Josebari (nobelaren egileari bezala, ziurrenik) izugarri nabari zaio zer maite dituen: emakumeak, Frantziako Tourra, literatura, musika, margolanak… operazaletasuna ere jaiotzen hasia zaio. Gure protagonista maskulinoari, halaber, azkar asko sumatuko dizkiogu bere generoarekin lotu ohi diren ahuleziak: koldarkeria, ekimena behar denean ekimen eza (amodio-gaietan, bereziki), norbere buruarengan segurtasunik eza…
Beraz, irakur beza liburu hau, patxadaz egin ere, egunerokotasun bizitik aldentzeko gogoa edota beharra duenak, gizon arrunt baten barnera joaten ausartzen denak eta, benetan gozatuko badu, aipatu arteen zalea denak (horien islaz blaituko baita gehienbat).

Usoa Alberdi Fernandez