Gerra Zibilaren irabazleek isildutakoei ahotsa emanez

klikatuz

1936ko gerran galtzaileen aldean izandako 75 lagunen lekukotzak jaso eta sareratu ditu Durango 1936 elkarteak. Hots, isilduta izan dituzten 75 ahotsi leku egin diete, haien esperientziak bilduta belaunaldi berriei ezagutarazteko. 2007an sortu zen elkartea, eta ordutik egindako grabazioak jaso dituzte www.durango1936.org/eu webgunean. Gai eta herrien arabera sailkatuak daude, eta informazio osagarria ere badute. Zehazki, elkarrizketatuek aipatzen dituzten biktimen argazkiak edo haiekin zerikusia duten dokumentuak: gutunak, fusilamendu agiriak eta abar. Oraingoz 75 testigantza jaso dituzten arren, esperientzia gehiago jasotzeko aukera zabalik du elkarteak.


 

euspotABERASTASUN iturri gisa aniztasunaren balioa izango du gai nagusi Euspot euskarazko spot lehiaketaren aurtengo edizioak. Zehazki, Aniztasunak aberastu egiten gaitu leloa hartu beharko dute abiapuntu sariketan, eta aurkezturiko bideoek horri loturiko balio edota ideiak transmititu beharko dituzte: aukera berdintasuna, diskriminazio eza, elkarbizitza, giza eskubideak, gizarte kohesioa... Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateak, Arizmendi Ikastolak eta Arteman komunikazio enpresak antolatua, seigarren edizioa du aurtengoa publizitatea, sormena eta euskara batzen dituen lehiaketak. Hogei eta hogeita hamar segundo bitarteko lanak apirilaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dira, eta guztira 2.250 euro banatuko dituzte saritan. Xehetasun guztiak euspot.eus gunean daude ikusgai.

LABURREAN

URTE BERRIAREKIN batera, sakelakoetarako zenbait aplikazio berri ipini dituzte erabiltzaileon eskura. Hala, Gesmae Informatika enpresak Ulermenapp eta Jorrokak aplikazioak sortu ditu. Ariketa laburren bidez ahozko ulermena eta irakurmena lantzeko balio du lehenak; bigarrenak, berriz, askotariko erronken bidez erabiltzaileen arteko lehia osasungarriak proposatzen ditu. Bestalde, Arteman enpresak kaleratutako Kirolapp-ek erabiltzailearen kirol jarduna kontrolatzeko balio du: lasterketa eta entrenamenduen jarraipena egin, ibilbideak gorde... Enpresa baten zein bestearen aplikazioak doakoak dira, eta Android eta iOS plataformetarako daude eskuragarri.

EUSKAL BLOGINTZARI buruzko inkesta abiarazi du sarean Azkue Fundazioak. Edonori zabaldutako inkesta da, euskarazko blogei buruzko ahalik eta datu baliagarri gehien biltzeko helburuarekin egina: blog kopurua, nola kudeatzen diren... http://www.azkuefundazioa.eus gunean topa daiteke inkesta, eta martxoaren hasiera aldera arte bete ahal izango da. Emaitzak eta ondorioak jendaurrean zabalduko dituzte Blogetan! Euskal blogariak lehian sariketaren sari banaketa ekitaldian, martxoaren 30ean, Euskararen Etxean.

ATZEKOZ AURRERA hiztegia, euskarazko hitz-bukaeren hiztegia, sarean ipini du UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak, Bertsozale elkartearen laguntzarekin. 53.000 sarrerarekin, euskarazko hitz-bukaerak bilatzeko aukera eskaintzen du. Hots, errimak egiteko aukera ematen du eta, beraz, bertsolarientzat oso baliagarria. Batez ere lexiko orokorreko sarrerak biltzen ditu. 1994an argitaratu zuen Atzekoz aurrera paperezko hiztegia UZEIk, baina agortua zegoen aspalditik. Orain, eguneratu ostean, http://www.uzei.eus/online/atzekoz/ helbidean dago erabilgarri.