Robotak eta errenta unibertsala

Zientzia eta teknologiaren munduko guruak aztoratuta dabiltza azken boladan adimen artifizialak eta robotikaren hedapenak ekarri behar dituzten ondorioak direla eta. Duela hil batzuk, Stephen Hawkingsek berak esan zuen hobe dugula ahalik eta lasterren asmatu adimen artifiziala eskuz deskonektatzeko “botoi gorri” bat, oso litekeena baita teknologia bere buruaren jabe egiten denean gizakiak 'azaleko gastu' edo, areago, etsai edo lehiakidetzat hartzea, eta akabatzeko tentazioa izatea.
Ideia beldurgarria da, eta maiz aztertu izan da literaturan eta abarrean. Baina hain urrutira iritsi gabe, badira beste egoera hurbil eta kezkagarriagoak. Honezkero ezagutuko duzue Elon Musk enpresari estatubatuarra. Tesla eta SpaceX enpresa teknologikoen jabea da. Bada, haren ustez, oso azkar iritsiko da robotak fabriketako eta prozesu errepikakorretako lanpostuak ordezkatzen hasiko diren eguna. Behin hasita, ordezkatze hori gero eta azkarrago gertatuko dela uste du Muskek, eta, ekonomia egoera berri horretara egokitzen den bitartean, sekula ikusi gabeko langabezia krisia gerta litekeela. Horregatik, Muskek dio politikariek, ekonomialariek eta era guztietako adituek lehenbailehen hasi behar dutela pentsatzen nola egin aurre egoera horri, erabateko hondamendia jazoko ez bada.
Hari beretik tiraka entzun dugu Microsoften sortzaile Bill Gates bera ere. Ikuspegi baikorra gehitu nahi izan dio Muskek iragarritako krisialdi horri, eta konponbide batzuk ere zirriborratu ditu. Batetik, Gatesek proposatu du langileak ordezkatzeko erabiltzen diren robotek ere zergak ordaintzea, langileen bestekoak edo handiagoak ere. Azken finean, robotak erabiltzen dituen enpresak produktibitatea areagotzeko egiten du, hau da, gehiago aberasteko. Beraz, gehiago aberasten bada, dagozkion zergak ere areagotu egin behar zaizkio.
Zerga horiekin, hala Gatesek nola Muskek, oinarrizko  errenta unibertsala sortzea proposatzen dute, lanik ez duen jendeari ere bizimodu duina bermatzeko. Ideia polita da horrela aurkeztuta, noski, baina ikusi beharko da nola eramaten den praktikara...

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/adimen
Adimen artifizialaren orainaz eta geroaz, 2016ko abenduko Elhuyar aldizkarian.

https://labur.eus/adimen2
Beste erreportaje bat gai honetaz, Berrian.

https://labur.eus/robotak
ZUZEU agerkarian ere, roboten inguruko gogoetak.