Metodoak

julenJulen Gabiria

Aurrekoan, Iruñetik paseoan, alabari azaldu nion toki hartantxe zegoela kartzela eta hara eramaten zituztela intsumisoak, edo, bere hiztegira etorrita, soldadu joan nahi ez zutenak. Garai batean jendea soldadu joatera behartuta zegoela entzutea ulergaitza egin zitzaion, eta are ulergaitzagoa iruditu zitzaion, noski, horri uko egiteak kartzela zekarrela ordainetan. Bere txundidurak lagundu zidan konturatzen zenbat aldatu diren gauzak hain denbora laburrean; hainbeste, ezen neuri ere oilo-ipurdia jarri baitzitzaidan, baina nire kasuan ez oroitzapenengatik, ezpada aldaketa horien meritua arriskuak hartu zituzten pertsonena izan zelako, eta ez gobernuena, ez denboraren joanarena, ez zeruetako izakiek obratutako mirariena.
Orain ez dakit zer esango luketen gure agintariek antzeko egoera batean; badakit, baina, gizartetik sortutako bi ekimen nabarmen izan ditugula oraintsu begien aurrean, Luhusokoa eta errefuxiatuen aldekoa, eta “ulertzen dugu, baina ez dugu bat egiten erabilitako metodoekin” bezalako formulak entzun behar izan ditugula. Itxura batean, agintariek mugimendu bakarra txalotzen baitiote herriari: lau urterik behin botoa ematera joateko egiten dituen metroak. Hori da herri-mugimendua. Hortik aurrerako guztia inoren arloetan sartzea omen da, politika herriaren zeregina ez balitz bezala.
Esate baterako, politika ez balitz bezala duela 50 urte zenbait herritar elkartzea han eta hemen eta, legeari iskin eginez, ikastolak sortzea modu klandestinoan, seme-alaben geroa batere argia izango ez zela jakinda ere. “Ez dugu bat egiten metodo horiekin”, pentsa. Ai, politikarien zain egon izan bagina beti. Ai, herria ez balitz hainbat gaitan mobilizatu, etorkizuna azak janez pasatuko genuen beldurrez. Noizbait jakingo ote dugu eskertzen hain gutxik hainbesteren alde egindako guztia eta hartutako arriskuak? Mixel Berhokoirigoin, Txetx Etxeberri, Michel Bergougnan, Beatrice Molle, Stephane Etxegarai, Mikel Zuluaga, Begoña Uharte, Iñaki García Koch eta beste asko. Mila esker, zer gehiago esan daiteke.