Ondo merezitako omenaldia

dorsala

1980ko udazkenean, Euskal Herri osoa zeharkatu zuen lehenengo Korrika haren 1.529. kilometroa egin zenean, gutxi falta zen lehen edizioa amaitzeko: guztira, 1.580 kilometro izan ziren. Harrezkero, makina bat egin ditu lekukoak, eskuz esku. Korrika egiteko ideia eduki zutenek ez zuten berehalakoan irudikatuko ekitaldi hark izango zuen arrakasta, ezta zenbateraino luzatuko zen etorkizunean ere! Are gutxiago, Euskal Herriak esportatuko zuen ideia zoragarri eta zorogarrienetakoa izango zenik. Korrikaren sortzaileek, gainera, helburua bete zuten: AEKrentzako dirua bildu, erakundea kinka larrian baitzegoen. Hortaz, bazen lagun haiek omentzeko garaia! Hala, 20. Korrikaren omenaldi ekitaldian bilduko gara Korrikazale guztiok, datorren otsailaren 11n, Irungo Ficoban. Besterik ez bada ere, “artista” haien ekina irribarre eta  txalo zaparrada artean aitortu eta eskertzeko. Izan ere, haiek izan zirelako gara gaur egun milaka eta milaka Korrikazale.