LABURREAN

URTAROEKIN loturiko ospakizun eta ohiturak ezagutarazteko asmoz, Urtesasoiak.com webgunea sortu dute Labayru Ikastegiak eta Ikastolen Elkarteak, Etxepare Euskal Institutuaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Azkue Fundazioaren laguntzarekin. Labayruk eta Ikastolen Elkarteak duela zenbait urte egindako lana osatzera dator gunea, berez 2000. urtean kaleratu baitzuten disko, bideo eta paperezko euskarrietan. Orduko material hori osatu eta teknologia berrietara egokitu dute orain. Euskal Herri osoko tradizioak, herri kantuak, urte sasoiari loturiko lanak, errituak... urtaroekin zerikusia duen ondarea bildu eta ezagutarazteko makina bat testu, audio eta ikus-entzunezko biltzen du atariak, eta erabiltzaile ororen eskura utzi.

ATLETIKATHLETIC futbol taldearen balioen transmisioa ardatz, guraso eta haurren artean euskararekiko motibazioa handitzeko ipuin-sorta interaktiboa sareratu dute Athletic Fundazioak eta Euskaltzaleen Topaguneak: Lehoiak ametsetan: Bixentaren abentura zurigorriak. Kirmen Uribek idatzitako ipuinak eta Asisko Urmenetak eginiko ilustrazioak batzen ditu aplikazioak, eta Maria Uriarteren ahotsean entzuteko aukera ez ezik, azpi-tituluen bidez irakurtzeko modua ere eskaintzen du. Mr Pentland, Athleticeko emakumeak, Iribar... hainbat gai eta pertsonaia ageri dira ipuinetan. Gainera, erabiltzaileek ere parte hartu ahal izango dute, Athletici buruzko istorioak bidalita: ondoren, bidalitako gaien artean bat aukeratu eta ipuin bilakatuko dute. Aplikazioa doan deskarga daiteke IOS eta Android plataformetan.


euskaltzaindiaEuskaltzaindiaren webguneko (www.euskaltzaindia.net) atal erabilienak sakelakoan ere eskuragarri daude dagoeneko, Smartphone zein iPhone motako telefonoetan. Horrenbestez, Akademiaren Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak batzordearen gidaritzapean buruturiko lanari esker, Hiztegi Batua, Orotariko Euskal Hiztegia eta Euskal Onomastikaren Datutegia segapotoetan kontsultatu ahal dira. Halaber, egokitzapen berriei esker, eskuko telefonotik webgune osoa ikusteko aukera ere badago.