Ekonomia

euskokart‘Euskoa’, txartelean ere bai

Ondo bidean, esku dirutan ez ezik, txartelean ere erabili ahal izango da eusko moneta soziala. Euskal Moneta elkarteak 2013ko urtarrilean jaulki zuen euskoa, xede argiarekin: ekonomia ekologiko, solidario eta euskalduna sustatzea, baita tokiko ekonomia bultzatzea ere. Egun, 3.000 lagunek darabilte, eta 660 enpresa, elkarte eta saltokitan onartzen dute. Orain, beste urrats bat eman nahi dute, EuskoKarta izeneko txartela sortuz. Monetaren antzera, euskoa onartzen duten lekuetan erabili ahal izango da txartela. Alta, EuskoKarta martxan jartzeko, 30.000 euro behar ditu elkarteak, eta kopuru hori lortzeko diru bilketa abiarazi du, euskokart.org webgunean. Urtarrilaren 19an ipini zuten martxan, eta bi hileko iraupena izango du. Hain juxtu, kanpaina amaitzen denean, martxoaren 19an, Eusko Eguna egingo dute, Baionan.