Japonia

phoneKomuneko paperaren alboan, “sakelako papera”

Tokioko nazioarteko aireportuko komunak erabiltzen dituztenek garbiketarako zerbitzu berria topatuko dute: sakelakoak desinfektatzeko papera. Japoniako telefono konpainia batek ipini ditu, NTT Docomo-k, hain zuzen. Laurogeita sei komunetan ipini dute, eta aurtengo martxora arte izango dituzte, proba gisa. Ohiko komuneko paperaren ondoan ipinita, paper berezia da, eta nagusiki turistentzat. Finean, segapotoaren pantaila garbitzeko balio du. Hori bai, papera baliatzen dute enpresari buruzko publizitatea egiteko. Japoniako komunek sona dute, dela oso garbiak egoten direlako, dela teknologia berrikuntza ugari eransten dizkietelako. Sakelakoak garbitzeko paper berezia ipintzea bitxitzat har daiteke, baina badu bere arrazoia. NTT Docomo enpresak berak jakinarazi du datua: sakelako baten pantailan, komun bateko eserlekuan baino bost aldiz germen gehiago topa daitezke. Beraz, komeni da sakelakoarekin txukun aritzea...