Teknologia

hushme‘Hushme’, belarriluzeak saihesteko gailua

Sakelakoaz hitz egitean inguruko inork ez entzuteko, jendearengandik aldentzea edo baxu hitz egitea beste erremediorik ez da izaten. Urtarrilaren hasieran Las Vegasen (AEB) egindako CES 2017 (International Consumer Electronics Show) teknologia azokan aurkezturiko gailu batek, ordea, bestelako irtenbidea proposatzen du. Ukrainako gazte batzuek sortua, Hushme du izena. Maskara edota muturreko itxura du; ahoaren parean paratzen den entzungailuaren antza ere har dakioke. Telefonoz hitz egiterakoan, erabiltzaileak ahoan jarri behar du. Hala, gailuak haren hitzak estaltzen ditu, ingurukoek ezertxo ere entzun ez dezaten. Gainera, bozgorailu txiki batzuk ere baditu, erabiltzailea hizketan ari den bitartean musika edota bestelako soinuak (animalienak, naturan entzun daitezkeenak...) zabaltzeko. Horrela, belarri fineneko kuxkuxeroenak ere ez du tutik entzungo. Jakina, gailuak entzungailuak ere baditu, hizketan ari denak telefonoaren beste aldean dagoenaren kalaka besterik ez dezan entzun. Bluetooth bidez konekta daiteke segapotoarekin. Oraingoz, prototipoa baino ez dute aurkeztu. Halere, crowdfunding kanpaina egin nahi dute, gailua ekoizten hasi eta aurten bertan merkaturatzeko. Sortzaileen aurreikuspenak betez gero, 190 euroan baino zertxobait gutxiagoan ipiniko dute salgai.