AEB

lucasGeorge Lucasen mundua, museora

Urte askoan toki egoki baten bila ibili ostean, George Lucas zinemagilearen Narrazio Arteen Museoak egoitza izanen du. Los Angeles hirian (AEB) eraikiko dute, 2020. urtean zabaltzeko asmoz. Star Wars saga sortzeagatik da ezagun, batez ere, Lucas. Hain zuzen, film-sorta horrekin erlazionaturiko objektu mordoa jasoko du museoak. Alabaina, askoz osagai gehiago izango ditu. Izan ere, milaka artelanez eta zinemarekin loturiko poster eta objektu ugariz osatutako bilduma du Lucasek, eta horiek guztiak aterpetu eta erakusteko balio izango du museoak: Norman Rockwell eta N. C. Wyeth marrazkilari eta ilustratzaileen margoak, Robert Crumb komikigile eta ilustratzailearen lanak, Hollywoodeko film klasikoen posterrak eta haietan erabilitako objektuak... Ma Yansong arkitekto txinatarrak diseinatu du eraikina, eta, aurreikusi dutenez, 950 milioi euro beharko dituzte martxan jartzeko. Lucasek berak erabaki du museoa non eraiki; polemikaz zipriztindutako erabakia, museoaren kokapena eztabaida iturri izan baita aspalditik. Hasieran batean, San Franciscon eraiki nahi izan zuen, Presidio izeneko eremuan. Inguruan izango zuen eragina tarteko, ez zioten utzi. Ondoren, Chicagon eraikitzea pentsatu zuten, baina han ere ez zieten utzi. Azkenik, Ma Yansongek bi proposamen egin zituen: bata San Franciscorako eta bestea Los Angeleserako. Horrek xextra eragin zuen bi hirien artean. Azkenean, Lucasek Los Angeles hobetsi du, museoak sarbide hobeak izango dituelakoan. Hori bai, San Francisco hiriari ere eskerrak eman dizkio, erakutsitako interesarengatik.