Komunikazioa

argia2017ko Argia sariak banatu dituzte

Iragan 27an, Argia sariak banatu zituzten Usurbilgo Atxega jatetxean. Argia aldizkariak banatzen ditu, euskarazko komunikazioan eta kazetaritzan nabarmendu diren norbanakoei eta proiektuei aitorpena egiteko; aurtengoa 28. edizioa da. Irratiaren esparruan, Oiartzun Irratiko Mirari Martiarenak eta Antxeta irratiko Aitziber Zapirainek eskuratu zuten saria, Amapola Morea irratsaioagatik. Bi irratiek elkarlanean osatzen dute saioa, euskal emakume sortzaileen lorategia osatzeko asmoz. Ikus-entzunezkoen atalean, Ipar Euskal Herriko hainbat gaztek egindako Busti web-telebista saioak jaso zuen. Prentsaren alorrean, berriz, Ane Irazabal kazetaria saritu zuten, hainbat hedabidetan nazioarteko gaiak lantzen dituena. Interneteko Argia saria Game Erauntsia bideo-jokoen euskal komunitateak erdietsi zuen. Sustapen-ekintzen esparruan, Egian Euskaraz taldeari eman zioten saria, iaz eginiko Egian euskaraz bizi nahi dugulako ekimenagatik. Azkenik, Merezimenduzko Argia sariak joan den urtean zendutako Imanol Urbieta ekarri zuen gogora, zarauztarrak euskarazko haur kantutegiari egindako ekarpen eskerga aitortzeko.