Zinema

lalaland‘La La Land’ Oscar sarietarako hautagai nagusi

Otsailaren 26an banatuko dituzte, Los Angelesen, zinema munduko saririk entzutetsuenak: Oscar sariak. Hollywoodeko akademiak aurtengo izendatuak ezagutarazi ditu eta, 89. aldia duten honetan, film bat nabarmentzen da beste guztien gainetik: Damien Chazellek zuzendutako La La Land, guztira 14 izendapen lortu baititu. Gaurdaino, beste bi filmek bakarrik jaso izan dituzte horrenbeste izendapen: All About Eve (J. L. Mankiewicz, 1950) eta Titanic (James Cameron, 1997) lanek. La La Land-en atzetik, Barry Jenkinsen Moonlight eta Denis Villeneuveren Arrival filmek zortzina izendapen jaso dituzte. Jakina, hiru horiek film onenaren saria eskuratzeko lehian izango dira, Mel Gibsonen Hacksaw Ridge, Kenneth Lonerganen Manchester by the Sea, Garth Davisen Lion, Denzel Washingtonen Fences, David Mackenzieren Hell or High Water eta Theodore Melfiren Hidden Figures filmekin batera. Zuzendari onenaren atalean ere ageri dira Chazelle, Villeneuve eta Jenkins, baita Gibson eta Lonergan ere. Emakume aktore onenari dagokionez, Isabelle Huppert (Elle), Ruth Negga (Loving), Natalie Portman (Jackie), Emma Stone (La La Land) eta Meryl Streep (Florence Foster Jenkins) izan dira izendatuak. Streepen kasua aipagarria da, 20. aldiz izan baita izendatua. Gizonezko aktore onenaren saria honako bost hauetako batek eskuratuko du: Viggo Mortensen (Captain Fantastic), Ryan Gosling (La La Land), Casey Affleck (Manchester by the Sea), Denzel Washington (Fences) edo Andrew Garfieldek (Hacsaw Ridge). Otsailaren 26ra arte itxaron beharko, sari horiek zein gainontzeko kategorietakoak nork eskuratuko dituzten jakiteko.