Bertsolaritza

bertsoArabako Bertsolari Txapelketa abiatzear da

Otsailaren 5ean hasiko da, Langraizen, Arabako Bertsolari Txapelketa. Finala, berriz, Gasteizko Printzipal Antzokian jokatuko da, apirilaren 1ean. Guztira, hemezortzi bertsolarik hartuko dute parte: 2015eko bost finalistek eta 2016an jokatutako kanporaketetan sailkatutako hamahiruk. Parte hartzaileen artean, Manex Agirre eta Oihane Perea izango dira, azken lau txapelketetan bina txapel irabazitakoak. Lehenik, sei finalaurreko jokatuko dituzte bertsolariek: Langraizkoaz gain, Zigoitian, Dulantzin, Legution, Laudion eta Aramaion. Bertsolariek bi finalaurrekotan abestuko dute, eta bi saioetan pilatutako puntuen arabera sailkatuko dira finalerako. Finalean, sei bertsolari ariko dira. Hamahirugarren edizioa du aurtengoa Arabako Bertsolari Txapelketak, eta bertso eskolen lanei erreparatuko die. Zehazki, txapelketaren bitartez, “Arabako bertso eskolen sareak bertsolaritzan eta euskalgintzan duen balioa agerian utzi nahi du”. Arabako Bertsozale Elkarteak, aurkezpen oharrean jakinarazi dutenez. Izan ere, Arabako Bertsozale Elkartea 1993an sortu bazen ere, elkarteak berak 1982an paratzen du Arabako bertsolaritzaren historia garaikidearen abiapuntua, Aiaraldeko eta Gasteizko bertso eskolak sortu zirenean. Hain zuzen, Aiaraldekoak Laudioko Areta Tunel tabernan eman zituenez lehen urratsak, han aurkeztu zuten txapelketa. Saioetara joaterik ez dutenek txapelketa Internet bidez jarraitzeko aukera izango dute. Besteak beste, www.bertsozale.eus/araba eta www.bertsoa.eus webguneetan.