Bitxikeria

tabernaEtxe azpiko tabernara jaisteak baditu onurak

Auzoko tabernara sarritan joatea ona da bai psikologikoki, bai sozialki, betiere alkohola neurrian hartuz gero. Hori ondorioztatu dute, bederen, Oxfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaile batzuek. Zehazki, herriko edo auzoko tabernara maiz joaten direnak sozialki konprometituagoak izan ohi dira, auzokoengan konfiantza handiagoa izaten dute eta alaiago egon ohi dira. Gainera, alkohola edateak endorfinen sorrera eragiten du, eta “gizatalde bateko kide zarelako sentimendua indartzen du”. Hori bai, zurruta hizpide, alkoholaren kontsumo neurritsuaz ari dira ikertzaileak, eta ez mozkorkeriaz. Hiriguneetako tabernak eta auzoetakoak aztertu dituzte ikerketan. Bigarrenetan, jendea talde txikiagotan bildu ohi da, eta elkarrizketetan “aktiboki parte hartu ohi du”. Hiriguneetakoetan, aldiz, taldeak handiagoak izaten dira eta jendeak “gutxiago” hartzen du parte solasaldietan. Finean, ikerketaren arabera, auzoko edo herriko tabernek garrantzia dute gizarte kohesioan eta integrazioan. Horrek, jakina, eragina du jendearen bizitzan, edo bizitzarekiko gogobetetze mailan. Aldi berean, harreman sozialak gaixotasun fisikoei zein burukoei aurre egiteko tresna bilakatzen dira. Edozein taberna-parrokianok gauza bera esango luke, ziurrenik, baxoerdia eskutan. Oxfordeko ikertzaileek, baina, hiru ikerketatako datuak aztertu dituzte hori guztiori ondorioztatzeko: Ingalaterrako pub tradizionaletako bezeroei egindako inkesta bat, pubetako elkarrizketen behaketa bat eta CAMRA izeneko elkarteak (Ingalaterrako kontsumitzaileen elkarte bat, garagardo eta sagardoaren kalitatea eta artisau izaera sustatzen dituena) egiten duen beste bat.