Sagardogintza

sagarraJatorri deitura berria bertako sagarrarekin egindako sagardorako

Txotx sasoia hastearekin batera, jatorri deitura berria aurkeztu du sagardogileen sektoreak. Euskal Sagardoa du grazia, eta orain artean Eusko Label sagardoa izenarekin ezagutzen zena ordezkatuko du. Alegia, bertako sagarrarekin egindako sagardoa izendatzeko balioko du. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 35 ekoizle hasi dira Euskal Sagardoa markapean lanean; gehienak gipuzkoarrak. Guztira, 1,3 milioi litro sagardo ekoitzi dituzte, ekoizpen osoaren % 12. Oraindik ere ehuneko apala den arren, epe luzera ekoizpen osoa bertako sagarrekin egitea du helburu izendapen berriak. Horretarako, ekoizleen eta herri erakundeen arteko elkarlana indartuko dute. Aurkezpenean aipatu zutenez, 2032rako erdietsi nahi dute helburu hori. Ordurako sagardo guztia bertako sagarrekin egina izateko, ordea, sagarren ekoizpena areagotzeko neurriak hartu beharko dituzte. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hainbat ekoizlek ez ezik, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko zenbaitek ere agertu dute izendapen berriaren parte izateko interesa. Bestalde, orain arte pribatua izandako Gorenak zigilua publiko bihurtu da. Hemengo eta atzerriko sagarrekin egindako sagardoak jasotzen ditu egun. Nolanahi ere, zigilu hori erabiltzen duten ekoizleek ere, pixkanaka, Euskal Sagardoa zigilua baliatuko dute; asmo hori agertu dute, behintzat. Sorreratik, kalitateari garrantzi handia eman diote Gorenak-eko kideek, eta aurrerantzean ere hala jarraituko dute, Hazi fundazioaren kontrolpean.