Hainbat barnetegi mota aukeran

Gauza jakina da barnetegia tresna ezin hobea dela euskararen ikas-prozesuan azkarrago egiteko aurrera. Bada, AEK hasia da lanean aurtengo udako barnetegiei begira. Hala, AEKren udako barnetegietan izena emateko epea apirilaren 24an hasiko bada ere, ikasturte honetan AEKren euskaltegietan dabiltzan ikasleek matrikula lehenago egiteko aukera izango dute. Izena otsailaren 17a eta martxoaren 17a bitartean ematen badute, % 25eko beherapena izango dute beren matrikula prezioan. Halaber, lehentasuna izango dute lekua gordetzerakoan.
Bestalde, uda heltzen den bitartean, maiatzean ere izango da asteburuko barnetegiak egiteko aukera. Hilaren 12tik 14ra, Arantzan bilduko dira B2-C1 mailako eta EGAren ahozko proba prestatu nahi duten ikasleak. Maiatzaren 20 eta 21erako, berriz, hiri barnetegia antolatuko da Iruñean. Azkenik, 26, 27, 28ko asteburuan, Arantzan egongo dira A2 eta B1 mailako ikasleak. Bitartean, Foruko barnetegiak ere urte osoan ditu ateak zabalik.