LABURREAN

100 m2 antzezlana prestatzen ari da Txalo konpainia, abuztuan aurkezte aldera. Juan Carlos Rubio antzerkigile espainiarraren lanean oinarritutako komedia da, eta Begoña Bilbaok zuzendu du. Etxe bila dabilen Sararen bizipenak ditu ardatz: etxea erosi du Sarak, leku eta prezio onean, baina aurreko jabeak bertan bizi beharko du hil artean. Izan ere, 65 urteko emakumea heriotzaren atarian da, osasunez oso makal eta zurrutari eta tabakoari emana. Haatik, ez dirudi azken hatsaren eguna iritsiko zaionik... Abiapuntu hori du Iñake Irastorza, Ana Elordi eta Ramon Agirrek jokaturiko lanak. Abuztuaren 14an izango da estreinaldia, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta leku berean ikusi ahal izango da hilaren 17ra bitartean.

AMAROZKO 16. Antzerki Asteak makina bat antzezlanekin gozatzeko aukera eskainiko die ekainaren 30etik uztailaren 6ra Tolosako auzo horretara hurbiltzen direnei. Tartean, euskarazko lan mordoa izango da: Pailaztana Klown Taldearen Pasa paisaia paiasa eta Tuturrumurruk, Iñaki Carreteroren Txakurtzen ari naiz, Kukubazar-en Eolo eta Bat-batean Zirko-ren Taberna. Egitarau osoa, http://intujaiteatro.blogspot.com.es/ gunean.

EUSKARAZKO FILMAK sustatzea eta Euskal Herrian ekoitzitako film laburrak bultzatzea helburu duen Euskaraz Bizi Nahi Dut II. film laburren lehiaketa abian da dagoeneko. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Donostiako Zinemaldiak antolaturiko jaialdian lanak aurkezteko epea irailaren 8ra arte izango da zabalik. Aurten, gainera, sari gehiago izango dituzte parte-hartzaileek, bai profesionalen sailean, bai amateurrenean, hiruna sari banatuko baititu epaimahaiak.