Lana eta kirola, dena egiten zait bat baserrian

maikaMaika Ariztegi, kirolaria

Kirolari amorratua, baserriko lanak eta kirola uztartzen ditu Ariztegik (Ituren, 1972). Herri kiroletan eta korrika nabarmendu da batik bat, baina “egin, denak egin izan ditut: futbola, pilota, pala...”. Lokotx bilketan 14 aldiz izan da Euskal Herriko txapelduna; ingudea altxatzen, 12 urtez Nafarroako txapelduna, eta 3 urtez Euskal Herrikoa (egin izan den guztietan); dozenatik gora Nafarroako kros txapelketa irabazi izan ditu... “Ez dakit zenbat txapel ditudan, baina guztira 40 bat bai”. Iragan abenduaren 21ean, lehenengoz jokaturiko Emakume Aizkolarien Urrezko Kopa irabazi zuen, Donostian.

Hainbeste txapela gordetzeko baserri handia beharko...
Kar-kar! Bai, eskerrak baserri handia dugun, bestela dagoeneko ez legoke tokirik!
Kirolari porrokatua zara. Nolatan?
Txiki-txikitatik gustatu izan zait kirola eta, adinean aurrera eginda ere, bizi-bizirik dut zaletasuna oraindik. Ez dakit nondik etorri zaidan, zeren ez daukat kirola egiten duen seniderik-edo. Kirola gustuko izatea suertatu zitzaidan, eta segi eta segi... Jakina, garaipenak lortzeak ere animatu eta motibatu egiten zaitu entrenatzeko. Nik uste horregatik ere badela. Oso lehiakorra naiz, gainera. Gustuko dut entrenatzea eta zer-nolako emaitza ematen duen ikustea.
Zer dute herri kirolek zu horrenbeste erakartzeko?
Ez dakit. Baserrian egiten dudanez lan, eguneroko entrenamendua bezalakoa da. Errazagoa egiten zait herri kirolak egitea, dena delako esfortzu lana. Baserrian lan eginda, beti ibiltzen naiz esfortzu fisikoa egiten, eta nik uste dut horregatik dela. Lehen erran dudana: emaitzak lortzearekin batera, errazago-edo aritzen naiz...
Urrezko Kopan, Irune Izkuek estu hartu zintuen. Gazteak badatoz, eta indartsu.
Bai. Irune oso indartsu dago, eta Irati (Astondoa) ere bai. Biek 26 urte dituzte, biak daude gogotsu eta entrenatzeko grinatsu. Baina beno, neu ere hemen nago, gogoz oraindik. Lesioak izango banitu, bada, orduan... Baina oraindik sasoian ikusten dut nire burua eta, ahal dudan bitartean, lanak ematen segitu nahi dut.
Zerk poztu zintuen gehiago: garaipenak, txapelketa jokatu izanak edo ikusle ugari erakartzeak?
Egia erran, denak. Lehenbiziko poza, txapelketa egin behar zela esan zutenean. Kristoren poza! Gero, hara joan eta ikustea hainbeste jende heldu zela plazara gu ikustera, hori ere ikaragarria izan zen. Bukatzeko, irabaztea, noski. Nik uste hiru horiek izan zirela Olentzeroren oparirik onena. Egundokoa izan zen. Dena izan zen pozgarria.
Gizonezkoek eta emakumezkoek zenbateko bera jaso zenuten saritan. Ohikoa al da herri kiroletan?
Ez, lehenengoz egin da horrela. Sari berdina  izango genuela esan zigutenean, “Bai zera! Txantxetan ari zarete!” erran nien. Baina egia zela erran eta gu konforme. Arraroa da, baina hala izan zen, eta horregatik ere oso pozik nago. Ea horrela segitzen duen.
Azienda eta baserria gobernatu behar... Nola moldatzen zara entrenatzeko?
Askotan, agian ez dut gehiago entrenatzen, baditugulako behiak eta ardiak, eta haiekin aski lan. Umeak ere baditut eta, azkenean, harat eta honat, dena da entrenamendua. Lana eta kirola, dena egiten zait bat, dena da entrenamendua.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Kirola egiteko gauza izateak egunero jaikitzen naizenean.
Eta tristatu? Eguraldi txarrak.
Zerk eragiten dizu barrea? Pozak.
Eta negarra? Tristurak, zer edo zer tristea gertatzen denean.
Zein izan nahi zenuen txikitan? Kirolaria.
Bizio bat: Ez daukat biziorik, oso erraz konformatzen naiz.
Kirol bat: Korrika.
Arerio bat: Kirol bakoitzean bat; une honetan, Irune Izkue.
Bereziki gogoan duzun txapela: Urrezko Kopa oso inportantea izan da niretzat. Behobia-Donostian hirugarren egin nuenekoa ere bai. Txapelik  ez zidaten eman orduan, garaikurra baizik, baina pozgarrienetako bat izan zen.
Eñaut Mitxelena