Mugarik gabeko elkartasuna

Siriako gerra hasi zenetik sei urte pasa direnean, irtenbiderik ez zaio antzematen gatazkari. Siriako gerraren eraginez Europan sorturiko krisi humanitario larriari ere ez. Milaka eta milaka iheslarik jo dute azken urteotan Europarantz, gerratik edota miseriatik ihesi, etorkizun hobearen bila. Europako gobernuek, baina, mugak itxiz eta bizkarra emanez erantzun diote errefuxiatuen etorrerari; Europako Batasunak eta Turkiak sinatu eta iazko martxoan indarrean jarri zen ituna horren lekuko. Grezian, Serbian, Turkian... ez atzera ez aurrera milaka migratzaile daude, gobernuek zeharo ahaztuak eta baztertuak, bizi baldintza arrunt kaskarretan. Aurtengo neguak, gainera, are okerragoa bilakatu du haien egoera. Benetan irudi gogorrak ikusi ahal izan dira joandako asteetan, esaterako, dela Greziako kanpalekuetan, dela Serbiakoetan. Mediterraneoa hilobi erraldoia da, eta Europako ataria, inora ez doan geltoki etsia. Europa ustez abegikor honetan, xenofobia ahulenen lepotik eta haien kontra hazten ari da leku askotan. Horrekin batera, baina, elkartasun oldea ere sortu da. Grezian bertan hasita, Europa osoko elkarte, eragile eta herritar mordoa ari da erakusten elkartasunak ez duela mugarik, eta, mugatzekotan, oinarrizko giza eskubideak urratzen dituzten politika eta jarrerak mugatu behar direla. Euskal Herrian ere, askok heldu diote bide horri.  Modu batean zein bestean, errefuxiatuen artean nahiz berton lan eginez edota eraginez. Elkartasunez, irmo. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi.

arkaitz

“Badirudi batzuetan ahaztu egiten zaigula guztiok ditugula giza eskubide berberak”

Gertutik ezagutzen du errefuxiatuen egoera Arkaitz Almortza Muro (Urnieta, 1984) kazetari eta AIZU!ko kolaboratzaileak. Iaz, Kios uhartean izan zen birritan boluntario, Zaporeak egitasmoaren baitan iheslarien kanpalekuetan janaria banatzen. Udan, berriz, errefuxiatuei elkartasuna adierazteko eta haien egoera salatzeko Karabana Greziara: Mugak Zabalduz egitasmoan parte hartu zuen.

Turkiako kostaldetik gertu dago Kios irla grekoa: 4,5 itsas milia eskasera. Egun, 50.000 biztanle inguruko lurralde txiki horretan, “3.500 bat migratzaile daude”, bi kanpamentutan gainezka eta hiriko hotel eta apartamentuetan banatuta. Bata, Vial, militarren esku dago, eta “1.000 bat lagun ditu. Erakundeek eta elkarteek ezin dute lanik egin han”. Bestea, Suda, Kios hirian dago. “Hasieran, bi zeuden, bat handia eta bestea txikia, Dipethe. Dipethen, 300 bat familia bizi ziren, baina itxi egin zuten, eurite batzuen ostean egoera oso kaskarrean geratu zelako”. Sudan, 1.000 lagun inguru bizi dira. Beste hainbat elkarte eta erakunderekin batera, Zaporeak-ek Kiosera ailegatzen direnak artatzen ditu. Egunero, 1.500 janari-errazio inguru banatzen dituzte.
Donostiako Intxaurrondo Gastronomia Elkarteko kide batzuek ipini zuten martxan Zaporeak duela urtebete pasatxo. Hasiera batean, Kiosen itsas erreskatean jarduten zuen Gipuzkoako boluntario talde bati jaten ematea zuten helburu. “Ondoren hasi ziren, egoera gogorra zela ikusita, errefuxiatuei jaten ematen”. Europako Batasunaren eta Turkiaren arteko akordioa indarrean sartu aurretik, Kiosera iristen ziren errefuxiatuak Atenasera joaten ziren, ferryz. Salda ematen zieten, “bidean lagungarri izateko, indarra emateko”. Martxoan, sukaldea zabaldu zuten Kiosen, baina hil hartan EBren eta Turkiaren arteko ituna indarrean sartzeak erabat aldatu zituen gauzak: “Errefuxiatuak bertan geratzen hasi ziren, irlan. Ondorioz, Zaporeak-ekoak anoa osoagoak ematen hasi ziren”. Hasieran, anoa bakarra. Orain ordea, hiru anoaz osatutako otordu bat egunean. “Proiektua sendotu ahala, elikagaiak hobetuz joan dira. Adibidez, jauzi polita izan zen haragia eskaini ahal izatea, haiek eskatu zutelako: oilaskoa eta txahala. Orain, haragia, fruta, pita ogia... ematen zaizkie. Zaporeak-ek elikagai duina bermatzen die egunero”.
Jana banatzeaz gain, “pertsona horiekin egoten gara, haien problematika ezagutzen dugu. Asko estimatzen dute”. Hala, Almortzaren ustez, “duintasuna ere itzultzen zaie janariaren bitartez, eta hori oso garrantzitsua da”.
Une honetan, uhartea “kartzela handi bat da” migratzaileentzat. Europak muga ixtearekin batera, “nahiz eta irlara iritsi, ezin dute aurrera egin, ezta penintsulara joan ere”. Kiosera iristen den migratzaile orok “kanporatze agiria jasotzen du”, baina ez dituzte zuzenean kanporatzen. Asiloa edota bertan geratzeko baimen eskaera eginez gero, eskaera horiek bideratzeko prozesu luzea jar-tzen da abian. “Migratzaile asko iazko martxotik daude erantzun baten zain”.
Alabaina, kanpalekuko baldintzak ez dira batere onak. Negu gorrian, “haietako asko kanpin-dendetan ari dira lo egiten. Hotza pasatzen ari dira, askotan argindarrik gabe geratzen dira... Oso baldintza kaskarretan bizi dira, eta Europak ez du ezer egiten”. Erasoak ere izan dira bai kanpalekuaren, bai Zaporeak egitasmoaren kontra. Kiosen, errefuxiatuak direla eta, “zenbait biztanle ez daude kontent, baina haien alde lanean ari direnak ere badaude”.
Egoera gogor baino gogorragoak pairatu ostean iristen dira errefuxiatuak Kiosera. Almortzak dioenez, “errefuxiatu bakoitzak bere motxila darama bizkar gainean, eta motxila horrek badauzka hamaika istorio. Oso egoera latzetatik joan dira ihesi”. Asko gerratik, baina “beste asko miseriatik”. Iazko maiatzetik azarora bilakaera nabaritu du: ugaritu egin dira gerratik ihesi ez datozenak. “Hasieran, siriarrak ziren gehienbat, baita irakiarrak, irandarrak eta afganiarrak ere. Egun, kanpaleku irekian, 27 nazionalitate daude, gutxi gorabehera. Azkenekoz han izan nintzenean, lau lagun Errepublika Dominikarretik iritsi ziren”. Finean, “Europara sartzeko ate berria bihurtu da”.
Haatik, “Europara iritsi eta ikusi dute ametsen Europa hau amesgaiztoen Europa bihurtu dela. Asko etsita daude, ez dutelako ulertzen nola egon daitezkeen bizitzen halako baldintzetan Europa ustez zoragarri honetan. Baina, aldi berean, tinko eusten diote aurrera egiteko nahiari. Sekulako ikasgai humanitarioak ematen dizkigun jendea aurkitu dut iheslarien artean”. Baina, era berean, “amorrua sentitzen duzu, Europak bizkarra eman dielako”. Besteak beste, horrexegatik hartu zuen parte karabanan. “Egoera honek amaitu egin behar duela aldarrikatu behar dugu, inork ezin duela halako baldintzetan egon, inor ez dela legez kanpokoa, eta edonork duela askatasunez joan eta etortzeko eskubidea. Badirudi batzuetan ahaztu egiten zaigula guztiok ditugula giza eskubide berberak”. Gobernuek zer egiten duten ikusita, herritarrengan du itxaropena: “Argi daukat: herriak bakarrik salba dezake herria”.

testi

“Oso garrantzitsua da Plataformaren funtzionamendua ez zentralizatzea”

Ana Elena Altuna Larrañaga (Eibar, 1957) Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia Plataformako kidea da. Iazko udan, Aixa alabarekin hartu zuen parte Greziarako karabanan. Urte bukaeran, berriz, beste alabarekin, Naimarekin, joan zen Alepoko martxaren lehen bi etapak egitera, Berlin eta Zossen artekoak, alegia. 

Altunak kide “aktibo” fama du Plataforman. Greziarako karabana “oso bizigarria” izan zela dio: “Autobusean giro berezia sortu zen. Joan-etorrian eman genituen sei egunak oso aberasgarriak izan ziren, sentimenduz eta hausnarketaz beteak. Munduko berdintasun ezak ikusteak bultzatzen nau Plataforman jardutera”. Altunak, halere, aurretik ere bazuen eskarmentua, SOS Arrazakeria erakundean parte hartu baitzuen: “Besteak beste, alaben aita marokoarra delako eta hurbiletik bizi izan dugulako gaia. Familia dugu Marokon, baina ezin dira bisitan etorri. Amama bakarrik egon da hemen, eta ez genuen erraz lortu. Guk, aldiz, ez dugu arazorik hara joateko”.
Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia Plataformak hil honen amaieran egingo du urtebete, egun ia ehun erakunde bilduta. Irekia denez, elkarteen ordezkari dabiltzanez gain, badira norbanakoak ere, Ana Elenaren moduan: “Batzordeen bidez funtzionatzen dugu, oso garrantzitsua da funtzionamendua ez zentralizatzea, auzoka edo herrika jardutea, alegia”. Hala, batzuek mahaia jartzen dute kalean astero, beste batzuek elkarretaratzea egiten dute, edo hitzaldi bat antolatu, edo giza katea osatu... bakoitzak nahi duen lekuan eta moduan. Asko zaintzen da, halaber, Plataforma barruko elkarteetan esku ez hartzea, elkarren dinamikak errespetatzea. 
Mila lagunek baino gehiagok dihardute Plataforman: “Astero biltzen da koordinakundea, hileroko batzarra prestatzeko eta besterako”. Plataformaren helburuetako bat da, “politikariak zirikatzeaz gain”, jendea sentsibilizatzea, “gure begien aurrean gertatzen ari dena sekulako astakeria baita”. Altunaren ustez, “gure bizimodua aldatu behar dugu; argi dago denok ditugula eskubide berdinak, eta ez dakit nola iritsi garen bestela pentsatzera. Hedabide batzuen errua ere bada, kanpaina, oso ondo antolatua, aspaldikoa delako”. Halere, Altunaren ustez, “bizitzan hartzen dugun jarrera da gakoa. Hemen ere beharrak badaudela dioen jendeari esango nioke arrazoi duela eta hasteko inguruan laguntzen! Halere, hori diotenek, oro har, ez han, ez hemen”.
Politikariei “arreta handiz” erreparatzen diete: “Iñigo Urkullu Sant’Egidio erakundea ezagutzera joan da, baina bakarrik itzuli da. Agian, bost ume siriar gaixo ekarriko dituzte... Horretarako hainbeste kontu? Hemen, burokrazia ofizial guztia CEAR eta Gurutze Gorriaren bidez egiten da, baina babesa lortzeko eskubidea dutenekin baino ez. Errefuxiatuen artean klaseak sortzen ditu politika zital horrek. Afrikarrak, afganiarrak, pakistandarrak... ez dira kontuan hartzen. Guk atxilotuta ikusi genituen Greziako ABZ batean. Errefuxiatuen kanpamentuetan baino okerrago daude, denbora zeramaten mendi punta batean zer gertatuko zitzaien jakin gabe, kaiola modukoetan sartuta. Eskatzen ziguten ez ahanzteko han daudela”.
“Ezin gara Europara edo Madrilera begira geratu, udaletatik has gaitezke” dio Altunak. Errazagoa da horrela: “Tamainagatik, aiseago hartzen ditu erabakiak Munitibarko alkateak Bilbokoak baino. Beraz, hor ere garrantzitsua iruditzen zaigu ez zentralizatzea. Bizkaian, ekarri dituzten 118 lagunak baino gehiago arta daitezke. Ez da baliabide kontua -uste dut badagoela nahikoa-, baizik eta borondate politikoa. Ez da hona etortzea besterik ez; behin Europan sartuta, sendikoengana iritsi nahi dute. Pertsona horiek bizi-proiektu bat dute, guk bezala. Batzuek, familia osoa heldu delako edo, agian nahiko dute berton geratu, baina asko beste leku batzuetarako bidean daude”.
Aurten, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena beteko da, eta Plataforma horren baitan burutuko duten ekitaldia antolatzen dabil. Uztailean, berriz, Melillarako karabana aterako da. Halere, momentuz, duela hiru urte El Tarajalen hildako 15 etorkinak gogoratzeko Duintasun Martxan parte hartzeko prestaketa lanetan utzi dugu Altuna.

 

begona“Giza eskubideak urratzen diren bitartean, oso legitimoa da desobeditzea”

Abenduaren 27an, Mikel Zuluagarekin batera atxilotu zuten Begoña Huarte iruindar ekintzailea Grezian, Igoumenitsako portuan, zortzi errefuxiatu autokarabana batean ezkutatuta Euskal Herrira ekartzen saiatzen ari zirenean. Elkartasuna adierazteko ez ezik, errefuxiatuen egoera salatzeko ekintza ere izan zen.

Ongi pentsaturiko ekintza izan zen Huarte eta Zuluagarena. Biek burutu dute azken ekintza, baina atzean askoz jende gehiagoren lana eta bultzada daude. Batik bat, kezka, “errefuxiatuen egungo egoera historian gertaturiko sarraski handienekin aldera baitaiteke. Bereziki, Europako Batasunak eta Turkiak eginiko itunaren ostean mugak nola itxi zituzten ikusita. Hau da, ikusita giza eskubideak ez direla inolaz ere betetzen, ez pertsonak askatasunez joan eta etortzeko eskubidea, ez Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotakoak, ez asilo eskubidea... Europako gobernuek adostutako errefuxiatu kuotak ere ez dira betetzen ari-eta!”.
Huarteren hitzetan, “zerbait sinbolikoa egin nahi genuen, salaketa indartsua, eta gero publiko egin”. Elkartasuna agertzearekin eta sentsibilizazio sozialarekin batera, salaketa politikoa egiteko balioko zuena. “Nolabait, Europako gobernuei dei egin, zera esanez: hau ez baduzue zuek konpontzen, eta zuek adostu duzuena ere ez baduzue betetzen, jendeak egin beharko du. Geuk egingo dugu”.
Europako gobernuen jarrera kontuan hartuta, “hasiera-hasieratik pentsatu genuen desobedientzia baliatzea”. Izan ere, zilegi eta beharrezkoa dakusa Huartek: “Desobedientzia beti erabili izan da legeak aldatzeko edo betetzen ez direnak betearazteko. Giza eskubideak urratzen diren bitartean, oso legitimoa da desobeditzea”. Errefuxiatuen krisiaren kasuan, zehazki, “ezin dugu horrelako egoerarik onartu. Ezin dugu onartu muga batek hain modu bortitzean bereiztea pribilegiatuen eta kanporatuen munduak”.
Huarte eta Zuluagaren atxiloketak oihartzun handia izan zuen, eta, alde horretatik, jendartea sentsibilizatzeko balio izan du. Hori “ongi dagoela” aitortu arren, protagonismorik ez dutela nahi adierazi du Huartek. “Askotan esan izan dugu: jarrera eta keinu askoren artean, beste ekintza bat izan da; elkartasunezko puzzle erraldoi horren barruan, beste pieza bat”, jende, talde eta eragile asko errefuxiatuen alde lanean ari direla gogoratzeaz batera. “Nik uste denok egin dezakegula zerbait. Denok egiten badugu, jarrera ireki horrekin, bihotz ireki horrekin eta elkartasun horrekin, badaukagu zer edo zer lortzea”. Hots, egoera konpontzeko deus egiten ari ez diren Europako gobernuen jarreraren aurrean, herritarren lanak eragina izan dezakeelakoan dago: “Horrela aldatu izan ditugu aurretik ere oso egoera eta lege latzak. Oraingoan ere, izan daiteke. Gobernuei presioa eragin diezaiekegu, eta zerbait egitera behartu, mugiarazi”.
Horretarako bideak ugariak izan daitezke. Huartek eta bere kideak desobedientziarena hautatu zuten. Halere, “badira beste bide asko. Adibidez, Atenasen ostatu izan dugun hotela, City Plaza hotela, iheslariak aterpetzeko okupatu zuten. Kalean zeuden 400 laguni aterpea emateko hotel bat okupatzea ere bada desobedientzia ekintza. Eskerrak badagoela elkartasun hori! Sortzen diren eremuak ikaragarri humanoak dira”.
Atxilotuak izan ostean, ekintzaile biek aitortu zuten ez zeudela batere damututa egindakoaz, eta berriz egingo luketela. “Jakina” berretsi digu Huartek. “Egoerak horrela jarraitzen duen bitartean, zerbait egin behar da. Bakoitzak ikusiko du zein bide hartzen duen. Izan daiteke azoka bat antolatzea dirua ateratzeko, edo elkarretaratzeak egitea... edo desobedientzia ekintzak, noski”.
Egun, Euskal Herrian dira biak. Atxilotu ostean, legez kanpoko immigrazioa sustatzea eta errefuxiatuen segurtasuna arriskuan jartzea egotzi zizkieten. Orain, epaiketaren zain daude, baina “ez dakigu noiz izango den. Gainera, hango abokatuek esan digute ez dela auzi arrunta eta luze jo dezakeela. Beste prozesu bat izango da, eta akusazioa zein izango den ez dakigu”. Nolanahi ere, ekintzak izan ditzakeen ondorio penalek “ez gaituzte gehiegi kezkatzen une honetan”. Beraienak baino, errefuxiatuen egoerak eragiten dio kezka Huarteri. Haiekin batera ekarri nahi zituzten zortzi errefuxiatuen berri badute, esaterako: “Zeuden tokietara bueltatu ziren. Hau da: batzuk Tesalonikako kanpalekuetara, eta beste batzuk, lehen aipatu hotelera. Azken horiek hobeto daude, Atenasen bertan, hotzetik babestuta”.
Azken asteotako hotz boladek izugarri gogortu dute errefuxiatuen egoera, lehendik ere bazegoen krisi humanitario latza are larriagoa bilakatuta. “Oso-oso egoera txarrean daude. Esan digutenez, kanpamentuetan ez dago ezta militarrik ere. Hantxe daude, abandonatuta, benetan gaizki. Lehen ere gaizki zeuden, etorkizunik gabe eta zer gertatuko zaien ez zekitela, horrek dakartzan arazo psikologikoekin. Orain, baldintza klimatologiko hauek erantsita... Ez dituzte datuak ematen, baina jendea hiltzen ari da. Bai, bai, hotzak jota hiltzen. Ikaragarria da gertatzen ari dena”.