Ondo iruditzen zaizu abenduaren 3a jaieguna izatea?

ikamika

Egun berezia da abenduaren 3a Euskal Herrian: Euskararen Nazioarteko Eguna. Jaieguna izan ez arren, Euskal Herri osoan ospatu ohi da. Era berean, Nafarroako Foru Erkidegoaren Eguna edo Nafarroaren Eguna ere bada, eta jai izaten dute Nafarroan. Batak zein besteak jatorri bera dute: Frantzisko Xabierkoaren heriotza eguna. 1552ko abenduaren 3an hil zen, eta Nafarroako zaindaria denez, herrialdean jai egiten dute egun horretan. Kondairaren arabera, hil aurreko azken hitzak euskaraz egin zituen, eta horregatik ospatzen da Euskararen Eguna ere. Orain, EH Bildu alderdiak proposatuta, abenduaren 3a Euskadiren Eguna izendatu ala ez eztabaidatu beharko dute alderdiek legebiltzarrean, ez baitago Euskal Autonomia Erkidegoan jaiegun ofizial finkorik. Nafarroako zenbait alderdi, ordea, UPN batez ere, haserre agertu dira, egun horrek “Nafarroa Euskal Herriaren zati gisa” erakutsi nahi duelakoan.
Gasteizko Aixkiria AEK euskaltegiko arratsaldeko C1 mailako taldea

1. Mikel
Ez zait axola beste egun batean jai eduki-tzea. Halere, Nafarroarekin batera joaten bagara, beste egun bateko jaieguna kendu beharko genuke, hainbeste jai ez edukitzeko.
2. Judit
Euskarari bere eguna eta txoritxoari hegoak emateaz gain, dirua ematea ere beharrezkoa da.
3. Ana
Nik ondo deritzot, Euskadin hitz egiten den hizkuntza euskara delako eta euskarak ematen digulako gure nortasuna. Ondo legoke biak egun berean ospatzea.
4. Eduardo
Ez da normala egun hori urtero aldatzea. Abenduaren 3a oso aukera ona iruditzen zait, besteak beste, jende gehiagok parte hartuko lukeelako ekitaldietan.
5. Cristina
Euskara Euskal Herriko ezaugarria da, hemen bizi garenon nortasuna adierazteko baliabide ezin hobea. Abenduaren 3a Euskadiren eguna izendatu beharko litzateke.
6. Marian
Gure identitatea eta batasuna aintzat hartu behar dira. Beraz, zazpi probintziek batera ospatu behar dute. Gure hizkuntza gure nortasun bereziaren parte denez, ez dago egun hoberik.
7. Ritxi
Ez dauka zentzurik urtero jaieguna mugitzeak. Beraz, data zehatz bat finkatu behar da eta, nire ustez, abenduaren 3a oso aproposa da.
8. Janire
Ondo ikusten dut Nafarroarekin batera jaieguna izatea. Euskara da Euskal Herria egiten duena, beraz, eman dezagun aurrerapausoa ospakizun ofizialetan, behintzat.
9. Esti
Abenduaren 3a oso egun berezia da. Polita, ekintzaz betea, non gure nortasuna ere azpimarratzen dugun. Horrexegatik, egun aproposena da Euskadiren Eguna izendatzeko.
10. Maria
Primeran irudituko litzaidake abenduaren 3a jaieguna izatea, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, baita Nafarroan ere, azken finean jatorri bereko festa baita.