Korrika Kulturalen menua, prest!

kk

 

 

 

Euskal musikaren benetako istorioa

Ez Dok Hiru

Ez Dok Hiru bikotearen proposamen teatral berria publiko helduari zuzentzen zaio. Patxo Telleriak testuak sortzeko eta Mikel Martinezek, eta Telleriak berak, zuzenean antzezteko duten estilo umoretsu eta paregabean oinarritzen da obra.
Euskal Herriko imajinario musikalaren errepaso ironiko, absurdo eta dibertigarria eskainiko dute. Oraingo honetan, bikoteak beste hiru musikari-aktorerekin partekatuko du taula, hitzari, bere ohiko tresna eszenikoari, zuzeneko musikaren indarra gehiturik.
Estreinaldia, Loraldia Jaialdiaren barruan izango da, martxoaren 7an eta 8an, Bilboko Arriaga Antzokian.

Maletak

Kepa Junkera & Sorginak
Trikitia jotzen hasi zenetik, Junkerak gorde egin ditu musika-tresna ezberdinen maletak, eta kontzeptu horren inguruan osatu du azken lana. Iberiar penintsulako kultura ezberdinak elkartu dituzte Amets Ormaetxeak, Eneritz Aulestiak, Leire Etxezarretak, Irati Gutierrezek, Garazi Otaegik, Maria Lasak, Alaitz  Eskuderok, Irantzu Garamendik, Maddi Alberdik, Olatz Alberdik eta Ane Gonzalezek. Musika emanaldi berezia izango da: pertsonaia mitologikoak, Iturengo joaldunak, aizkolariak, harri jasotzaileak, balleta... gehituta.
Otsailaren 9an, Gasteizko Europa Jauregian; eta 19an, Bilboko Arriaga Antzokian.

Tipi-Tapa, Korrika

Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Basoari urtero iristen zaio udaberria; kukuak esnatu, elurrak urtu eta landareak loratzen direnean. Euskarari ostera, urte birik behin; Korrikarekin batera. Korrikako kilometro bakoitzean lekukoa pasatzen dugu euskaldunok eskurik esku, maitasunez. Lekukoa airean dabil, lurrik ukitu gabe, barruan mezu sekretu bat gordeta, sudur-gorriek ikuskizunean zabalduko dutena. Eman, hartu, jaso, pasa, aurrera… Badaramagu euskara etorkizunera!
Otsailaren 3an, Zangozako Carmen Auditoriumean; 5ean, Biarrizko Plaza Berri Frontoian;  eta 22an, Irisarriko Airoski Gelan.

Oskara Plazara

Kukai Dantza konpainia
Iruñeko Arena Comunicación ekoiztetxeak (Nomadak Tx, Pura Vida, Walls...) dokumental bat osatu du Kukai Dantzaren Oskara ikuskizunaren sorkuntza prozesuaren inguruan,  kultura tradizionalaren eta garaikidearen arteko harremanaz. Dokumentalaren aurkezpenarekin batera, formatu berezi bat jarriko da abian Korrika Kulturalean: dokumentalaren emanaldia, dantzariak zuzenean direlarik. Hala, dantza, musika, ikus-entzunezkoak... bateratuko dira: Kukairen dantza, Erramun Martikorenaren kantua, dokumentalaren irudiak...
Estreinaldia otsailaren 15ean izango da, Berriozarko Auditorioan.

Erradikalak Gara

Beatriz Egizabal antzerkilaria eta ipuin kontalaria, eta Ane Labaka bertsolaria
“Erradikalak zarete” esaten digute. Eta “nahi eta behar baino gutxiago” pentsatzen dugu.
Bi emakume elkartu dira kontraesanez betetako maletak agertokira ekartzeko, bertso eta bakarrizketa formatuan. Erraietatik ariko dira, umorez, eta erroetara iritsi nahian.
Erradikalak gara” esango diete ikusleei. Eta “nahi eta behar baino gutxiago” pentsatuko dute haiek, bertsoz eta bakarrizketez osatutako emanaldi honetan.
Estreinaldia martxoaren 4an izango da, Etxarri-Aranazko Kultur Etxean.

Euskararen lau aurpegi, lau lagun euskaraz

BatZuk. Euskararen lau aurpegi izeneko dokumentala ekoitzi dute AEK-k eta Hiru Damatxo Ideia Faktoriak 20. Korrikarako. Dani Alvarez kazetariak (As Pontes, A Coruña, 1977), Elena Caballero La Basu musikariak (Etxebarri, Bizkaia, 1983), Maika Etxekopar aktore eta musikariak (Gotaine-Iribarne, Zuberoa, 1987) eta Ander Larunbe itzultzaileak (Iruñea, Nafarroa, 1975) iraganean euskararekin izan zuten harremana eta gaur egun dutena kontatzen dute.
Dani Alvarezek hogeitaka urte zituen euskararekin lehen harremana izan zuenean, baina beste hirurek haurtzarotik ezagutu dute. La Basuk eskolan ikasi zuen, gurasoek D ereduan matrikulatu baitzuten; Etxekoparrek, berriz, etxean jaso zuen, aitarengandik; eta Larunberi, ama eskoziarra duenez etxean ingelesez jardun arren, euskara ez zitzaion arrotz egiten. Esperientzia interesgarriak guztiak ere, 20. Korrikaren mezuarekin bat egiten dutenak.
BatZuk. Euskararen lau aurpegiak otsailaren 2an estreinatu zen Bilbon, baina hemendik aurrera hainbat aukera izango dira euskal hiriburu eta herrietan ikusteko. Datak ezagutzeko, jo Korrikaren webgunera: www.korrika.eus.