Lurzaindia, laborantza lurren zaindari

iparralde

Ipar Euskal Herrian, laborantza lurren defentsa ez da gai berria. Laborantza lurrak galtzen ari dira, etxaldeak eta laborariak desagertzen. Nahiz eta laborarien instalazioa (jendeak laborantza lanbidetzat hartzea) oraindik dinamikoa izan Ipar Euskal Herrian, lurraren atzemaitea zaila da; batez ere, eta beti eta gehiago, espekulazioarengatik. Lurzaindiaren izateko arrazoia hau da: laborantza lurren zaintzea eta laborarien instalazioa ahalbidetzea. Horrenbestez, haren helburuak dira saltzen diren lurren prezioen zuzenketa aplikaraztea, lur horietaz jabetzea eta bertan laborariak instalatzea. Graxi Irigarai.

Egun duen izenarekin 2013an hasi bazen ere, Lurzaindia egitasmoaren hastapenak 80ko hamarraldian kokatzen dira. 1980an GFAM Lurra deitutako egitura bat sortu zen laborantza lurren erosteko eta laborarien esku uzteko xedearekin. 2013an Lurzaindia egiturarekin segida eman zitzaion proiektuari, laborarien instalazioaz gain, espekulazioaren aurkako atala garatzeko asmoz.
Lurzaindiak Ipar Euskal Herriko laborantza lurren prezioa zuzentzen du merkatuan; lurrak erosten ditu eta, diru bilketa publiko baten bidez, laborariak instalatzen ditu lur horietan. Euskal Herriko lurrak gutiziatuak dira, etxebizitzak eraikitzeko, turismorako, komertzio eremu, etxegintza, lan eremu, bide eta abar… Lurraren merkatuko prezioaren eta laborantza mailan errealki duen balioaren artean, ikaragarriko tarte bat bada, laborantza lurren desagertzea ezinbestez ondorio duena.
Lurzaindiak lur horiek zaindu nahi ditu. Laborantza herrikoi eta iraunkorraren alde lan egiten duten hainbat eragileren arteko tresna da. SCA batean (Société en Commandite par Action egitura juridikoa, akziodunak modu errazean biltzeko eta ekonomia soziala eta solidarioa bultzatzeko), zuzendaritza kolegiatu batekin, biltzen ditu Arrapitz federakuntza, ELB sindikatua (Euskal Herriko Laborarien Batasuna), EHLG (Euskal Herriko Laborantza Ganbara) eta, kontsumitzaileen ordezkari gisa, Inter-AMAP (Associations pour le Maintien d'une Agriculture Paysanne, kontsumitzaileek sortutako bide zuzeneko salmenta egiturak).
Lurren prezioari so
Lurzaindiaren eginbeharretako bat da saltzen diren laborantzarako lurren prezioa zaintzea. Herri bakoitzak lur bat zertara destinatzen duen erabakitzen du, PLU delakoa (Plan local d’urbanisme, Hirigintza Tokiko Plana) definitzen duelarik. Horren bidez zehazten da lursail bat laborantzarako ala eraikuntzarako izanen denetz. Ondorioz, berez, lur eremu horien balioa ez da berdina izanen. Euskal Herria erakargarria izaki, eraikuntzarako lurrak garesti saltzen dira. Laborantzarako lurrek beste balio bat dute, lanbidearen errealitateari lotua.
Merkatuak diktatutako prezioen aurka, Estatuak hainbat tresna ditu. Lurzaindiaren eginbehar bat da horrelako tresnei salatzea saltzen diren lurren prezioak, tresna hauek aktibatuz. Frantzian, tresna horrek SAFER izena du, eta baserri eremuetako lurren kudeaketa du bere gain. ELBk Lurzaindian duen ordezkari Dominique Amestoyk azaltzen digu Lurzaindiak nola eragiten duen merkatuan prezio errealistak aplikarazteko: “Lur bat saltzen delarik, sindikatuan notifikazioak ukaiten ditugu; eta iduritzen baizaigu karioegi saltzen dela, SAFERri galdegiten diogu erosteko lehentasuna aplika dezan kontraeskaintza bat eginez. SAFERrek estima dezake, neurtuz eta jakinez laboraria nola bizi den, zer prezio aplikatu behar litzatekeen. Adibidez, duela bi urte Alduden saltzen zen lursail bat 12.000 €an, eta SAFERrek estimatu zuen 800 €an zela”.
Lurzaindak, merkatuaren egoera ezagutuz, badaki nolako prezioak aplika daitezkeen Euskal Herrian eta, horretarako, laborantza lurren salmentak zaindu nahi ditu, saltzen diren lurrak erosiz, laborantzari dedikatuz eta betiko merkatutik ateraz. Azpimarratzen du, baita ere, hautetsi eta herriko etxeen erantzukizuna lurren sailkapena egitean. Azkenean, merkatua eta espekulazioa zaindu behar direla azaltzen digu Amestoyk: ”Merkatua gora delakotz; eta, uzten bada hola egiterat, nornahi hasiko da zernahi saltzen”.
Lurren jabetzea
Lurra behin betiko merkatutik ateratzea da Lurzaindiaren xedea. Horretarako, SAFERren bidez prezioa berriz kalkulatu ondoren, lurrak erosten ditu diru bilketa publikoen bidez. GFAMek diru bilketa egiten zuen proiektu bakoitzaren inguruan; Lurzaindia, aldiz, SCA forman sortu da: sistema horri esker, diru bilketa etengabea da. Jendeek noiznahi eman dezakete dirua: “Hiru urtez 440.000 € lur erosi ditugu: Lakarrin, Domintxinen, Atharratzen, Arüen eta Ainharben. Lurzaindia jabetu da, baita ere, GFAMek zituen lurrez. Lur horiek behin betikotz merkatutik atereak dira”.
Nahiz eta lehen hiru urteen bilana baikorra izan, Lurzaindia kontziente da ainitz galdegin duela, eta botere publikoen laguntza azkarragoa espero du, izan Akitaniako eskualdetik edo Euskal Elkargo berritik. Gaur egungo egituraketa hobetu nahi lukete: etxalde eskaintza sistema ahalbidetzeko edota zergapeko irabazietarik kengarri izaiteko, haien baliagarritasun publikoa ezagutua izan behar litzateke.
Ororen buru, Lurzaindiaren helburua laborantzari eustea da. Lur horiek markatutik atera ondoren, laborariei zuzentzen dizkio. Ondorioz, instalazioa ere Lurzaindiaren eginbeharretan sartzen da: laborariak izaiten segitzea. Dominique Amestoyk dio badela laborantzan plantatu nahi duen jendea, baina instalazioa zailago dela lurrik eta materialik ez duen jendearentzat. Lurzaindiak, martxan ematen duen sistemarekin, lurrak uzten ditu familia etxalderik ez duten laborarien esku. “Badugu froga: erosi dugu etxalde bat eta artzain soil bat plantatu dugu Atharratzen. Han etxaldea laboraria ez zen bati saldua zitzaion, 165.000 €an. Egin dugu kontraeskaintza bat SAFERren medioz. SAFERrak eskaini ditu 140.000 €. 25.000 € gutiago, baina saltzaileak saldu behar zuen. Etxalde bat osoa instalatu dugu, eta han Lurzaindiaren bi helburuak aplikatu ditugu. Erran nahi baita, bata espekulazioaren kontrako borroka, eta bigarren gauza, instalazioa, GFAMek egiten zuen lana. Artzain horrek, menditik jaisten delarik neguan, negu bazkatokia segurtatua du, han du. Lurzaindiari lotua du eta trankil da” dio Amestoyk.
Eguneroko lanetik harago, etorkizunera begira ere badabil Lurzaindia, egitasmoa garatu eta zabaltzeko xedez. Hala, Lurzaindiak instalazioaren gaia ere garatu nahi du ondoko urteetan, eta gogoeta bat darama formazioari buruz. Entsegu espazio bat sortu nahi luke gazteen formatzeko: lur eremu bat instalazioaren aitzineko etapa bezala.

Lurzaindia  zifretan
Zifretan ere ikus dezakegu Lurzaindiak badakiela bere helburuak betetzen: 374 hektarearen eta 20 etxalderen jabe da; 29 laborari dira plantatuak lur horietan, eta 3.175 akziodunek ematen diote dirua Lurzaindiari.