Ahanzturatik loratutako monasterioa

larunbe

Mendeak eman ditu ezkutaturik. Arrazoi garbirik gabe, Erdi Aroan historiaren iluntasunean gorde zen, eta ordutik zain egon da norbaitek aurkitzeko itxaropenarekin. Bada, halaxe gertatu da. Larunbeko herritarrek (Itza bailara) eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek Doneztebeko monasterioa aurkitu dute Harrihaundin (937m). Aztarnategia estaltzen zuten ahanzturaren sasiak garbituta, Nafarroan egindako erromanikoko aurkikuntzarik garrantzitsuena izan da. Behiala isildutako harriak hitz egiten hasi dira. Arkaitz Almortza.

Kondaira zuzen zebilen. Nafarroako historiako izkribu zaharrek denboran galdutako monasterio baten inguruan hitz egiten zuten. Alfontso I.a Borrokalariak, esaterako, agiri batean aipatu zuen Doneztebeko (San Esteban de Larunbe) monasterioa, baina informazioa ez zen batere garbia, ikertzaileen irudiko. Hala, XX. mendean, Nafarroako zenbait aditu, tartean Jose Maria Jimeno Jurio historialaria, Itza bailaran (Iruñeko ipar-mendebaldean) ibili ziren ustezko monasterioaren bila; haatik, ez zuten ezer aurkitu. Orain, ordea, badirudi Goi Erdi Aroko eraikina ezkutalekutik atera dela.
Auzolana izan da giltzarria. Larunbeko aitona-amonek gogoan zuten garai batean San Gregorio izeneko baseliza zegoela haitzaren gainean. Horregatik, beren iragana ezagutzeko helburuarekin, herriko bizilagunak Aranzadi Zientzia Elkartearekin jarri ziren harremanetan, indusketa lanak martxan jar-tzeko asmoarekin. Erakunde horretako burua da Juantxo Agirre Mauleon: “Lurpetik harriak ateratzen hasi ginenean, berehala ikusi genuen ez zela ermita soil bat, leku berezi batean eraiki zuten monasterio bat baizik. Hasieran, abside erdi zirkularra atera genuen, gero beste erdia; harriek ere esaten ziguten Erdi Aroko eraikin baten aurrean ginela”. Ezusteko polita hartu zuten auzolanean ari ziren lagunek. “Jimeno Juriok San Esteban de Juslapeña (harriaren azpian) monasterioa aipatzen zuen bere lanetan; horrexegatik, berehala lotu genuen gure eraikinarekin, harkaitzaren azpian baitago”. Duela 1.000 urteko kristauek naturarekin lotutako izenak ipintzen zituzten eraikinetan, eta hori da, hain zuzen, Donezteberekin gertatu zena (garaiko euskaldunek Lapeña-ri “harri handi” deitzen zioten).
Historiari so eginez
Harriak mintzatzen hasiak dira, eta oso datu interesgarriak eman dituzte. Aztarnategiaren neurrien berri emateaz gain, tipologia noizkoa den erran dute: gutxi gorabehera XI. mendearen amaierakoa eta XII. mendearen hasierakoa. Monasterioaren inguruan ikertzen ibili da Aitor Pescador historialaria: “Aralarko Done Mikel monasterio zaharraren anaia bikia da. Izan ere, aurkitu dugun zorua berdina da, hots, neurri berak dituzte biek. Iruñeko Erresumak helburu jakin batekin sortu zituen: lurraldearen kontrola”.
Mendi estrategikoa da Harrihandi. Gailurretik, Iruñerria osoa ikusten da, baita Iruñeko katedraleko kanpai-dorreak ere. Eguraldia lagun den egunetan, Pirinioak eta Belateko gaztelua ikus daitezke. Beste aldean, berriz, Sakana osoa ikusten da, bai eta, ikusgaitasuna galtzen hasi baino lehenago, Aizkorriko San Adriango tunela ere. Gibelean, itsasaldeko mendiak daude. Tontorretik, dena ikusten da, baina mendia ez da inondik ikusten. “Ziurrenik, argi konexio bat egongo zen Done Mikelen eta Donezteberen artean. Sua izango zuten lotura. Etsaia Arabako lurretatik sartzen bazen, Aralarko monasterioa Larunbekoarekin jarriko zen harremanetan” azaldu du Pescadorrek.     
Informazio hori guztia harriak irakurriz interpreta daiteke. Adituek azaldu legez, monasterioa eraiki zutenak harginak ziren, eta nazioarteko estilo bati jarraitu zioten; izan ere, neurri guztiak asimetrikoak dira, eta abside guztiak eguzkiaren sorrerari begira daude. “Argi dago ez dela eskualdeko baserritarrek sortutako eraikina, baizik eta kanpoko profesionalek bertako harriekin eraikitakoa. Iruñeko Erresumak helburu politiko eta geoestrategikoarekin altxatu zuen”, Agirreren esanetan. Aralarkoak Sakanako korridorea zaintzen zuen; Larunbekoak, berriz, Iruñerriko sarbidea Sakanatik. “Ziur gaude bere garaian garrantzi handia izan zuela; alabaina, eraiki eta 200 urtera, oraindik Erdi Aroan, ez zuen aurrera egin, eta historiako lainoen artean galdu zen”.
Antzinako Nafarroako errege-erreginak ez ziren izan lekuaren kokapen estrategikoa beren mesederako erabili zuten bakarrak. Aspaldidanik, Harrihandiren gailurra oso erakargarria izan da gizakiarentzat. Agirrek azaldu legez, harkaitzaren gainean eta monasterioaren zoruaren artean lur maila bat dago, beltzagoa, garbia eta praktikoa. “Duela 2.000 eta 2.500 urteko aztarnak ageri dira gailurrean, erromatarren garaikoak, eta baskoien garaiko zeramika, burdinazko iltzeak eta txanponak aurkitu ditugu”. Erromatarren garaian, Astorga-Bordele errepideak, bide zinez garrantzitsuak, Euskal Herria zeharkatzen zuen; Harrihandi horri begira dago, guztia zaintzen.
Erantzunen bila
Indusketa lanek galdera berriak sortu dituzte, baina zaharrak ere erantzun beharko dituzte. Horietako bat euskararekin lotutakoa da. Izan ere, eremua euskalduna da, eta inguruko toponimiak euskal hizkuntzan hitz egiten du. XVI. eta XVII. mendeetako agiri zaharretan, hauxe irakur daiteke herrien testigantzetan: Jaundoneztebe haitza, Jaundoneztebe soroa, Jaundoneztebe larreak. “Argi antzeman daiteke herritarrek beren hizkuntzan ezagutzen zutela tenplu hau” dio Juantxo Agirrek. Aitzitik, izen arrotza erabiltzen zuten 1266an, San Esteban de Juslapeña. “Oso bitxia da. Zerbait gertatu zen bertako toponimoa aldatzeko. Kanpoko zerbaitek aldatu zuen izena, eta hori monasterioek baino ezin zuten egin” iritzi dio Aitor Pescadorrek. 
Arrazoi ezezagunengatik, eraikina gainbehera joan zen, eta azkenean ahanzturaren sasietan geratu zen. Hori da, beharbada, erantzun beharreko beste galderetako bat. Ostean, bi ermitatxo sortu zituzten bertan: San Esteban eta San Gregorio. Azkenekoak soilik egin zuen aurrera. Agiri zaharren arabera, XVI. eta XVII. mendeetan, erromeriak edo prozesioak egiten zituztenean, San Esteban ermita aipatzen zuten, bai eta monasterio zahar baten ondoan zegoela ere. “Uste dugu baseliza hura tenpluaren aztarnen gainean eraiki zutela. Ostean, San Gregorio delako baseliza bat aipatzen zuten, ondoan zegoena” dio Pescadorrek. Antza, XVII. eta XVIII. mendeetan, boladan zegoen San Gregorio izena Nafarroan. Herritarrek uste zuten ura santuaren burezurretik igarota larreak emankorrak izango zirela. Horregatik jarri zioten Larunbeko ermita berriari San Gregorio izena, eta mendiaren gailurrak ere izen bera hartu zuen. Hori da, hain zuzen, Aro Modernoan aipatzen den ermita, herriko aitona-amonek gogoan zutena.

Leiho bat iraganera
Aurkikuntzak Euskal Herriko erromanikoa nolakoa izan zen ezagutzeko aukera eskainiko du. Halaber, baskoiek zer-nolako bilakaera izan zuten jakiteko tresna izango da, erromatarren garaitik Nafarroako konkistara arte. Beste behin, herri dinamikak eta auzolanak ahalbidetu dute historia liburuko pasarte bat berridazten hastea, hots, hainbat belaunalditako herritarrek beren iragana berreskuratzeko bat egin dute. Joera hori, azkenaldian, indartzen ari da Nafarroan, eta oso fruitu aberasgarriak ematen ari da, Juantxo Agirrek dioenez: “Historia ofizialak eta kultur ondarearen aldeko politika ofizialek bide bat hartu zutenean, herritarrek beste bide bat hartu zuten, eta oso emaitza onak lortu dituzte. Aztarnategi hauetan guztietan  gure iraganerako leihoak irekitzen ari dira” azpimarratu du. Herriak egin zuen historia; beste batzuek, berriz, beren interesen arabera kontatu dute. Baina, orain, herria ari da historia berridazten, eta halaxe gordeko da etorkizunean.

Sajrat Qaysen itzala

Nafarroan, bada gotorleku mitologiko bat: Sajrat Qays. Inork ez daki non egon daitekeen, baina historialari guztiek aurkitu nahi dute. Hala, urteetan, bila eta bila aritu izan dira, emaitzarik lortu gabe. “Jakin badakigu mendi gailur batean dagoela, monasterio-kartzela baten antzekoa zela eta musulmanek begiko zutela, hots, aurkitu eta suntsitu egin nahi zutela” dio Aitor Pescadorrek. Larunbeko monasterioaren aztarnak loratzean, zenbaitzuk gotorlekuarekin lotura izan dezakeela pentsatu dute. “Jakin badakigu Iruñerriko sarbideetako batean egon behar duela, gailurrean, baina ez dago inolako informaziorik Larunberekin lotzeko; oso zaila da hori baieztatzea”.