“Euskarak beste unibertso baterako ateak irekitzen dizkit”

alvarez

Dani Alvarez (As Pontes, A Coruña, 1977) 1996an etorri zen Euskal Herrira, Leioako campusean kazetaritza ikastera, baina hemen geratzeko asmorik gabe. Ikasketak amaitu aurretik, ordea, beka bat lortu zuen Radio Euskadin, eta gaur egun bertako Boulevard irratsaioaren zuzendaria da. Bestalde, ETB2ko hainbat saiotan kolaboratzeaz gain, El lector de huesos amaitu berri du Paco Etxeberria forentsearekin batera. Esperientziak lagunduko zion 20. Korrikari buruzko dokumentalean parte hartzeko... M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Nola hartu zenuen 20. Korrikaren gaineko dokumentalean partaide izateko gonbidapena?
Proposatu zidatenean, euskara irakaslearekin komentatu nuen, zalantzak nituelako. Ez zen elkarrizketa txiki bat, istorio bat eraikitzea baizik, baina hark baiezkoa emateko konben-tzitu ninduen. Ez da erraza niretzat ikas prozesuan aurrera egitea: goizeko hiruretan altxatzen naiz, eta astean ordubeteko eskola izaten dut irakaslearekin. Hark etxerako lanak jartzen dizkit, baina poliki nabil, ahal dudan bezala.
Baduzu eperik hizkuntza eskakizunen bat lortzeko?
Ez, nire lanposturako ez da beharrezkoa, baina Garik, nire irakasleak, B2 maila lor dezadan nahi du. Gustatuko litzaidake, eta egingo dut, hori seguru, baina orain hasi zaizkit esaten El lector de huesos saioaren bigarren denboraldia egin nahi dutela udazkenerako. Horrela zaila da aurreratzea.
Zer da Korrika zuretzat?
Nire inguruan jende askok esaten du dagoeneko ez dela beharrezkoa, umeek eskolan edo ikastolan ikasten dutenez, hizkuntzak ez duela arazorik. Halere, konpromiso honi eustea, euskaltegietan jende piloa mugitzea, Iparraldetik Bizkairaino edota Nafarroaraino, ikaragarria da. Gaur egun ez da aldarrikapena, festa baizik, hizkuntza mugitzeko eta transmititzeko sinbolo bat. Niri asko gustatzen zait, ez dago horrelakorik Galizian edo Katalunian. Oso festa berezia da, konpromiso ikaragarria.
Noiz hasi zinen euskara ikasten eta zergatik?
Txurdinagako AEKn hasi nintzen 2002an, egunean bi orduz. Ez nuen motibazio berezirik behar izan, hemen nengoen eta kito. Euskarara hurbildu nahi nuen, mundu berri batera ireki. Oso ondo pasatu nuen, oso eskola interesgarriak ziren, eta ekintzak egiten genituen Gabonetan, inauterietan... Baina 2004an Ganbara irratsaioarekin hasi eta astirik ez nuenez, akabo euskaltegia! Hiruzpalau urte igaro nituen ezer ikasi gabe, EITBn Garirekin hasi arte.
Pentsatu zenuen inoiz euskara ez jakiteak lanerako ateak itxiko zizkizula?
Ez; hemen, Bilbon bereziki, euskara barik bizi ahal zara. Lanpostua euskara jakin gabe eskuratu nuen, 2005ean edo. Euskara azterketa eginda, puntu batzuk lortu nituen, baina lankide askok ez dute egin, eta EITBn euskara ez dakien jende piloa dago. Halere, nik lanerako iturri bat baino gehiago behar dut: zuen aldizkaria, Argia, Berria... beraz, garrantzitsua da niretzat euskara jakitea, baina ez dut sentitzen hizkuntza arazoa balitz bezala, aukera moduan baizik. Jakin nahi dut, baina ez euskara barik nire lan ibilbidea bukatu egingo litzatekeelako, hori ez dut inoiz sentitu, baizik eta beste unibertso baterako ateak irekitzen dizkidalako.
Zure Twitter kontuan oso tarteka botatzen duzu txio bat edo beste euskaraz. Gero eta gehiago izango dira?
Hala nahi dut. Nire irakasleak 24 orduko ordutegia dauka nirekin, kar-kar! Koherentziari eutsita, ikasten ari banaiz, mugitu beharra dut. Pausoz pauso, txio bat euskaraz, iritziren bat, aurkezpen bat... pixkanaka. Galizian edo Katalunian bi hizkuntza daude, eta, afari batean sei lagun biltzen badira, oso naturala da batzuek galegoz edo katalanez hitz egitea eta besteek gaztelaniaz. Hori hemen ez da gertatzen: ni bi euskaldunekin banago, azkenean denok amaitzen dugu gaztelaniaz, eta hori oso desatsegina da niretzat. Nik beti eskatzen diot jendeari euskaraz hitz egiteko, ulertzen ez badut galdetuko diet, baina ez aldatu hizkuntza nigatik, mesedez.
Euskaltegien iazko udako kanpainarako “albiste” bat grabatu zenuen, albistegia euskaraz hasi eta hemen denok euskaldunak ginela iragarrita. Emango ote duzu berri hori inoiz benetan?
Asko gustatuko litzaidake! Izan ere, noiz egongo da euskara normalizatuta? Bada, erabili nahi duzun hizkuntza aukeratzeko libre zarenean. Nik esfortzu bat egin behar dut hori lor dadin. Ulertzen badut, zeuk erabaki zein hizkuntzatan hitz egin niri, kito!
Erakunde publikoek nahikoa egiten dute?
Dagoeneko ez dut sinesten erakundeetan, agian urte asko daramadalako politikan lanean. Jendearen esku dago. Erabaki asko lagungarriak dira, baina gero pertsonek ez badute ezer egiten, ez da ezer lortuko. Ez dakit zer gehiago egin dezakeen Jaurlaritzak, baina nik ez dut ulertzen, adibidez, nire lagunek ez izatea interesik hizkuntzan. Euren seme-alabek ikasten dute, euskara jakingo dute, hemengoak dira... baina ez dute interesik. Errespetuz diot, baina ez da nire aukera. Jaurlaritzak gehiago egin dezake? Baliteke, baina gakoa pertsonok gara.
EITBren Sorrera Legean hizkuntzaren normalizazioa aipatzen da. Zer paper jokatzen du EITBk horretan?
Euskara ez dute salbatuko ez Jaurlaritzak, ez EITBk. Ikusle kopuruek diote gazteek Internetez ikusten dituztela gauzak. Badituzte saio batzuk, Go!azen, adibidez, baina euskararen unibertsoak ez badu diskurtso erakargarria egiten, euskarak beherantz egingo du. Gazteak naturaltasunez bizi dira euskaraz eta gaztelaniaz. Gure etxean gauza bitxi bat gertatzen da: hemen, Arnauk askotan deitzen dit papá; Galizian, aldiz, aita esaten dit. Batzuetan, marrazki bizidunak ingelesez ikusten ditu, abestiak euskaraz, telebista gaztelaniaz... Noiz hautatuko du zein hizkuntza erabili? Ez dakit, baina berak erabakiko du, eta seguru nago euskara ez duela EITBren saio bati esker erabakiko. Kike Amonarrizek beti esaten du hizkuntzek hainbat balio dituztela. Adibidez, alemanez jakinda, lana lortzea errazagoa da; edota bidaiatzeko, ingelesez jakin behar da. Zer ematen du euskarak? Galdera ona, diskurtso hori erabaki behar dugu, eta EITBk dagokion laguntza eman.
Halere, Radio Euskadik eta ETB2k euskarari eta euskal gaiei lekua eman beharko liekete?
Bai, ados nago horrekin. Ez zait normalizazio hitza gustatzen, euskaraz hitz egiten dutenak ere normalak baitira, baina Radio Euskadik edota ETB2k gehiago egin dezakete. Esaterako, Boulevardeko saio batean, tertuliakideei proposatu nien Lehendakariari galdera bana egiteko, eta Jon Maiak euskaraz egiteko baimena eskatu zidan. Bai, jakina, ez zegoen galdetu beharrik ere! Bada, euskaraz bota zuen galdera eta euskaraz erantzun zion Lehendakariak, arazorik ez.
Horrelako keinuek ez liokete entzule galera ekarriko Radio Euskadiri?
Ez, horrelakoak tarteka egin izan direnean heldu izan dira mezu batzuk Wathsapp bidez, kexaka, baina lasaitasunez hartu behar dira. Hiru iritzi hutsalengatik mugitzen bazara, ez duzu inoiz ezer egingo.
Alderdi politikoen presioa pairatu izan duzu lanean?
Bai, presioak hor daude, baina hori mundu osoan gertatzen da. Sokatira jokoa da: guri interesatzen zaigu, haiei ere bai... Baina hori gauza bat da, eta beste bat alderdi politikoek hedabide publikoetan hainbeste toki izatea. Egunaren 24 orduetatik lau eskaintzen bazaizkie, zortzi nahi dituzte. Nola lortu EITBren independentzia? Ez da erraza, baina erreferente desberdinak bilatu behar ditugu. Nik ez dut youtuberrik ezagutzen, baina ziur semeak bost urte barru bi youtuber jarraituko dituela, eta gu... zeri buruz ari gara? Autogobernua, bakea eta bizikidetza... politikarien gauzak! Ez dut esan nahi ez direnik garrantzitsuak, badira, baina egunero, beti, kontu berbera... Zertarako? Ezer ez egiteko! Lanpostuak, adibidez, ez dituzte politikariek sortzen, jendeak baizik. Politikariek gauza inportanteak egiten dituzte, baina ezin dira gure erreferente nagusia izan, beste ikuspegi bat bilatu behar dugu informazioa emateko eta entretenimendua egiteko. Gainera, dinosauro bat bezalakoak gara, oso handia. Euskadi Irratia eta Radio Euskadi lotzea ez da erraza, bakoitzak bere nortasuna du, baina ez da logikoa ibilbide ezberdinak egitea. Gauza bera bi telebistekin, koordinazio handiagoa behar dugu. Jende askok egiten du lan hemen, ia mila lagunek, eta erantzuna eman behar diogu gizarteari, baina hemengo askok oraindik ez daki euskaraz. Ibilbide argia falta da.
Eusko Legebiltzarrean EITBren erreforma landuko da. Zer uste duzu etorriko dela hortik?
Ezer ere ez. Sozialistek eredu bat daukate, baina egon ziren Jaurlaritzan. EH Bilduk bere proposamena aurkeztu du... 2022rako! Urte horretarako, agian mundua akabo! Ez daukat inolako konfiantzarik. Arazo piloa dago hemen barruan: langileen batez besteko adina ez da gaztea, sindikatuek dena nahi dute, politikariek dena nahi dute, lau kate, lau irrati... Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak erabaki piloa hartu behar dute, eta ez dute nahi, zaila delako. Inork ez du arriskurik nahi. Posible da telebista bat bi hizkuntzatan eta irrati bat bi hizkuntzatan egitea? Bai, baina garrantzitsuena da zer ematen duzun. Ez baduzu eduki interesgarririk, berdin da hizkuntza. Halere, ETBn egiten dira saio duinak. El lector de huesos, Ur handitan edota Herri txiki, infernu handi, kasu.
Zer eduki jarriko zenituzke edukien arduraduna bazina?
BBCko albistegietan, berri nagusiak Siriako gerra, klima aldaketa... dira. Gureak, aldiz, prentsaurrekoz beteta daude, eta diskurtsoak beti dira berdinak. Batzuek diote geure eredua behar dugula, euskal eredua. Badugu euskal eredua! Horixe da, hain zuzen: aurpegiak eta aurpegiak adierazpenak egiten. Niri, ordea, kaleko jendearen istorioak gustatzen zaizkit gehien, eta hori falta zaigu. Badago beharbada txikiak diruditen gauzak egiten diharduen jendea, horrelako elkarrizketetan konturatzen zara jende arruntak gauza interesgarriagoak kontatzen dituela politikariek baino. Ez naiz ausar-tzen esaten zer egingo nukeen edukien arduraduna banintz, baina beste guztiek badakite zer egin behar dugun: batzuen ustez, euskaltegia izan behar dugu; beste batzuen iritziz, alderdi politiko guztiak atera behar ditugu aldi oro... Baina gazteek ikusi ahal dute telebista euskaraz eta gaztelaniaz, eredu mistoa egin dezakegu, azpitituluak oso erabilgarriak dira...
Nor elkarrizketatuko zenuke eta ez duzu lortu?
Adibidez, Jose Maria Aznar. Eta, saiatu arren, oraindik ez dut lortu Josu Jon Imaz enpresaria elkarrizketatzea, edo Sanchez Galan. Enpresariek ez dute nahi izaten, ezta pentsatu ere! Confebasken edo CEOEn daudenak baino ez dira agertzen.
Bideoak irratiko izarra hil zuela zioen abestiak, baina ez telebistak ez Internetek ez dute irratia hil...
Ez pentsa, eutanasia eskatuko dugu, kar-kar! Duela 15 urte, edo gutxiago, lo hartu ezinik zeudenek irratia pizten zuten. Orain, aldiz, insomnioa daukanak ordenagailua edo tableta hartzen du, telesail bat ikusteko. Irratiak dagoeneko ez du gauez funtzionatzen, goizez oraindik badauka indarra, baina arratsaldez ere beherantz doa. Gauzak aldatzen ari dira.

KOLKOTIK

Musika talde bat? Iron Maiden.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Kazetaria.
Orain zer ez duzu izan nahi? Gudaria gerra batean.
Larunbat gauerako planik onena? Kontzertu bat lagunekin, ezagutzen ez nauten lekuren batean, dena eman ahal izateko.
Bi arrazoi euskara ikasteko? Semea, abestien hitzak ulertzea, beste unibertso batera irekitzea...
Galegoz badakizu? Bai, amak hitz egiten du. Aita Asturiaskoa zen, eta gaztelaniaz hitz egiten zuen.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Denok amaitzen dugula lana arratsaldeko bostetan.
Miresten duzun kazetari bat? Ez naiz mitomanoa, hainbat entzutea edo irakurtzea gustatzen zait.
Oporretan zaudenean, deskonektatzen zara mundutik? Ez, ezin dut. Gustatu egiten zait nire lana.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan? Natillak.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Musika entzun.
Irratia ala musika autoa gidatzeko? Musika. Futbol final batean, Athletic ala Deportivo de La Coruña? Athletic, baina nahiago partida Barçaren aurka bada.
Bi hitzetan, nolakoa da Dani Alvarez? Zintzoa izaten saiatzen naiz. Alaia ere banaiz, altxatzeko orduan izan ezik, kar-kar!