Itzulera doinuak

Sona handiko taldeak, ezezagunagoak, etenaldi labur zein luzeen ostean itzulitakoak… Hala nazioartean nola Euskal Herrian, ez dira batere ezohikoak bere garaian musika jarduna utzi eta ondoren  berriro ere oholtzara itzultzen diren musika taldeak. Itzultzeko arrazoiak, jarduna eteteko izandakoak bezala, askotarikoak izan ohi dira. Zaleen harrerari dagokionez, ere denetarik: itzulerak begi onez ikusten dituztenak, pozarren jartzen direnak, lekuz kanpoko erabakitzat jotzen dutenak… Finean, zenbat buru, hainbat aburu.
Euskal musikaren agertoki zabalean ere, tarteka, izaten dira halakoak. Berriki, adibidez, Urtz taldeak hamar urteko isiltasuna eten du, disko berria argitaratu eta kontzertuak emateari berriz ekinda. ashbad taldeak ere, hainbat urtez jo gabe egon ondoren, disko berria iragartzeak ikusmina piztu du. Adibideak, dena den, ez dira hor geratzen: Zarama, EH Sukarra, Balerdi Balerdi… Horiek horrela, ezagutu nahi izan ditugu eszenatokira itzultzeko erabakien atzean egon daitezkeen arrazoi, sentipen eta bizipenak. Eta, horretarako, zer hoberik musikariei eurei eta musika adituei galdetzea baino? Eñaut Mitxelena, Ivan Santamaria, M. Egimendi.

"Zaleekin berriro ere harremana izatea izan da handiena"

urtz

25 urteko ibilbidearen ostean, 2003ko urriaren 13an eskaini zuen azken zuzenekoa Urtz taldeak. Alabaina, 10 urteren ondoren, taldeko jatorrizko lau musikariak, Xabier Camarero, Asier Arozena, Victor G. Argüelles eta Josu Ariztegi, berriz batu eta oholtza gainera itzuli dira; gogotsu itzuli ere, euren ibilbideko zazpigarren diskoa, Astiro (Baga Biga), osatu eta kontzertuak emateari ekinda. Camarerok eta Ariztegik azaldu dizkigute itzuleraren ingurukoak.

 

“Dena nahi gabe izan da” dio Camarerok. “Bittorrek bazuen entsegurako lokala, eta aukera izan genuen bertan entseatzeko”. Hasieran, dena den, ez ziren laurak bildu: Arguelles eta Ariztegi, Camarero eta Arguelles... hala aritu ziren, egun batean taldeko jatorrizko lau kideak bildu ziren arte. “Entsegu horretan konturatu ginen oraindik ere bagenuela gauza piloa elkarrekin egiteko”. Konturatu eta egin. Hainbat hilabeteko lanaren ondoren iritsi dira kantu berriak eta kontzertuak. Taldearen aurreko kantuak eta berriak uztartzen dituzte kontzertuetan. Izan ere, Camarerok dioen moduan, “etapa ezberdinek beren musika dute, eta honek ere badu berea. Momentu jakin honetarako, musika berria ekarri dugu”.
Ilusioa”. Ados dira Ariztegi eta Camarero Urtzek itzuleran zer dakarren azaltzean. “Taldearen hastapenetan genuen ilusio berbera sumatu dut beste taldekideengan ere” zehaztu du Ariztegik. “Garai batean bezala, espektatibarik gabe hasi gara, eta konturatu gara denbora igaro ez balitz bezala dela: gure arteko giroa duela 20 urte genuen berbera da, lokalean betiko txantxak... Historia errepikatuko balitz bezala, baina kontuan hartuta orain beste ezagutza bat daukagula, esperientzia gehiago eta gauzak kontzienteago bizi izaten ditugula”. Horrenbestez, Camarerok dioen moduan, “gertatzen ari direnak beste begi batzuekin ikusten ditugu: saiatzen gara momentu bakoitza bizitzen, dastatzen, eta gauza horiek balioesten”. Edota, Ariztegik esan moduan, “orain taulara igotzean, bost zentzumen baditugu, gu zazpirekin ibiltzen gara. Momentu horiek denak nahi ditugu, ez dugu ezer galdu nahi. Intentsitate handiko egunak dira”.
Azken hilabeteotan, Camareroren ustez, “garrantzitsuena, agian, lagunak berreskuratzea izan da”. Era berean, “grabazio estudio batera itzultzea ere oso garrantzitsua izan da guretzat”. Haatik, zuzenekoek eragin dizkiete sentipenik bizienak: “Handiena, agian, jendearekin berriro ere harremana izatea”. Hamar urteko isilunearen ostean oholtza gainera itzultzeak zalantzak eragin baitzizkien: “Ez genekien jendea kontzertuetara hurbilduko ote zen ala ez, gure abestiak oroituko ote zituen...”. Alta, Durangoko Azokaren baitan, abenduaren 7an Plateruenan eman zuten lehen kontzertutik, harrera ezin hobea izan dute. Ariztegik dioenez, “lehenbiziko sorpresa izan zen aretoa ia-ia beteta ikustea: 700 lagunetik gora, eta sekulako giroa. Eta, halako batean, polita izan zen ikustea jendeak gure kantuak abesten zituela”. Gainera, “hainbat belaunalditako jendea zegoen. Bai gure adinekoa, baita duela hamar urte oso gazteak zirenak ere”. Camareroren aburuz, “agian, gure zale izandako guraso edota anai-arreba zaharragoei entzungo zizkieten gure abestiak, eta hala zaletuko ziren...”.
Zaleekiko harremana arretaz zaintzen ari dira Urtzekoak. Hala, taldearen lehen aroan ez bezala, “muntatze eta desmuntatze lanak ez ditugu geuk egiten, lantaldea osatu dugulako horretarako. Ondorioz, kontzertua bukatu bezain pronto, aukera daukagu taula gainetik jaitsi eta jendearekin harremana izateko. Hori zoragarria da”. Zoragarria eta, zaleen esanak entzuten dituzten heinean, aberasgarria. Ariztegiren hitzetan, “kontzertuetan, feedback moduan, bi mezu jaso ditugu: batetik, jende askok esan digu beraientzat oso garrantzitsua izan dela gure itzulera, gazte garaira itzuli izan balira bezala sentitu direlako; bestetik, eszenatokian nabaritzen dela gure arteko feeling-a, gustura gaudela sumatzen dela, eta horrek entzuleei ere gogo handiagoa ematen diela kontzertuetan parte hartzeko”. Giro horretan, dagoeneko anekdotak pilatzen hasiak dira taldekoak: “Plateruenan, esaterako, kontzertua amaitu eta hiru ordura erditu zen neska bat izan genuen. Kontzertuan uzkurdurekin izan zen”.
Aurrerantzean ere, izango dute anekdotak bizi eta biltzeko aukera, kontzertuak ematen jarraituko baitute. Camarerok azaldu duenez, “oraingo giroa mantentzen den bitartean, eta guk horrela jarraitzen dugun bitartean, honek segitu egingo du. Momentuz, unea bizitzen ari gara, eta polita izaten ari da”. Ariztegik zehaztu duenez, “ez dago aurreikuspenik. Disfrutatu, eta orain arte gauden moduan, gustura egon. Ondoren, denborak esango du”. Denborak bakarrik ez, musikarekiko grinak ere izango du zeresanik. Azken batean, Ariztegiren esanetan, “musikak badu zer edo zer berezia, mendean hartzen zaituena. Hortxe daukazu betiko”.

 "Ez zaizkit itzulerak gustatzen, eta ikuspegi musikaletik, ez dute funtzionatu"

elenaElena Lopez Agirreren aburuz, diruak baino gehiago, adinean aurrera egin ahala gaztetako grina berreskuratzeko gogoak bultzatu du talde askoren buelta Euskal Herrian.

Itzulerak ez dira fenomeno orokorra izan edo izaten ari euskal musikagintzan, Elena Lopez Agirre kazetari eta idazlearen esanetan. Edozein herriko jaixetan: Euskal Rockaren historia edo Txistutik Telecastererra liburuen egilea da Lopez Agirre, besteak beste. Hasieratik utzi du argi ez dituela oso gustuko halako bueltak. “Ez zaizkit gustatzen, eta ikuspegi musikaletik, esango nuke ez dutela funtzionatu. Akaso lehen baino hobeto joko duzu, baina zure mementoa galdu duzu”. Haren irudiko, askoz ere aberasgarriagoa da bestelako proiektu bat martxan jartzea, zerbait berritzailea bilatzea.
Badago, hala ere, musikariek sentitzen duten behar bat, zaletasun oso indartsua izan zena berreskuratzeko grina. “Nahiko eta Mirotz taldeko Aritz Ibañezekin egon berri naiz gai honi buruz hizketan. Uste dut belaunaldi kontua ere izan litekeela. Seme-alabak izan eta hezi dituzu, edo, besterik gabe, zeure burua bizitzan kokatu duzu. Hori eginda, gustatzen zaizunari berriro heltzeko aukera duzu” dio idazleak. Behinola taldean izandako tirabirak ere ahaztuta geratu ohi dira, denboraren poderioz. “Entsegu lokala mikrokosmos txiki bat da lagunekin egoteko, urteak gainetik kentzeko. Esperientzia hori ere bilatzen da”. Euskal Herritik kanpo ere 60ko hamarkadako talde ezagunek (Los Sirex edo Los Mustang aipatu ditu) antzeko erabakiak hartu zituztela gogoan du.
Dirua ez zaio faktore erabakigarria iruditzen, ez behintzat Euskal Herriko musikagintzan: “Oso talde gutxi bizi da musika egiteaz, eta bueltatzen direnen artean inor ez da iristen aspaldi lortu zuen tokira”. Interesa piztu zuen adibide bat aipatu du: Tijuana in Blue. “Itzulera horrek kontzertu asko ekarri zituen, baina, oro har, bigarren atalak ez dira onak izaten”.
Bakarlarien kasuan, argi dago norberarena dela jarraitzeko, gelditzeko edo itzultzeko erabakia. Haatik, talde lana denean, interes ezberdinen arteko talkak azaleratzen dira. Galderak hamaika orduko eztabaidak bete ditu musikazaleen artean: noraino da zilegi jatorrizko kide guztiak ez dituen talde baten itzulera? “Nire ustez, musika talde-lana da. Taldekide guztien arteko harremanetatik sortzen da emaitza. Horregatik ziren hain onak The Beatles. Batera egindako ahalegin horren emaitza ziren”, nabarmendu du Lopez Agirrek. Gertuko adibide batzuei errepasoa egin die, ahoan bilorik gabe. “Legezkoa ote da Barricadan gertatu dena? Legezkoa izango da, baina ez da zilegi. Ikonoak utzi ondoren aurrera egiteak ez du zentzurik. Disko bat atera dute eta ondoren utzi, hanka sartu zuten seinale”. Hurbilago ere ikusi izan ditu tirabira horiek, Lopez Agirre Potato taldean gitarra jo izan zuelako hastapenetan. “Udalak kontratatu zituen azken kontzertu bat egiteko, duela urte batzuk. Baina batzuek jarraitu dute. Agur esango duzula iragarri baduzu, agur esan behar duzu. Nire ustez, izena aldatu behar zuten, ez orain, baizik eta 1988an, hasierako bi abeslariek (Pedro Espinosa eta Juan Boriko) utzi zutenean”.
Taldeak, neurri batean, garatzen diren erakundeak dira. Tentsio hori jatorrizko kideen eta kide berrien artean sortzen da, utzi edo ez, itzuli edo ez, erabaki behar denean. “Itoizen egoera halakoa zen:proiektura biltzen azkenekoek ez zuten utzi nahi, baina Juan Carlos Perez eta Jose Garate nekatuta zeuden, Euskal Herrian puntatik puntara 28 aldiz ibilita”. Tentazioa, taldeetan ez ezik, ingurunean ere egon daitekeela uste du Lopez Agirrek. “Zerbaitek dirua ematen badu, egiten segitzea eskatuko dizun jendea izango duzu inguruan, beti”. Bueltatu direnak baino, itzuli ez direnak goratu ditu idazleak. “Pozten nau Hertzainak eszenatokietara bueltatu ez izanak. Egin zuten saio bat HellDoradon eta ederra izan zen, baina ez luke inolako zentzurik orain berriro hasteak”.

 "Eszenatokietan duela 30 urte bezala sentitzen garelako itzuli gara"

zarama

Zaramak 1984an atera zuen bere lehen LPa eta 1995eko Ibilaldian eskaini zuen ustez santurtziarren azken kontzertua izango zena. Alabaina, 2009an itzuli zen, Zarama birziklatua birarekin. Bigarren etapa honetan, bi lan argitaratu dituzte. Hiru hamarkada luzeko musika ibilbidea gogoratu dugu Roberto Moso (ahotsa) eta Joseba Lafuente (teklatuak) taldekideekin.


Horiekin batera, Tontxu Tabaresek (gitarra), Xabi Alvarezek (baxua) eta Ernesto Alavak (bateria) osatzen dute taldea. erretiratu zirenean ez zegoen Internetik, baina orain Facebooken 3.000 lagunetik gora dituzte, Mosok Zaramatimes bloga du... Hori da musika eszenara itzultzean aurkitu duten alderik handienetakoa: “Talde berriek sare sozialak behar dituzte ezagutarazteko, baina ezaguna izanez gero, asko dago irabazita. Gure bakailaoa lehendik zegoen salduta. Halere, sare sozialek balio izan ziguten bueltan ginela iragartzeko”.
Robertok dio “azken” kontzertuan “ziur” zeudela “betiko” zihoazela: “Nekatuta geunden, beti kontu bera: prentsaurrekoa diskoa aurkezteko, betiko galderak, bira... Eta ez genuen beste helburu batzuk bilatzeko aukera errealistarik ere, esaterako, kanpora joatea. Unea iritsi zen: edo denboran harrapatuta geratu, marmotaren eguna balitz bezala, edo utzi”. “Irabazia genuen erretiroaz disfrutatzeko beste diru!”, Josebak barrez.
Haatik, musikarekin lotuta jarraitu zuten nolabait, eta “afari musikalak” egiten: “Beti irteten zen itzultzearena, hor zegoen musikaren grina. Geure burua probatzeko, entsegu bat egin genuen”. Ondo pasatzeaz gain, “zerbait” geratzen zela ikusi zuten. Horrela iritsi zen Bermeoko Kafe Antzokian jotzeko parada: “Urduri geunden, baina primeran atera zen!”. Orduan, “proposamen tentagarria” egin zieten Lastur Bookin enpresakoek: “Bira bat oso baldintza onetan, aretoetan eta ekipo onarekin. Horrenbeste denbora pasatuta, ez geunden ezer eskatzeko moduan. Bigarren gaztaroa izan zen guretzat!”.
Denetariko jarraitzaileak aurkitu zituzten: “Batzuk, gure belaunaldikoak. Beste batzuk, helduak baina ez hainbeste, Ibilaldiko kontzertuan egondakoak edo zerbait entzuna zutenak. Eta banaka batzuk, oso gazteak, agian euskal rockaren historiaren ezaguleak”. Batzuetan, “uste baino kontzertu beroagoak” ere bai: “Uribarri auzoko jaietan oso giro ona egon zen: jendea gurekin batera abesten, kantak eskatzen... Alderantziz ere bai, Zorrotzako gaztetxeari laguntzeko jotakoa, kasu. Doan izan arren, erdia baino ez zen bete. Euria ari zuen, Athleticek jokatzen zuen... betiko aitzakiak, kar-kar!”.
Lehen Zarama “asteburuetako dibertsio pribilegiatua” bazen, orain “noizbehinkakoa” da. “Ezin dugu funtzionatu hori bakarrik egingo bagenu bezala, planteamendua errealistagoa da: ederto pasatzen dugu entseguetan eta tarteka ematen ditugu kontzertuak. Ez deitzen digutenean bakarrik, geure burua eskainita ere bai, batzuetan jendetzaren aurrean jotzea sari nahikoa delako. Esaterako, euskararen aldeko jaialdi handietan”.
Eszenatokian duela 30 urte bezala sentitzen dira, ilusioz: “Horregatik itzuli gara. Hainbeste urte pasatuta, hor gainean lagun taldea izaten jarraitzeak kristoren indarra ematen du. Hori bai, gauzak ondo egiten saiatzen gara, baina ez helduagoak garelako. Gaztetan LP osoak sortu behar genituen, eta orain lan hori eginda dago, 200 abesti inguru ditugu”. Kanta zaharrak, asko; eta berriak ere bai, sei-zazpi: “Ez dakigu zer egin. Pentsatzen gabiltza disko bat abesti gutxirekin atera edo gehiago egin eta LPra iritsi”. Mosoren ustez, ez dauka zentzu handirik LPa osatzeak, ez direlako saltzen: “Orain, erostekotan, abestiak banan-banan erosten dira Interneten. Hobe da zerbait laburragoa egin eta kontzertuetako sarrerekin batera oparitzea edo”. Halere, oso talde asanblearioa ei da, “batzuetan Sobietar Batasuna ematen dugu, kar-kar! Poliki hartzen ditugu erabakiak, presa barik”. Ea laster entzuten ditugun kantu berriak, banaka edo LPan bilduta!