Erruaren eta erantzukizunaren ‘Soka’

soka

Otsailaren 1ean estreinatu zuten Donostiako Victoria Eugenia antzokian Soka, Tanttaka Teatroak Victoria Eugeniarekin elkarlanean sorturiko lana. Eskola jazarpena gaitzat hartuta, Igor izeneko gimnasia irakaslea du protagonista. 11 urteko ikasle baten gorpua aurkituko du gimnasioan urkatuta. Irakaslea erruduntzat jota, ingurukoek baztertu egingo dute, eta, ondorioz, “bilaketa bati ekingo dio, non erruaren eta erantzukizunaren arteko mugak marraztuko diren”. Iñaki Rikartek jokatzen du protagonistaren rola Mikel Gurreak idatzi eta Fernando Bernuesek zuzendutako lanean. Antzerkigintza Berriak programaren baitan, Donostia 2016ren eta Antz3rkiz elkartearen (Bilboko Arriaga, Donostiako Victoria Eugenia eta Gasteizko Principal batzen ditu) arteko lankidetzaren emaitza da Soka.


zinegoakOTSAILAREN 20tik martxoaren 5era, Bilbo sexu aniztasunaren hiria izango da, Zinegoak Gaylesbotrans 14. Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiari esker. Izan ere, astebete irauten zuen jaialdiak bi asteko iraupena izango du aurten. Bilboko hainbat gunetan eskainiko dituzte zinema eta antzerki lanak, eta, besteak beste, genero-identitatea izango dute ardatz. Bi sari banatuko dituzte antolatzaileek urteon: batetik, Joao Pedro Rodrigues zinema egile portugaldarrak Ohorezko Saria jasoko du, bere ibilbide profesionalarengatik; eta, bestetik, sari berezia Ugandako LGTB Zinema Jaialdiarentzat izango da, LGTB pertsonen eskubideen eta ikusgarritasunaren alde egindako lanagatik. Bestalde, jaialdiaren aurretik eta ostean ere izango da zer ikusia: otsailaren 15etik 19ra, 3, 2, 1... Zinegoak aurrejaialdia egingo dute Bilbon bertan, hainbat ekimen eskainita: umeentzako jarduerak, bakarrizketak... Martxoaren 6tik aurrera, berriz, Euskal Herriko 30 herritan baino gehiagotan eskainiko dituzte 14. Zinegoak-en ikusitako zenbait lan. Horren guztiaren berri zehatza www.zinegoak.com gunean emango dute.

 

 

 

 

 

 

 

 

LABURREAN

EUSKAL ZINEMAK azken urtean emandakoak Bartzelonan izango dira ikusgai, otsailaren 9tik 25era, Bartzelonako Euskal Etxeak antolaturiko Zinemaldia.cat jaialdian. Guztira, 10 lan lehiatuko dira Urrezko Txapelak (Txapeles d’Or) eskuratzeko: Rockanrollers, Iragan gunea Berlin, Gutik Zura, Voces de Papel, Pedaló eta Irrintziaren oihartzunak dokumentalak; eta Acantilado, Igelak, El ataúd de cristal eta Gernika film luzeak. Horiez gain, 2016ko Kimuak katalogoko film laburrak eta Kalebegiak lana ere eskainiko dituzte. Zinemaldia.cat guneak biltzen du jaialdiari buruzko informazio guztia.

maratillaBOST EGUNEZ, euskal sorkuntzaz gozatzeko parada eskainiko du Kultur Maratila programak, Artedramak eta Kultur Leioak seigarren aldiz elkarlanean antolatuta. Otsailaren 1ean Amoranteren musika emanaldiarekin hasi zen. 2an, Beheko Larraine taldearen Atte hil aurretik antzezlana eskainiko dute; 3an, Ertza Dantza taldearen Hariak; 4an, ATX Teatroaren Fakiu eta Unai Elorriaga & Gibelurdinek-en Shane McGowanen gibela; eta, amaitzeko, Ruper Ordorikak kontzertua eskainiko du, hilaren 5ean.