Toni Erdmann

erdmann

Zuzendaria: Maren Ade. Gidoia: Maren Ade. Aktoreak: Sandra Hüller, Peter Simonischek, Lucy Russell, Trystan Pütter, Thomas Loibl. Alemania-Austria, 2016.

Istorioa: Ines aholkularia da Alemaniako enpresa handi batean, eta Bukaresten ari da lanean, enpresaren Errumaniako ordezkaritzan. Hotza, zorrotza eta eraginkorra lanean, guztia kontrolpean izan ohi du. Egun batean, aitaren bisita jasoko du; hark zoriontsua ote den galdetu eta Ines zer erantzun ez dakiela gelditu ostean, bisitak hankaz gora ipiniko dio bizitza.
Sariak: 2016an sari eta izendapen gehien jaso zituen film europarren artean izango da, ziur aski, Toni Erdmann, Cannesen aurkeztu zutenetik mordoxka jaso baitu. Bat aipatzearren, Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioak (FIPRESCI) urteko film onena izendatu zuen, eta iazko Donostiako Zinemaldian jaso zuen sari hori.
Onena: Drama ukituz zipriztinduriko komedia honek batetik bestera eramango gaitu etengabe, topiko eta errazkerietatik urruti eta batere kirrinkarik egin gabe. Samurtasuna orain, irribarrea gero, hunkidura eta tristezia ondoren, irriñoa geroago... hala askatuko dizkigu aitaren eta alabaren arteko harremanaren eta, batez ere, Ines bera katigatzen duten korapiloak.
Eñaut Mitxelena