Inun kantautorearen bigarren diskoa, ‘Da nola’

inun

Pop estiloan, hainbat euskal idazleren poemak musikatu ditu Inunek lan berrian. Gutun Zuria jaialdiaren azken bi edizioetan parte hartzeko eta 2015ean Bernardo Atxagaren Egunak ba doatsi emanaldian kolaboratzeko musikatu zituen poemek osatzen dute diskoa. Tartean dira Jon Miranderen Oianone eta Bernardo Atxagaren Egun finlandiar bat, aurretik Zaramak eta Garik musikatuak, hurrenez hurren. Halaber, Itxaro Bordaren, Castillo Suarezen, Jon Aranoren edota Miren Agur Meaberen poemak ageri dira lan honetan. Diskoaren izena, berriz, Karmele Igartuaren olerki batetik dator. Izan ere, olerkiak egiteko moduari ematen dio garrantzia Igartuak, eta Inunek ere gauza bera egin nahi izan du: disko honetako poema bakoitza melodia egokiarekin uztartzeko moduari eman garrantzia. Diskoa modu “epikoan” itxi du musikariak, heriotzara kondenatutako gazte baten istorioa kontatzen duen Estudiante kondenatua kantarekin, egile ezagunik gabeko bertso-sorta batetik hartua.


kokainLURPEKARIÄ diskoa kaleratu du Kokein taldeak, azkena (Izan) atera zutenetik lau urtera. Bitartean, ordea, taldekideak ez dira egon geldi. Lan berria horren erakusle: rock koordenadetan jarraitzen du taldeak, baina lana osatzen duten bederatzi kantuen artean hainbat rock eremu aurki daitezke. Ñabardura askotariko rocka, beraz, lan honetakoa. Diskoaren musika Bonberenean grabatu dute, Karlos Osinaga Txap-ekin; ahotsak, berriz, Donostiako REC estudioan. Victor Garciak (Ultramarinos Mastering, Bartzelona) batu eta ondu ditu bi grabazio lanak. Hainbat dira taldea disko berriaren aurkezpenean ikusteko aukerak: otsailaren 16an, Bilboko Kafe Antzokian; martxoaren 25ean, Amurrioko Burubio kultur elkartean; apirilaren 1ean, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean; eta maiatzaren 20an, Ermuko Vertigo Rock jaialdian.

 

hauHAU
Neighbor
Gaztelupeko Hotsak, 2016

Hamaika pieza batu dituzte Maite Larburuk eta Josh Cheathamek CD batez eta LP batez osatutako lan honetan. Azken hiru urteotan sorturiko kantuen bilduma gauzatzeko, Larburu abeslariak ukeleleak eta gitarrak erabili ditu, eta Cheathamek jotzen dituen gainerako instrumentu ugariak horietan oinarritu dira. Hala, ukeleleak, gitarra klasiko eta elektrikoak, shakuhachiak (flauta japoniarrak), musika kaxatxoak, pianolak, biolinak, viola da gambak, melodiak... entzuten dira disko honetan; eta klarinete baxua ere gehitu zaie, Carlos Taroncherren ekarpenari esker.

etsaiakNAUFRAGOAK
EtsaiakEroak
Baga-Biga, 2016

Etsaiak taldeko Auo abeslariak, oraingoan erotuta, lagun zaharrak eta berriak bildu ditu, bere inguruan talde indartsua batzeko. Alboan ahalik eta musikari emankor, trebe eta laguntzaileenak hartuta, agertokietan proiektu berriaren defentsa bikaina egitea du helburu. Taldearen osagairik naturalena da bateriaren eta baxuaren oinarri erritmiko trinkoen gainean eraikitako gitarra zorrotzen abiadura biziko soinua. Hard coreak, punkak eta metal azkarrak bitarteko, kontzertuetan jendea zoratzen jartzea da xedea, alegia, entzuleak mugiaraztea eurek agertokian gozatzen duten bitartean.