Lou Reeden hain zale ez direnei ere

reedLou Reed, mila esker
Askoren Artean
Tx, 2014.

Lou Reeden omenez argitaraturiko disko honetan arreta ematen duen lehenengo gauza Txuma Murugarrenen lana da. Hari egokitu zaio Reeden abestien testuak euskaratzeko eginbeharra, horrek dakarren guztia barne: hitzak itzultzea, bai, baina jatorrizko esanahiari eutsita eta, gainera, euskarazko itzulpena kantuaren doinuetara egokitzen saiatuta. Bada, zinez lan bikaina egin du, harrigarria ere zenbait abestitan. Funtsean, horixe aurkituko du entzuleak disko honetan: Lou Reeden hamar abesti, batzuk oso ezagunak, ilunagoak beste batzuk, zenbait euskal abeslarik (Garik, Evaristok, Maddi Oihenartek, Murugarrenek berak...) euskaraz kantatuta. Badakit ez naizela objektiboa, Rock'n'roll animal lehenengo aldiz entzun nuenetik Reeden zale sutsua bainaiz, baina benetan uste dut disko ederra atondu dutela omenaldi honen sustatzaileek, Reeden oso zale ez direnek ere gozatzeko modukoa. Bereziki nabarmentzekoak: Romeo had Juliette (Ruper Ordorika), A gift (amaierako gitarra solo horrekin) eta Sad song (Anari).