‘Nomada’ nobela, Etxeberriaren hirugarrena

etxeberria

Aitziber Etxeberriak (Zarautz, 1973) bere hirugarren nobela kaleratu du: Nomada (Erein, 2016). Kontakizuna Stalinen garaian kokatu du idazleak, eta Hanoin (Vietnam) hasten da; halere, 74 urteko protagonista errusiarrak bere bizitza aletzen duen heinean, eleberria beste leku batzuetara ere heltzen da, hala nola, Errusiara edota Euskal Herrira. Hain zuzen, hortik dator nobelaren izenburua ere. Intriga, espioitza konplotak eta gudaren oroitzapen oso gertukoak nahasten ditu eleberri honek, eta informazioa pixkanaka ematen du Etxeberriak, Nikolay Zaitsev protagonistak bezala, sekretu guztiak kolpe batean ez azaltzeko ahaleginean. Idazleak azaldu duenez, nobela honen jatorria Vietnamera egin zuen bidaia batean dago.
Etxeberriak birritan irabazi du Donostia Opera Prima saria, hain zuzen ere honen aurretik idatzitako bi eleberriekin: Tango urdina (Erein, 2003) eta 31 baioneta (Erein, 2007). Haur literaturako kontakizun bat ere badu argitaratua: Lapurrak dabiltza azokan (Erein, 2010).


garesIZARBEIBARKO IPUÑAK izeneko liburua kaleratu du Garesko Udalak, azken urteotan Nafarroako ibar horretako euskalkiaren inguruan egindako ikerketei jarraipena eman eta haren sozializazioa bultzatzeko asmoz. Aitor Arana idazleak jaso ditu liburuan ageri diren Izarbeibarko hamar kondairak, eta gazte literaturara eraman ditu, ibarreko euskalkia erabiliz idatzita. Argitalpenaren helburua da “egungo euskara batuari kolore gehiago ematea, bertoko euskalkiari esker, lagun artean eraginkorragoa eta erakargarriagoa bihurtuta”. Kondairak, hortaz, tresna baino ez dira helburu linguistikoak lortzeko. Proiektuan, ibarreko bost artistak hartu dute parte ipuinak ilustratzeko: Maribel Tenak, Xabi Velezek, Amaia Aizpunek, Kepa Colomok eta Karol Colomok. Liburua Garesko udaletxean eskura daiteke, 6 euroan.

 

alsinaALSINA
Xabier Mendiguren Elizegi
Elkar, 2016

Emakume bat AEBetatik Euskal Herrira dator 1980. urtearen hondarrean, hegazkinez. Berrogei urte lehenago, emakumearen gurasoak gerratik ihesi joan ziren Ameriketara, Frantzian barrena. Bi istorio lotzen ditu Alsina izenak: bi gazte iheslariak eraman zituen itsasontziarena eta haien alabarena. Aldi berean, idazleak Euskal Herriko historiako une giltzarriekin korapilatzen ditu bi istorio horiek, euskal gizartea azken 30 urteotan baldintzatu duten gertakari nagusiekin, alegia.

 

 

klasikoKLASIKO BITXI, ARRONT KLASIKO
Joxemiel Bidador
Aritz Galagarraren edizioa
Pamiela, 2016

Bidadorrek maisuki uztartu zuen euskal literaturari buruzko ikerketa zorrotza haren zabalkundearekin, eta 400 artikulu baino gehiago argitaratu zizkioten Euskal Herriko egunkari eta aldizkarietan. Gehienak bildu dira liburu honetan, eta  euskarazko literaturaren nolabaiteko alde ezezaguna agerrarazten dute, B alde moduko bat, finean. Ez da euskal literaturaren historia ohikoa, euskal literaturaren historia osatzera datorren liburua baizik.