Azken patriarka

patriarkaNajat El Hachmi
Itzultzailea: Jexux Mari Zalakain
Txalaparta, 2016

Boterera iristea ez da zaila; batzuetan, jaio besterik ez da egin behar. Halaxe gertatu zitzaion Mimun Driutxi, haren ama aurrenekoz erditu zenean haurtxo zakildun bat izan baitzuen.
Halaxe gertatu zitzaion, eta pribilegioz beterik jaio zen; batez ere, emakume izendatutakoen konturako pribilegioz josita. Izan ere, batek pribilegioak baldin baditu, beste bat azpiratuta dago beti.
Halaxe gertatu zitzaion, bai, Mimun Driutxi: boteredun jaio zen. Boterera iristea ez da zaila; eustea, ordea, konplexuagoa da. Hain zuzen ere, botereari eusteko etengabeko ahalegin hori da Mimun Driutxen bereizgarria. Ez diezaiola inork zakila txikitu (edo bere botere gunetik bota).
Eleberrian, Mimun Driutxen alabak kontatzen digu aita patriarkaren istorioa; alabaren begien iragazkitik igaroa, beraz. Horrexek kentzen dio boterea, izenburuak dioen bezalaxe, azken patriarkari.
Estilo arin, bizi eta zorrotzez kontatu digu Najat El Hachmi idazle kataluniarrak Marokon hasi eta Bartzelona inguruan amaitzen den kontakizuna; kontakizun gordin bezain gogorra.
Gizarte (ohitura, sinesmen, kultura, politika) matxisten makineriaz jabetuko da irakurlea, eta argi ikusiko ez dela Marokon jaio behar patriarka izateko… Ziur bainago ezagunak egingo zaizkiola azken patriarkaren trikimailuak.
Alaitz Andreu Eizagirre